EAEko etxebizitza kopurua %5 baino gehiago handitu da azken hamarkadan

2023ko urtarrilaren 1ean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako etxebizitza parkea 1.081.647 unitatekoa da, Eustaten arabera

Bilboko etxebizitza batzuk | Argazkia: iStock Bilboko etxebizitza batzuk | Argazkia: iStock

EAEko etxebizitza parkeak etengabeko hazkundea izan du azken hamarkadan. Ondorio hori atera daiteke Eustatek landu dituen azken datuetatik. Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkean azken hamar urteetan 53.896 unitate gehiago zenbatu dira, %5,2ko hazkundea izan delarik. 2023ko urtarrilaren 1ean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako etxebizitza parkea 1.081.647 unitatekoa da. 

Lurralde historikoen arabera, hazkundea antzekoa izan da hiruetan. Arabak izan du igoera handiena, %5,6koa eta 8.997 etxebizitza gehiago daude egun. Gipuzkoan 17.441 etxebizitza gehiago zenbatu dira, eta hazkundea %5,2koa izan da; Bizkaian 27.458 etxebizitza gehiago daude, %5,1eko igoera 2013ko datuekin alderatuta.

EAEko etxebizitza parkeak duen milioi bat unitateetatik, 560.845 etxebizitza Bizkaian daude, hau da, parkearen %51,9. Gipuzkoan 351.859 etxebizitza daude (guztizkoaren %32,5), eta gainerako 168.943 etxebizitzak Araban daude (%15,6). Halaber, ia etxe guztiak familia-etxebizitzak dira, hau da, %85,6k ohiko bizileku gisa erabiltzen du. Gainerako %14,4a bigarren etxebizitzei edo hutsik daudenei dagokie. 

2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 925.373 familia-etxebizitza nagusien artean, jabetza pribatua da ohikoena, etxebizitza guztien %83,3 baitira (770.558 etxebizitza). Bestalde, iaz 137.123 etxebizitza zeuden alokairuan, guztizkoaren %14,8. Iaz denera 6.604 etxebizitza gehiago zenbatu dira alokairuan, hau da, 2013an baino %5,1 gehiago.

Hiriburuei dagokienez, Bilbok izan du alokairuzko etxebizitzen igoerarik handiena, %7,3, ondoren, Gasteizek %3,9 eta azkenik, Donostiak %3,7.

2023an, EAEn batez besteko familia-etxebizitzetan 2,4 pertsona bizi dira. Pertsona bakarreko etxebizitzak familia-etxebizitza nagusi guztien %30,5 dira, eta ehuneko 0,5 puntuko igoera izan dute aurreko urtearen aldean, hau da, 6.189 unitate gehiago.

EAEko familia-etxebizitzen parkearen batez besteko adina 48,7 urtekoa da. Lurraldeka, parke modernoena Arabari dagokio (42,7 urte), gero Gipuzkoari (batez beste 49,1 urte) eta azkenik Bizkaiari (50,3 urte). Halaber, etxebizitzaren batez besteko azalera erabilgarria 87,5 metro karratukoa da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK