EAEko foru ogasunen zerga bilketa %6,3 handitu da 2023an

18.212,5 milioi euro bildu ziren iaz zergetan. PFEZaren diru sarrerak %9 handitu ziren eta sozietateen gaineko zergarenak %21

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilerako osteko agerraldia | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilerako osteko agerraldia | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek 18.212,5 milioi euro bildu zituzten 2023an zergetan. Kopurua 2022an baino %6,3 handiagoa da, 1.081,8 milioi euro gehiago hain zuzen ere. Zuzeneko zergetan, PFEZaren diru sarrerak %9 handitu dira, eta sozietateen gaineko zergarenak %21. Zeharkakoei dagokionez, BEZaren zergaren diru bilketa egonkortu egin da, batik bat, oinarrizko elikagai batzuen eta energia produktuen tasa murrizketak direla eta.

Herri Dirubideen Euskal Kontseilua bart elkartu zen iazko datuak aztertzeko. Ingurumen arloko bi zerga berri ezarri ziren iaz: plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezia (25,4 milioi euro) eta zabortegietako hondakin-metaketen gaineko zerga (10,7 milioi euro).

Lurraldeka, Arabako Foru Aldundiak 2.841,2 milioi euroko diru sarrerak izan ditu zergetan, 2022an baino %4,1 gehiago. Bizkaiko Foru Aldundiak 9.411 milioi euro (%6,9 gehiago), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 5.960,3 milioi euro, aurreko ekitaldian baino %6,5 gehiago.

Espainiako Estatuari egindako ordainketen ostean, ekarpenen likidazioaren azken zenbatekoa 12.074,9 milioi eurokoa izan da, aurreikusitakoa baino 173,8 milioi euro gehiago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK