Eustaten azken datuen arabera, EAEn hoteletako sarrerak %1,8 murriztu dira uztailean, iazko hilabete berarekin alderatuta. Era berean, gaualdiak handitu egin dira %1,8. Denera, 387.004 sarrera eta 818.058 gaualdi izan dira uztailean.
Lurraldeka, Araban, aurreko urteko uztailean baino %5,2 bisitari gutxiago izan dira (55.402), eta %3,5 gaualdi gehiago. Bizkaian sarrera kopurua 2023ko uztailean baino %2,6 txikiagoa izan da, eta gaualdiak %0,3 handitu dira. Gipuzkoan, aldiz, 157.856 sarrera zenbatu dira, iazko epe berean baino %0,2 gehiago, eta 356.005 gaualdi (%2,7 gehiago).
Hiriburuei dagokienez, sarreren kopuruak gora egin du Donostian (% 4,5), eta behera Gasteizen (% 4,8) eta Bilbon (% 3,1). Gaualdi kopurua, aurreko urteko uztailaren aldean, %8,1 igo da Donostian eta %5,9 Gasteizen; Bilbon, berriz, %0,9 jaitsi da.
EAEko hoteletako batez besteko egonaldia uztailean 2,11 egunekoa izan da, 2023ko hilabetekoa (2,04 egun) baino handiagoa.
Halaber, 2024ko uztaileko betetze maila %71,6koa izan da plazen arabera neurtuta, eta %80,7koa logelen arabera neurtuta. 2023ko uztailarekin alderatuta, okupazioa ehuneko 1,2 puntu jaitsi da plazen arabera neurtuta, eta 1,3 puntu logelen arabera neurtuta.
Azkenik, hoteletako eguneko batez besteko tarifa 138,38 eurokoa izan da 2024ko uztailean, hau da, %7,7ko igoera izan da aurreko urtearekin alderatuta.