Ez dira industriarentzat garai onenak. Eustat estatistika erakundearen arabera, 2024ko azaroaren industria produkzioa %1,6 apaldu zen, iazko epe beraren aldean. Gainera, urtarriletik azarora arteko ekoizpen metatua %1 jaitsi da.
Aitzitik, 2024ko urriarekin alderatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko industria jarduera %0,8 handitu da.
Ondasunen helburu ekonomikoen arabera, kontsumo ondasunetako produkzioak urte arteko portaera negatiboa izan du 2024ko azaroan, eta produkzioa %0,8 jaitsi da sektore osoan. Apaltze hori batez ere kontsumo ondasun iraunkorren portaerari zor zaio, horien produkzioa %4,7 jaitsi baita.
Ekipo ondasunen produkzioa, %2,8 murriztu da aurreko urteko azaroaren aldean. Hemen sartzen dira ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen eraikuntza eta aeronautika edo ontzigintza.
Bitarteko ondasunetan, metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa barne, produkzioa %1,5 jaitsi da.
Energiaren produkzioa, aldiz, %2 hazi da 2024ko azaroan, aurreko urteko epe beraren aldean. Sektore honetan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea.