EAEko nekazaritza indartzeko hainbat berrikuntza esperimentu abiatu ditu Neikerrek

Baltsan izeneko egitasmoaren bitartez, 40 hektarea baino gehiago erabiliko dituzte gariaren jasangarritasuna neurtzeko edota intxaurrondoa, hurritza eta almendrondoa landatzeko aukerak ebaluatzeko

Argazkia: Neiker Argazkia: Neiker

Lehen sektorean berrikuntza sustatzeko lanean dihardu Neiker zentro teknologikoak. Eraldaketa ekologiko eta digital bete-betean aurkitzen da nekazaritza, eta erronka ugari ditu aurretik, hala nola biodibertsitatearen galera eta lurzoruen pobretzea, belaunaldien arteko errelebo eza edota kontsumitzaileen eskaera berriak. Erronka guzti hauei aurre egiteko, Baltsan izeneko egitasmoa abiatu du Neikerrek, nekazaritza jasangarria eta lurzoruen osasuna babesteko “saiakuntza esperimentalen sarea”.

Epe luzerako esperimentua gauzatuko du euskal zentro teknologikoak, eta Derion (Bizkaia) eta Arkautin (Araba) dituzten lursailak erabiliko dituzte esperimentuok egiteko. “Eremu horiek ‘living labs’ edo laborategi bizi gisa funtzionatuko dute, eta, funtsezko ezagutza sortzeaz gain, EAEko nekazaritzako elikagaien ikerketaren saiakuntza eta erakustoki bihurtuko dira”, adierazi du Carlos Garbisu zentroaren zuzendari zientifikoak.

Sei ikerketa eremu izango ditu esperimentuak: zerealak, mahastiak, fruta oskolduneko zuhaitzak, txandakako larregintza birsortzailea, baso monitorizazioa eta finka konbentzional eta ekologikoen errotazioak. Hala, 40 hektarea baino gehiago erabiliko dira entseguak egiteko.

Besteak beste, gari konbentzioanalaren eta ekologikoaren errendimendua eta jasangarritasuna alderatzea, intxaurrondoa, hurritza edo almendrondoa bezalako fruta oskoldunen zuhaitzak landatzeko aukera ebaluatzea, txandakako artzaintza birsortzailearen bideragarritasuna zehaztea, edo nekazaritza praktikek lurzoruaren osasunean eta biodibertsitatean duten eragina ebaluatzea izango dira Baltsan proiektuak gauzatuko dituen ikerketa lerroak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK