EAEn %0,7 igo dira merkataritza salmentak 2024ko hirugarren hiruhilekoan

Hiru lurralde historikoetan hazi dira salmentak, gehien bat Gipuzkoan (%1,2), baina baita Araban (%0,8) eta Bizkaian (%0,4) ere

Landun kopurua %2,1 hazi da merkataritza sektorean| Argazkia: iStock Landun kopurua %2,1 hazi da merkataritza sektorean| Argazkia: iStock

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratu berri dituen datuen arabera, hirugarren hiruhilekoan %0,7 igo dira merkataritza sektoreko salmentak EAEn, prezio konstanteetan eta egutegiaren ondorioak atera ondoren. 2024ko bigarren hiruhilekoaren aldean ere igoera egon da, baina kasu horretan %0,1ekoa. 2024ko urteko metatuan, ordea, %0,4ko beherakada egon da.

Sektoreka, urte artean hazkundea izan da, bai motordun ibilgailuen salmenta eta konponketaren sektorean (%3,5), baita txikizkako merkataritzen sektorean (%4,2). Kontrara, urte artean handizkako merkataritzaren sektorean gutxiago saldu da; zehazki, %1,9 beheratu dira.

Sektore horien salmentak urte honetako aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, txikizkako merkataritzarenean soilik igo dira, %1,7. Gainerako sektoreetan txikitu egin da salmenta kopurua: motordun ibilgailuen salmenta eta konponketaren sektorean %1,9, eta handizkako merkataritzan %0,9.

Urte arteko metatuaren beherakada handizkako merkataritzaren sektoreak eragin du, %3,3ko jaitsiera izan baitu hiru hiruhilekoak kontuan izanda. Ibilgailuen eta hauen konponketen sektoreko salmentak eta txikizkako merkataritzakoak igo egin dira urteko metatuan, %9,5 eta %2,2, hurrenez hurren.

Hiru lurralde historikoen datuak aztertuta, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean emaitza positiboak izan dira, gora egin baitute salmentek Gipuzkoan (%1,2), Araban (%0,8) eta Bizkaian (%0,4). 2024ko bigarren hiruhilekoaren aldean ere, Bizkaian izan ezik (-%0,3), hazi egin dira salmentak Araban eta Gipuzkoan, %1,0 eta %0,4, hurrenez hurren.

Azkenik, landun kopuruari dagokionez, %2,1ean handitu da indizea aurreko urteko hiruhilekoaren aldean. Aurreko hiruhilekoaren aldean ere %0,5 igo da langile kopurua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK