EAEn batez beste 612 euro gastatzen ditu turista bakoitzak

'Ibiltur 2024' txostenaren arabera, bisitatzen gaituztenen motibazio nagusiak gure hiriburuak, gastronomia eta lurraldean egin daitezkeen ibilaldiak dira

Donostiako Kontxako pasealekua | Argazkia: iStock Donostiako Kontxako pasealekua | Argazkia: iStock

Euskal Autonomia Erkidegora datozen turisten portaera, motibazioak eta profilak aztertzen dituen Ibiltur 2024 txostena kaleratu berri da. Azterlanaren aurkezpenean izan dira Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria Daniel Solana.

Sailburuaren arabera, txostenaren lehen ondorio garbia desestazionalizazioaren hazkundea da. Desestazionalizazioa turismo-leku batekiko interesa dibertsifikatzea eta urte osoan egonkor mantentzea lortzea da, eta kasu honetan EAEko turismo-estrategiaren oinarrietako bat da. 2023an %8,3 hazi da 2022aren aldean, baina hazkunde hori uda sasoiko hilabeteetatik kanpo eman da, uztailean eta abuztuan %0,4 baino ez da hazi. Hazkundea eskaintzaren dibertsifikaziogatik lortu dela azaldu du Hurtadok.

Gurera datozen bisitariek batez beste 4,1 eguneko egonaldiak egiten dituzte. Halaber, sailburuak azaldu duenez, pandemiaren ondoren, nazioarteko bisitariak berreskuratzeko eta handitzeko estrategia zabaldu da. Turismo hau hazi egin da eta guztizkoaren ia %45 da. 

Txosteneko bigarren ondorio garrantzitsua erkidegoan eskaintza turistikoa eta eskaria ezin hobeto egokitzen direla da. Bisitatzen gaituztenen motibazio nagusiak gure hiriburuak, gastronomia eta lurraldean egin daitezkeen ibilaldiak dira.

Beste datu batzuei erreparatuz gero, EAEn batez beste 612 euro gastatzen ditu turista bakoitzak, hau da, 2019an baino %19 gehiago. Eta zuzeneko gastua, guztira, 1.982 milioi eurokoa da urtean, 2019an baino %10 gehiago.

Gogobetetze-mailari dagokionez, balioak oso positiboak dira (%99), baita helmugaren kalitatearen balorazioa ere. Garrantzitsuena da atxikipen-tasa hobetu dela; 12 puntu igo da, %66ra arte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK