EAEn langabezia tasa %7,5an kokatu da 2024ko bigarren hiruhilekoan

Eustatek argitaratutako datuen arabera, egun 80.100 langabe daude erkidegoan

Lanbideren bulego bat | Argazkia: Irekia Lanbideren bulego bat | Argazkia: Irekia

Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa %7,5an kokatu da 2024ko bigarren hiruhilekoan, Eustatek ostegun honetan jakinarazi duenez. 2024ko lehen hiruhilekoan baino lau hamarren txikiagoa izan da langabezia tasa. Apirila, maiatza eta ekaineko datuek aurreko hiruhilekoan baino 11.700 landun gehiago eta 4.500 langabe gutxiago islatzen dute.

2024ko bigarren hiruhilekoaren amaieran, beraz, 80.100 langabetu zenbatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta landunak, berriz, 992.600 dira. Hala, pertsona landunen kopurua %1 igo da; zerbitzuen sektoreak 10.100 landun gehiago ekarri ditu, lehen sektoreak 1.000 gehiago eta 900 gehiago eraikuntzak; industrian, aldiz, 300 landun gutxiago zenbatu dira. Langabeei dagokienez, langabezia-tasa lau hamarren jaitsi da (%7,9tik %7,5era); beraz, 4.500 pertsonak langabezian egoteari utzi diote EAEn.

Lurraldeka, Bizkaian biztanleria aktiboaren %8,6 dago langabezian, Araban ez da aparteko aldaketarik izan, eta %7,7an kokatu da. Gipuzkoan zazpi hamarren jaitsi da langabeen kopurua, tasa %5,6ra jaitsiz.

Era berean, 2024ko bigarren hiruhilekoan jarduera tasa %56,6koa izan da, aurreko hiruhilekoan baino 0,2 puntu gehiago. Landunen kopurua gehiago emakumeen artean handitu da (8.300 gehiago) eta gizonezkoen artean 3.400koa izan da igoera. Okupazio tasari dagokionez, gizonen artean dago oraindik okupazio tasa handiena, %73,9ra igo baita. Emakumeena, %67,9ra igo da.

Kontratazio motari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonak 10.900 gehiago dira bigarren hiruhilekoan, eta 2023ko epe berarekin alderatuta, 31.500 gehiago dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK