EAEn langabezia tasa %7,9an kokatu da 2024ko lehen hiruhilekoan

Martxo amaieran 84.600 langabetu zenbatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; landunak, berriz, 980.900 dira.

Lanbideren bulego bat | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Lanbideren bulego bat | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa %7,9an kokatu da 2024ko lehen hiruhilekoan, Eustatek gaur jakinarazi duenez. 2023ko laugarren hiruhilekoan baino zazpi hamarren handiagoa izan da langabezia tasa. Urtarrila, otsaila eta martxoko datuek 1.500 landun eta 9.100 langabe gehiago islatzen dituzte.

2024ko lehen hiruhilekoaren amaieran, beraz, 84.600 langabetu zenbatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta landunak, berriz, 980.900 dira. Hala, pertsona landunen kopurua %1,8 igo da, 17.800 pertsona gehiago; zerbitzuen sektoreak 11.500 landun gehiago ekarri ditu, industriak 6.800 gehiago eta lehen sektoreak 100 gehiago; eraikuntzan, aldiz, 600 landun gutxiago zenbatu dira. Langabeei dagokienez, langabezia-tasa ehuneko puntu bat jaitsi da (%8,9tik %7,9ra); beraz, 9.400 pertsonak langabezian egoteari utzi diote EAEn.

Lurraldeka, Bizkaian biztanleria aktiboaren %9,41 dago langabezian, Araban, %7,8 eta Gipuzkoan %6,9.

Era berean, 2024ko lehen hiruhilekoan jarduera tasa %56,4koa izan da, aurreko hiruhilekoan baino 0,5 puntu gehiago. Landunen kopurua gehiago gizonezkoen artean handitu da (3.500 gehiago) eta emakumezkoen artean apaldu da (2.000 gutxiago). Era berean, gizonen artean dago oraindik okupazio tasa handiena, %73,2an mantentzen baita. Emakumeena, aldiz, %66,6ra jaitsi da.

Kontratazio motari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonak 10.300 gehiago dira lehen hiruhilekoan, eta 2023ko epe berarekin alderatuta, 31.600 gehiago dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK