EAJ izan da alderdi bozkatuena, EH Bildurekin 27na jarlekuetan berdinduta

EAJk ia 29.000 botoko aldea lortu du eta ezker subiranistak 300.000 bozkaren langa gainditu du. Bestalde, PSE-EEk 12 legebiltzarkide eskuratu ditu (+2), PPk 7 (+1) eta Sumarrek eta Voxek, bana

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia koalizio subiranistak lortutako emaitzak ospatzen | Argazkia: EH Bildu Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia koalizio subiranistak lortutako emaitzak ospatzen | Argazkia: EH Bildu

EAJ eta EH Bilduk 27 eserleku eskuratu dituzte 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, baina alderdi jeltzalea izan da bozkatuena, 28.819 botoko aldearekin. Bilbon, EAJ eta EH Bilduren arteko aldea 27.766 botoetakoa izan da. Koalizio subiranistak emaitza "historikoak" lortu ditu, izan ere, ia 350.000 bozka bildu ditu, (341.735). Datozen lau urteetako gobernua inoizko abertzaleena izango da, izan ere, 75 eserlekuetatik 54 EAJ eta EH Bilduren artean banatuko dira.

Bestalde, PSE-EEk gora egin du, botoetan eta eserlekuetan, eta hala datozen lau urteetan 10 legebiltzarkide izatetik, 12 izatera pasako da Eneko Andueza buru duen alderdiak. Botoetan, orain dela lau urte baino 27.412 boto gehiago lortu ditu. Alderdi Popularrak ere gora egin du, 36.000 boto gehiago eta jarleku bat gehiago lortuz, denera zazpi. Eskuin muturrak, Vox-ek, egun duen legebiltzarkide bat mantentzea lortu du.

Halaber, ezker konfederalak emaitza kaskarrak lortu ditu. Orain dela lau urte ez bezala, aurtengo hauteskundeetan bananduta joan dira Sumar eta Podemos. Sumarrek legebiltzarkide bat izango du, eta Podemos-ek ez du ordezkaritzarik izango. 

Lurraldeka, EH Bildu lehen indarra izan da Araban. Koalizio subiranistak zortzi legebiltzarkide eskuratu ditu, 2020an baino bi gehiago. EAJk, aldiz, bi parlamentari galdu ditu, eta zazpi izango ditu. Sozialistek hirugarren lekuan jarraitzen dute, eta orain dela lau urte lortu zituzten lau eserlekuei eutsi diote. PP hiru eserleku izatetik lau izatera pasa da, eta Sumarrek eta eskuin muturrak ordezkaritza bat izango dute.

Bizkaian, EAJk jarraitzen du lehen postuan, baina eserleku bat galdu du, eta 11 izango ditu. EH Bilduk gora egin du, 2020an baino bi parlamentari gehiago eskuratuz. Bestalde, PSE-EE 3 ordezkaritik 4ra igo da, eta PPk mantendu egin ditu egungo 2ak.

Azkenik, Gipuzkoan, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena, eta denera 11 legebiltzarkide eskuratu ditu. EAJk, Bizkaian bezala, parlamentari bat galdu du, eta bederatzi eserleku lortu ditu lurraldean. Anduezaren alderdiak jarleku bat gehiago lortu du, guztira lau, eta popularrek eutsi egin diote egungo bakarrari.

Ostiral honetan, atzerriko botoa zenbatuko da eta Gipuzkoan, PSE-EEk eserleku bat galdu lezake EH Bilduren mesedetan. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK