Ituna Zentroak XIII. Ituna jardunaldia egingo du gaur Bilbon. Ekonomia Itunaren zeharkako adostasuna: berezitasun bat euskal sistema politikoan izenburupean, Itunak EAEko ordezkari politiko gehienen artean duen babesa aztertuko dute besteak beste. Kontzertu Ekonomikoaren bilakaera historikoa errepasatzeko tartea ere izango da, eta horretaz arduratuko da Eduardo J. Alonso Ituna Zentroko zuzendariordea eta EHUko Historia Garaikideko departamentuko ikerlaria. Itunaren lehen etaparen nondik norakoak azalduko ditu, 1878an, hirugarren gerra karlista amaitu berritan, Antonio Canovas del Castillok onartu zuen lehen dekretutik, Francoren estatu kolpea eta ondorengo gerra zibileraino.
Nolakoa izango da Itunaren gaurko jardunaldia?
Hamahirugarren edizioa izango da. Ituna Zentroa 2007tik da martxan, eta 2011tik ari gara jardunaldi hau antolatzen urtero. Urteren batean bi ere egin ditugu, Itunaren efemerideren bat izan denean.
Aurten Ekonomia Itunaren zeharkako adostasuna: berezitasun bat euskal sistema politikoan izenburua du jardunaldiak. Itunaren gaineko zer irakurketa egin nahi duzue?
Itunaren gaia ikuspuntu askotatik landu dugu azken urteotan, baina beti buruan izan dugun ideia bat jorratuko dugu oraingoan. Euskal Herriko merkatu politikoan gauza arraroa da Ituna, beti izan baitu klase politikoaren babes handia, une zehatz batzuetan izan ezik. Aho batez babestu dute hemengo alderdi politiko gehienek, nahiz eta gero beti dauden sistemaren zerga politikan hainbat desadostasun. Zerga baten inguruko eztabaida gauza bat da, baina ez da sistema bera zalantzan jartzen, eta esango nuke deigarria dela, beti tentsionatuta dagoen eszenatoki politiko batean. XIX. mendean dagoeneko bazuen babes hori.
Zure iritziz, zergatik izan du beti aho batezko babes hori?
Funtsean, Itunak erregimen komunean ezinezkoak diren kudeaketa tresnak izatea ahalbidetzen duelako. Dirua hemen dago, hemen biltzen delako, eta horrek kudeaketa gaitasun handiagoa ematen du, ez da Espainiako Estatuak eman behar duen diru kopuruaren menpe egon behar. Zerga-sisteman esku hartzeko eta baliabide propioak biltzeko gaitasuna abantaila handia da, hemengo dirua gastatu nahi duen politikariaren ikuspegitik behintzat.
Sabino Arana oso kritikoa izan zen Itunarekin hasiera batean. 1894ko Itunaren berritzea negoziatu zutenei traidore deitu zien. 1898an, probintziako diputatu bilakatzean, ordea, iritziz aldatu zuen, eta tresna interesgarria izan zitekeela ohartu zen. 1906an EAJk bere programan jada sartzen du Ituna, defendatu eta balioa eman behar zitzaion elementu bat bezala.
Sabino Arana bezala, hirugarren gerra karlista amaitzean, askok ez zuten Ekonomia Itunak izan zezakeen garrantzia ikusi.
Kontuan hartu behar da Ituna 1878an sortzen dela izenik gabe. Dekretu bat izan zen. 1882an hasten zaio izena jartzen, dekretuan azaltzen zen testu bati erreferentzia eginez, bertan esaten baitzen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako probintziak "nazioaren kontzertu ekonomikoan" sartu beharra zutela. Garai hartako herritarrentzat aldaketa handia zen, ordura arte, foru aldundiek, zerga bilketa egiteaz gain, nahi zituzten zergak ezartzen baitzituzten. Tabakoa adibidez, ez zegoen Euskal Herrian zergapetuta, eta zapatilak bailiran saltzen zen, ez zegoen estatuko monopoliora atxikita. Askatasun ekonomiko handia bermatzen zuen sistemak, eta bat-batean, Espainiako Estatuko zergak ezarri beharra zegoen, baita urtero kupo bat ordaindu behar ere. Albiste desatsegina izan zen.
Baina, estatuak ere ez zuen zerga bilketa zuzena egiteko baliabiderik. Aduanen zerga bilketa gauzatzen zuen 1841az geroztik, baina gainerako zerga gehienak aldundien esku zeuden. Hauek euren sistema propioa zuten, eta estatuak ez zekien zenbat bildu zezakeen, ez baitzuen oinarri estatistikorik. Ez zekiten zenbat ekoizten edo landatzen zen hemen. Beraz, arazo bat sortzen da, Espainiako gainerako hiritarrak bezala, hemen ere zergak ordaintzeko obligazioa ezartzen da, baina estatuak ez zuen hemengo zerga horiek biltzeko ezagutzarik, eta egun batetik bestera ezin zituen zergen neurriak ezarri. Canovasek erabakitzen du aldundiak arduratzea zergak biltzeaz zortzi urtez, eta epe horretan estatuak datuak bildu eta estatistikak osatuko ditu, ikusteko zenbat bildu zezakeen EAEn, baina ez zuen halakorik egin. Sistemak ondo funtzionatzen zuenez, aurrera jarraitu du gaur egun arte.
"Sabino Arana oso kritikoa izan zen Itunarekin hasiera batean. 1894ko Itunaren berritzea negoziatu zutenei traidore deitu zien"
Beraz, esan daiteke Espainiako Estatuaren gaitasun faltagatik biziraun zuela Itunak?
Hasierako beldurra zen foru aldundiek ez zutela kupoa ordaindu nahiko, 1880tik aurrera batez ere, orduan egin baitziren lehen hauteskundeak. Karlistek hauteskundeak irabazten zituztenean, Itunaren sistemak nolabaiteko sinpatia bereganatzen zuen. Pentsatzen zen 1878 aurretiko autokudeaketa ez bazen ere, ez zegoela gaizki oraingoa, ez baitzen erregimen komuna.
Foru aldundiak hasieratik saiatu ziren Espainiako ogasunaren gaitasuna aldentzen, hemengo klima politikoa ez aztoratzeko. Diputazio probintzialen forma erregimen komuneko gainerako erkidegoena bezalakoa zen, baina foru diputazioengandik zuzenean jasotako eskumenak zituzten, eta funtsean gauza bera egiten jarraitzen zuten. Zergak biltzen zituzten, probintziako polizia finantzatzen zuten, probintzia institutu bera zuten, lehengo errepideak...
1878tik 1937ra zeintzuk dira Itunean ematen diren aldaketa nagusiak?
Aipatu dugu zortzi urteko lizentzia zuela hasiera batean, baina jada 1881-1882an aldundiak planteatzen hasi ziren zer pasa zitekeen gerora. Kontuan hartu beharra dago 1876tik aurrera Borboien Berrezarkuntza hasten dela Alfonso XII erregearen eskutik eta konstituzio berri bat egiten da. Espainiako Estatuak berak ere antolatu beharra zuen etorkizunera begira.
XIX. mendean hainbat zerga erreforma direla eta, aldaketak izan ziren. Zerga batzuk aldatuta, kupoa ere egokitu behar zen. Gainera, Ituna berritzen zen bakoitzean lizentzia luzeagoa ematen zitzaion. 1886ko berritzearekin lege bihurtu zen Ituna, nahiz eta 1893an berriz aldatu behar izan zen. 1894tik aurrera eman zen aldaketa handia, izan ere, orduan Kontzertua bera negoziatu baino, sistemaren barneko elementuak negoziatzen hasi ziren. 1906an sozietateen zerga sortu zen, eta 1920ko hamarkadan estatuak geroz eta zerga gehiago zituenez, horiek Itunera gehitzen zihoazen. Zerga gehiago negoziatuz, kupoa handitzen doa.
Ekonomia Itunaren sistema hazten doa beraz.
Bai. Kupoaren salto handiena 1925-1926ko Itunaren berritzean eman zen. Batez ere Bizkaian handitu zen kupoa, eta, beraz, hiru probintzietan egokitze bat eman behar zen. Kupoa handitzean, aldundiek euren diru bilketa ere handitu beharra zuten, euren zerbitzuak ordaintzeko.
"1894tik aurrera eman zen aldaketa handia, izan ere, orduan Kontzertua bera negoziatu baino, sistemaren barneko elementuak negoziatzen hasten dira"
36an Francoren estatu kolpea dator eta gerra zibila. Nola eragiten dio Itunari?
Itunak 1937ko ekainera arte funtzionatzen jarraitzen zuen. Gipuzkoa estatu kolpea eman eta berehala erori zen, 1936ko iraila-urrian, Araba ere hasieratik zegoen matxinatuen eskuetan. 1937ko ekainaren 19an Bilbon hartuta, lau egun beranduagoko dekretuak Ituna indargabetu zuen Bizkaian eta Gipuzkoan. 1878an euskal probintziak pobreak zirenaren ustea zegoen, baina 1937an, Bizkaiko Labe Garaiak eta siderurgia edota Gipuzkoako industriarekin probintziak pobreak zirenaren ideiari eustea zaila zen. Bizkaiak eta Gipuzkoak dirua biltzeko gaitasun hori galtzeaz gain, zerbitzu asko galdu zituzten, horri eusteko baliabiderik ez zutelako. 1937ko abuztuan Bizkaiko miñoiak eta Gipuzkoako mikeleteak desagerrarazi ziren.
Bestalde, kontuan hartu beharra dago frankismo garaiko aldundi batek askoz diru-sarrera gutxiago zituela Ituna kudeatzen zuen aldundi batek baino. Zerbitzu ugari kendu behar izan ziren, Bizkaiko errepideen erdiak estatuaren jabetzara igaro ziren, eta mantenua egiteari utzi zioten.
Zure hitzaldiaren izenburura itzulita, arazo tekniko baten konponbide politikoa izan zen Ituna edo arazo politiko bati emandako konponbide teknikoa?
Bi gauzak dira, izan ere, ikuspegi politiko batetik, Canovasek 1839ko legea bete nahi zuen. Lehenengo gerra karlista ondorengo lege horrek esaten zuen foruak errekonozitzen zirela nazioaren orden konstituzionalaren barruan, eta erreformak aldundiekin adostuta egingo zirela, Espainiako Gorteekin akordioa egin ostean. 1876ko uztailaren 29an egindako legean Canovasek ez zituen foruak kendu. Bi artikuluetan euskaldunen betebeharrak ezarri zituen: soldadutza egitea eta Espainiako hiritarren zerga berak ordaintzea. Orain badakigu ondoren ez zela beste gerra karlista bat etorri, baina orduan gerra batetik atera berri ziren, eta zuhurtziaz jokatu beharra zegoen zergak ezartzerakoan.
Arazo politiko bat zegoen, beraz, konstituzioak zioena bete behar zelako, baina arazo tekniko bat ere bai, Espainiako Estatuak ez zekielako hemengo zergen bilketaren gainean gauza handirik. Horrela, batez ere liberalek haizatzen zuten aldarrikapenari soluzioa eman zitzaion, izan ere, gerra ondoren, "arazo foralarekin" amaitzea nahi zuten. Hiru gerra karlista igarota, diru asko galdu eta heriotza ugari izan ziren. Canovasek erdibideko neurri baten alde egiten zuen: espainiar guztiek bezala ordaindu, baino beste modu batetara. Arazo tekniko bat bide politiko batetik konpondu zen, baina arazo politiko bat ere (konstituzioa betetzearena) konpondu zuten, altxamendu karlista berri bat ekidinez.
Itunak orain arte iraun du. Nola ikusten duzu bere egoera egun? Kataluniatik etorri dira azken tirabirak.
2002an berritu zenetik, egonkortasuna irabazi du. Gainera, 2008ko Europako Auzitegi Nagusiaren epaiak Europako Batasuneko estatu batean zerga sistema bat baino gehiago egon zitekeela esateak ere lagundu du. Gero zerga asko edo gutxi kobratzen diren eztabaidan sartu gaitezke, hori eguneroko eztabaida da eta egia da ziklikoki ere kritikak jasotzen dituela. Ezagutza faltan oinarritutako kritikak dira, jende askok ez baitaki nola funtzionatzen duen.
Katalunian XIX. mende amaieratik izan dira hainbat mugimendu Itunaren antzeko zerbait sortzeko. 1898an dagoeneko Kataluniako zenbat zirkuluetan Ituna interesgarria izan zitekeela uste zuten. Dena den, alde bakarreko arriskua ere kontuan hartu beharra dago. Bildutako dirua dugu hemen, eta zergapetzeko aukera ematen digu, finantzazio tresna oso baliagarria da, baina zergapetze arduratsua da, gure diru-sarreren baitan egiten baita. Katalanek Pujolen garaian akordio fiskal bat eskatzen zuten, hemengo sistema antzeko bat, baina diferentzia handi batekin, eurek ez zutela aldebakarreko arrisku hori nahi, finantzazio berme bat nahi zuten, eta Kontzertuak ez du horrela funtzionatzen.