
Nekazaritza jarduera eta eguzki energiaren ekoizpena bateragarriak diren aztertuko Neikerrek. Aurkatin (Araba) duen egoitzan gauzatuko du esperimentua, zeinean 212 panel fotovoltaiko ezarriko diren 8.000 metro karratutan sakabanatuta. Denera, 163.914 kilowatt-orduko argindarra sortuko dute, 50 etxebizitza hornitzearen baliokidea, eta energia hori ikerketa zentroaren egoitzako autokontsumorako eta nekazaritza jarduerarako erabiliko da.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eta Olatz Unamunzaga Neikerreko zuzendari nagusiak aurkeztu dute instalazio berria gaur goizean. Azpiegiturak lurzoruan, elikagaietan eta airean sortzen dituen ondorioak aztertuko dituzte, eta emaitzak bi urteko epean eskainiko dira.
Barredok jakinarazi duenez, instalazio agrovoltaikoari esker "baldintza errealetan aztertu ahal izango da eguzki energiaren eta nekazaritza ekoizpenaren arteko bizikidetza". Nabarmendu du proiektuak jasangarritasunean oinarritutako ereduan aurrera egitea ahalbidetuko duela, eta Neikerren egoitzako energia eraginkortasuna hobetuko duela. "Irtenbide berritzaile horren bidez, sektorearen erronka nagusiei erantzun nahi zaie, hala nola nekazaritza klima-aldaketara egokitzea, landa esparruko diru-sarrerak dibertsifikatzea edo lurraldea eraginkortasunez erabiltzea", gehitu du.
Unamunzagak, bere aldetik, adierazi du esperimentu hau gauzatzeko ikerketa lehen sektoreko profesionalekin “elkarlanean” egingo dutela. Bere hitzetan, "helburua da aztertzea ea bateragarria den energia sortzea eta elikagaien ekoizpena; bideragarria bada, oso irtenbide ona izan liteke gure sektorearentzat".