EHNE eta ENBA nekazal sindikatuek protesta deitu dute otsailaren 9rako. Bi elkarteek ohar baten bidez dei egin dute Bilbora, lurraldeko eskualdetatik abiatuta, hiriko Areatzan traktoreak elkartzeko.
Nekazarien aldarriak areagotzen ari dira Europako zenbait herrialdeetan. Merkataritza libreko itunak amaitzea eta laborarientzat prezio justuak bermatzea aldarrikatzen dute. Ezinegona nabaria da lehen sektorean, eta ekoizleek diru-sarrera murritzak eta sektorearen etorkizun falta, Europako Batasunak azken urteotan ezarritako politika “neoliberalek” ekarri dutela salatzen dute.
Erantzun “zehatzak eta errealak” behar ditu sektoreak sindikatuen arabera, eta Mercosur bezala akordioen negoziazioak gelditzea eskatzen dute.
Arabako eta Nafarroako nekazariak ere otsailaren 6ean egingo diren protestetara batuko dira. Traktoreak errepidera ateratzeko asmoa dute sektorearen egoera salatzeko, eta EBren neurri zorrotzen aurka egiteko.