Ertzaintzak ohartarazi du iruzurrezko mezu elektronikoak bidali zaizkiela EHUko ikasleei azken bi egunetan. Mezu horietan 850 euro ordaintzea eskatu zaie, legezko arrazoiak direla medio. Hala ere, Ertzaintzak adierazi du phishing kanpaina bat dela, eta mezu horiek iruzurra direla.
Phishing teknikaren bitartez, delitugileek erakunde bat balira bezala jokatzen dute, eta erabiltzaileak behartzen ditu ordainketa bat egitera. Kasu honetan, ikasleei hogeita lau orduko epean 850 euroko ordainketa egiteko eskatu zaie, eta gehitu dute ordainketa egin ezean legezko neurriak hartuko dituztela ikaslearen aurka. Mezuan agertzen dira ere kontu korronte zenbaki bat eta ordainagiria bidaltzeko helbide bat.
Azkenik, Ertzaintzak gomendatu die ikasleei eta euren senideei mezuak arretaz irakurtzeko eta ez erantzuteko. Halako mezurik jasoz gero, aholkatu dute zuzenean ezabatzeko. Ordainketaren bat egin badute, berriz, eskatu dute dokumentuak gordetzeko eta lehenbailehen salaketa jartzeko. Bestalde, EHUko arduradunek azpimarratu dute iruzurra gelditzeko neurriak aztertzen ari direla, eta argi utzi dute ez dutela inolako ordainketarik egiteko eskatu.