
+Industry topaketaren hirugarren edizioa egingo da BECen ekainaren 3tik 5era bitartean. Fabrikazio aurreratuko eragileak elkartuko dira bertan, eta merkatuko azken berritasunak aurkeztuko dituzte.
Industria sektorean erreferentziazko azoka da +Industry, eta antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketa azaleraren %75 jada erreserbatuta dago. “Industria osoa, hemen” lelopean egingo da aurtengo edizioa, eta automatizazioa, robotika, azpikontratazioa eta hornidura, digitalizazioa edota fabrikazio aditibo alorreko enpresak izango dira.
Nazioarteko parte-hartze handia espero dute aurtengo edizioan, Alemania, Belgika, Frantzia, Italia, Portugal, Estatu Batuak, Errumania, Taiwan, India eta Txinako erakusketariak izango baitira.
BECen arabera, dagoeneko milaka bisitariek eman dute izena azokan. Honako sektoreetatik datoz gehienak: automobilgintza, aeronautika, ekipo-ondasunak, energia, trengintza, petrokimika, siderurgia, elikadura eta farmazia, defentsa, eta ontziak eta paketatzeak.
Erakustazokaz gain, aurten ere hitzaldiak, kasu praktikoak, networking espazioak eta bestelako ekimenak ere egingo direla jakinarazi dute antolatzaileek.