Soinua. Ahotsa. Mugimendua. Ikus-entzunezko tresnak eta teknikak. Historia eta istorioak irudikatzea. Komunikatzea. Emozioak, sentimenduak eta mezuak transmititzea. Artea. Ikus-entzunezkoen artea.
Akzioa, abentura, komedia, erromantzea edota drama. Fantasia, misterioa, fikzioa, izua edota suspensea. Animazioa eta dokumentala. Telesaila eta esketxa. Film laburra eta luzea. Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektorea. Askotarikoa, oparoa eta ekoizpenez betea. Gurea.
Sormena, talentua eta lana. Euskal Herriko nortasun eta izaera propiotik lanak sortzeko gaitasun handia. Bakarrak eta bereziak. Euskaldunon istorioak eta historia. Gizartearen kezkak.
Horren guztiaren erakusle dira Leire Egañaren Oinez eta Jone Arriolaren Hor konpon eta Dena asmatuta dago film laburrak. Euskaraz sorturiko ikus-entzunezko ekoizpen txikien erakusgarri. Hirurak ikusgai Durangoko Azokan, Irudienean, euskarazko ikus-entzunezkoen plazan.
Egaña Bira Produkzioak ekoiztetxeko bazkidea da eta bere film laburrak mendizaletasuna du abiapuntu. Euskal Herriko hiru ibilbidetan barrena, elkarrizketa sakon, egiazko eta dibertigarri bat sortu du, egia txiki bat erakusten duena.
Arriola sortzailea, zuzendaria eta gidoilaria da. Bere film laburrek gazteen arteko harremanak dituzte jomuga. Hor konpon laburmetraiak bi lapur ditu protagonista, Rita eta Berta. Bertak aldaketa bat behar duela sentitzen du eta erabaki bat hartu du. Erabaki horrek Ritarekin duen lotura apur dezake. Dena asmatuta dago film laburrean, aldiz, Lur eta Martin dira protagonista. Bikotea elkarrizketa deseroso baina beharrezko batean murgilduko da.
Denbora eta finantzazioa
Ekoizpen txikien atzetik esfortzu handia dago. Lan handia. Beren ogibideetan aritu ostean, denbora atera eta beren istorio propioei forma ematen aritzen dira sektorean murgilduta dauden sortzaileak. “Ahal dugun neurrian, eta gure egunerokoak uzten digun denbora librearen arabera, gure proiektu txikietan aritzen gara lanean: ideiak sortu, garatu, idatzi, diru iturriak bilatu, kolaboratzaileak topatu”, azaldu du Egañak.
Denbora da ekoizpen hauen osagai nagusia, baita maitasuna, mimoa eta ilusioa ere. Gogo biziz, proiektuak garatzeko grina nabari zaie. “Nik honi denbora asko eskaintzen diot, ia egunero dago zerbait egiteko, baina ilusioz eta motibazioz gainezka heltzen diot. Garrantzitsua da hori”, nabarmendu du Arriolak.
Leire Egaña: “Ahal dugun neurrian, eta gure egunerokoak uzten digun denbora librearen arabera, gure proiektu txikietan aritzen gara lanean: ideiak sortu, garatu, idatzi, diru iturriak bilatu, kolaboratzaileak topatu”
Lehen pausoak emateko denbora behar da, ideiak garatzeko eta finantziazio iturriak bilatzeko. Proiektua gauzatzeko, ordea, lantalde handi bat eta baliabide asko behar dira: talde teknikoa, aktoreak, materialak… Kontratazio asko. Elkarlana eta sinergiak bilakatzen dira giltzarri.
Haratago, gainera, ekoizpen horien ibilbidea ere finantziazioak baldintzatzen du. Geroz eta baliabide gehiago, errazagoa da Euskal Herriko, estatuko edota mundu mailako pantailetan lekua egitea ekoitzitako produkzioari. “Banaketa zure kontura egitea zailagoa da. Jaialdiak zerorrek topatu behar dituzu, jaialdiekin harremanetan jarri, materiala bidali… horrek denbora asko eskatzen du. Bide hori hartzen denean, oro har, leku gutxiagotara iristen da zure produktua”, argitu du Arriolak.
Banaketa zirkuituak
Proiektu txikientzat oihartzun handia dira banaketa zirkuituak. Banaketa zirkuituak geroz eta ugariagoak dira. Garrantzitsua da ekoizpen txikientzat zirkuitu desberdinak egotea, txikiak eta handiak. “Ikus-entzunezko lanak egiten ditugu publikora iristeko. Areto batean zure lana proiektatzen duzun bakoitzean, publikoaren erreakzioa ikusten eta sentitzen duzu. Hurrengo lanetarako zerk funtzionatzen duen eta zerk ez identifikatzeko balio du. Asko ikasten da”, azpimarratu du Egañak.
Solasaldiak ere bidelagun onak dira ekoizpen txikientzat. Ikuslea pantailaren beste aldera eramatearen garrantzia nabarmendu du Egañak. “Zuk prozesua azaltzen duzu. Nola sortu duzun ikus-entzunezkoa, zenbat teknikari egon diren lanean, rolak. Pantailaren atzean dagoen hori ezagutzea beharrezkoa da sektorearentzat. Balioa ematen dio”.
Txarrenari onena
Gaur egun, ekoizpen txikietatik bizimodua ateratzea ezinezkoa da. Mota horretako proiektu bat aurrera ateratzeak, berez, kostu oso altuak ditu. Zailtasun ekonomikoak handiak dira. “Lan duintasuna gure ekoiztetxearen balioetako bat da, eta saiatzen gara gure lana eta kolaboratzaileen lana ahalik eta duinki baloratzen eta ordaintzen”, adierazi du Egañak. Lortzen den finantzazioaren zati handiena kontratazioak egiteko erabiltzen dute, pertsonek egindako lana ordaintzeko. “Ez dugu merkatuko kamera onena alokatuko, baina garrantzia ematen diogu lanpostuari, ahalik eta ordainsari duinenak eskaintzeari”, gehitu du.
Lan eta buruhauste askoren emaitza izanik ere, sortzaileei, ordea, asko ematen diete ekoizpen txikiek. Norberak bere proiektua gauzatzeko gai izateak eta, ostera, ikus-entzunezko hori publikora iristeak, batez ere. “Ekoizpen txikiek ez dute dirurik ematen, baina niri honek asko betetzen nau. Zuk egindako zerbait publikora zuk nahi duzun moduan iritsi dela sentitzeak asko ematen du. Pozgarria da oso, bete egiten zaitu eta egindako lanaren aitorpena da. Pasio horrek betetzen gaitu, diruaren gainetik”, azpimarratu du Arriolak.
Jone Arriola: “Ekoizpen txikiek ez dute dirurik ematen, baina niri honek asko betetzen nau. Zuk egindako zerbait publikora zuk nahi duzun moduan iritsi dela sentitzeak asko ematen du"
Bizitza osoan erritmo hori mantentzea, aldiz, ezinezkoa da. Esfortzu maila horretan ezin da luzaroan bizi. Gogorra da. Oreka eta kontzientzia gehiago beharrezkoak dira. “Sostengu eta baliabide gehiagoren beharra dugu. Sortzaileoi erraztasun gehiago ipintzea behar dugu. Euskal Herrian, zorionez, estatuko beste leku askotan baino egoera hobeagoa dugu; hala ere, oraindik bide luzea dago egiteko”, aldarrikatu du Arriolak.
Kontzientziazioa eta hausnarketa
Sorkuntza proiektu lokalei bere lekua ematea izan daiteke gakoa. Publikoak bertakoari merezi duen balioa ematea. “Auzoko dendekin gertatzen den bezala, joan zaitezke plataforma handi batera edo zure auzoko dendara erostera. Bertan erosteak, ordea, balio erantsia du”. Sorkuntza proiektuekin ere kontzientzia bera izatearekin egiten du amets Egañak. “Gure hizkuntzan, gure lurraldean, bertako jendearekin eta gure istorio propioekin sortuak baitira”.
Amatasunaren gaia ere mahai gainean ipintzea gustatuko litzaioke. “Ezagutu ditut emakume asko sorkuntzan murgilduta zeudenak, baina familia kontziliazioa eta sorkuntza uztartzea ezinezko egin zaienak. Gaiaz gehiago hitz egin beharko litzake”.
Leire Egaña: “Ezagutu ditut emakume asko sorkuntzan murgilduta zeudenak, baina familia kontziliazioa eta sorkuntza uztartzea ezinezko egin zaienak"
Arriolak, aldiz, ikus-entzunezko sektorearen egituraren inguruan hausnarketa sakona egin beharko litzakeela iritzi du. “Normalizatuta dauden lan baldintzak eta proiektuak aurrera eramateko moduak aldatu behar dira. Lanak ordaindu behar dira, merezi duten bezala. Laguntza gehiago, lan baldintzak hobetzeko. Gauzak diru gabe egiteari utzi behar zaio”.