Ekonomia eta finantza gaiak euskaraz landuko ditu Etekin topaketak

Eusko Jaurkaritzak, hainbat finantza erakunderekin hiru solasaldi antolatu ditu, irailaren 25ean, urriaren 23an eta azaroaren 20an. Gaur egin dute aurkezpena Bilbon

Etekian topaketaren aurkezpena | Argazkia: Europa Press Etekian topaketaren aurkezpena | Argazkia: Europa Press

Etekin solasaldi zikloa aurkeztu dute gaur Bilbon, Bizkaia plazan. Gaurkotasun ekonomikoko gaiak euskaraz lantzea izango du helburu topaketak, eta irailaren 25ean, urriaren 23an eta azaroaren 20an egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Institutuarekin, Bankoa Abancarekin, Caixabankekin, Kutxabankekin, Laboral Kutxarekin eta Rural Kutxarekin hitzartua duen itunari esker egin ahal izango dira mintzaldiak.

Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea izan da gaurko aurkezpenean. Herritarrei zerbitzu hobea emateko finantza erakundeekin egindako talde-lana nabarmendu du, eta euskara "kalitatezko zerbitzu horren parte" dela azpimarratu du.

Aldasororekin batera izan dira itunean parte hartzen duten beste erakundeetako hainbat ordezkari. Azaldu dutenez, Etekin topaketaren lehen edizio honetan hiru saio egingo dira aurten, bakoitza ekonomiarekin eta finantzekin lotutako gai batekin lotuta, eta elkarrizketa formatuan jorratuko dira.

Donostiako Aquariumeko lehen saioan, hilaren 25ean, Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu Itziar Agirrek eta Eusko Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideen zuzendari Mikel Erkorekak Itun Ekonomikoa aztertuko dute, tresna horrek enpresa ehunarentzat eskaintzen dituen "lehiakortasunerako gakoak" xehetuz.

Urriaren 23an, enpresa-eraldaketarako funtsak aztertuko dituen bigarren saioa egingo da Gasteizko Europa Jauregian. Hirugarren foroa Bilboko Itsas Museoan izango da azaroaren 20an, eta trantsizio energetikoa izango dute hizketagai. Hiru solasaldiak euskaraz izango dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK