Ekonomia Ituna, enpresen lehiakortasunerako bidelagun

Etengabeko moldaketa batean bizi da Ekonomia Ituna. Nazioarte mailako zerga harmonizaziora egokitzea dagokio orain. Gainera, Katalunia negoziatzen ari den zerga sistema berriak ezbaian jarri du beste behin euskal ekonomiaren eskubide historikoa

Agirre, Cosano eta Erkoreka, atzoko ekitaldian, Donostiako Aquariumen | Argazkia: Irekia Agirre, Cosano eta Erkoreka, atzoko ekitaldian, Donostiako Aquariumen | Argazkia: Irekia

Ekonomia Ituna eta bere erabilera sarritan zerga politikara soilik mugatzen da Mikel Erkoreka Historia Garaikidean doktorea, EHUko Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko ikertzailea eta Eusko Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideen zuzendariaren ahotan. Bere aburuz, Itunak ahalbidetutako gastu ahalmena ere azpimarratzekoa da. “Espainiako estatuarentzat historikoki industria ez da lehentasun bat izan, baina guretzat bai, eta gastu ahalmenik gabe ez dugu politika industrial bat egitekoa aukerarik”, kontatu du. Izan ere, gastu ahalmenak zorpetzea ahalbidetu dio euskal ekonomiari, eta zorpetzeak "obra handi batzuk egitea" errazten du. "Gure zerga sistemak, momentu batean diru gehiago behar izanez gero, zergak igo edo zorpetzera jotzea bermatzen du, besteak beste. Gastu hori herriaren beharrizanetara bideratu dezakegu".

Ekonomia Itunak enpresen lehiakortasunean izan dezaken eraginaren inguruan aritu ziren atzo Donostian Itziar Agirre Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatua eta Erkoreka bera, Esti Cosano EITBko albistegietako ekonomia saileko arduraduna moderatzaile lanetan zutelarik. Etekin topaketaren lehen solasaldia izan zen, ekonomia eta finantza gaiak euskaraz eztabadatzea xede duen hitzaldi zikloa.

Gainera datozkion garaietara moldatuz biziraun du Ekonomia Itunak bere 146 urteetan. Pribilegioa edo eskubide historikoa? Historian zehar tirabira ugari izan dira Itunaren inguruan, eta orain halako beste garai bat bizi du, Kataluniak bere esparru fiskal propioa eraiki nahi duela mahaigaineratu ostean. “Elkartasun eza izan da maiz itunaren kontra erabili den argudioa”, dio Cosanok, eta gogoratu du azken afera horrek Pradales eta Chivitek idatzi bateratu bat aurkeztera eraman dituela, eskubide historikoaren defentsan.

Mikel Erkoreka: “Espainiako Estatuarentzat historikoki industria ez da lehentasun bat izan, baina guretzat bai, eta gastu ahalmenik gabe ez dugu politika industrial bat egitekoa aukerarik”

Itunaren ekarpen historikoa xehatuz ekin zioten atzo solasaldiari Donostiako Aquariumean. “Euskal lurraldeen ekonomia oinarria” dela aldarrikatu du doktoreak. XIX. mendetik indarrean, foru ogasunen jarraipena izan zen Kontzertu Ekonomikoa. Bere hitzetan, XIX. mendean industrializatu ziren lurraldeak gaur egun, oro har, "posizio hobean" daude, eta leku askok industrializatuta jarraitzen dute. Testuinguru horretan, Itunak “berebiziko papera” jolastu duela dio, “gure ekonomiaren lehiakortasuna bermatzeko eta sustatzeko”.

Lehiakortasuna, zergetan ez ezik, “zentzu orokorrago batean” ere eskaintzen duela kontatu du Agirrek. “Kolektiboari, herriari, balio erantsia” ematen diola, baina botere osoa duen sistema bat ez dela gogoratu du, mugak dituela, eta estatuarekin akordiotara iristea beharrezkoa dela. Halaber, “instrumentu bizia” da bere esanetan, eta aitortu du 1981az geroztik, modu harmonizatuago batean kudeatu dela. "Egunero sortzen diren zerga edo finantza egoera ezberdinak barneratu egiten dira Itunean. 2023an izan zen azken aldaketa, eta segituan izango ditugu gehiago”.

Enpresa lehiakorragoak izatea bermatzen al du Itunak?

“Enpresa bat ez da lehiakorragoa Itunagatik soilik; lehiakorra beste faktore askogatik izango da. Hala ere, argi dago Ituna ondo garatzea bidelagun dela eurentzat”, argitu du Agirrek. Kontzertuak ez du deus esaten berrikuntza eta garapenaren inguruan, baina bideak bermatzen ditu enpresek arlo hori indartu dezaten, diru bilketak ahalbidetutako dirulaguntzen, gastuen edo zerga hobarien bidez.

Erkorekaren iritziz zerga sistema beratik garatutako politikak dira lehiakortasuna hobetzen dutenak. Hein horretan, eurogunean zerga aukera geroz eta murritzagoak ditugula ohartarazi du, Europatik datozen harmonizazioa arauak direla eta. Berrindustrializazioan Itunak izandako garrantzian jarri du azpimarra, lurraldea "basamortu bat" bihurtu ez zedin, besteak beste, eta, horren harira, parke teknologikoen kasua plazaratu du. “Aitzindariak izan ginen, dirua genuen eta ulertu genuen industria beste bide batetik zihoala. I+Gn inbertsio egin beharra zegoen eta inbertsio horri epe luzeko jarraipena eman", adierazi du.

Itziar Agirre: “Enpresa bat ez da lehiakorragoa Itunagatik soilik, lehiakorra beste faktore askogatik izango da. Hala ere, argi dago Ituna ondo garatzea bidelagun dela eurentzat”

Itun ekonomikoaren baitan, alderdi soziala ere nabarmendu nahi izan du Erkorekak. “Ongizate gizarte sendo bat sortzea baimendu digu, eta hau lehiakortasunerako gakoa da, baita talentua erakartzeko aukera ere. Ez da berdina Donostiara edo Bilbora bizitzera etortzea edo Nevadara, Renora. Herrialde erakargarria gara bizitzeko”.

Harmonizazioa eta autonomia fiskalaren talka

Lurralde historiko bakoitzak bere ñabardurak (errealitate ekonomiko desberdinak) baditu ere, sistema komun bat izatearen garrantziaz mintzatu dira bi adituak, ez soilik barnera begira, baita kanpora (nazioartera) ere. "Ogasunen diru-bilketaren pusketa bat Eusko Jaurlaritzara bideratzen da, beharrezko politikak garatu ahal izateko, eta hiru ogasun izanda ere, oinarrizko kontuetan sistema bakar bat bezala funtzionatzen dugu" argitu nahi izan du Agirrek.

“Gaur egun argi izan behar dugu gure autonomia fiskala oso mugatuta dagoela Espainiako marko orokorraren barnean dauden harmonizazio arauengatik, eta bereziki, EBtik eta orain ere OCDEtik sortzen ari den esparru supranazional fiskalarengatik”, gehitu du Erkorekak. Zeharkako zergen gainean kasik “zer esanik ere” ere ez dugula dio, zerga zuzenen gaineko kudeaketa geratzen zaigularik soilik. "1981az geroztik, estatuaren sistemaren baitan dago Itunaren jarduera, nolabaiteko kontrola ezarriz, eta aldebakarreko arriskua EAEk du". Gainera, nazioarteko mailako harmonizazio handiago baterako joera baten aurrean gaudela azaldu du.

Zergak jaistea, ideologia liberalaren mantra

Haibat herrialdek zergak jaitsi dituzte enpresak nahiz talentua erakartzeko estrategia gisa. Gaiaren inguruan galdetuta, Agirrek erantzun du ez dela beharrezkoa zergak jaistea tokiko enpresak lehiakorrago egiteko. “Administrazio publikoak zerbitzu publiko batzuk eman behar dituen bitartean, zerga bilketa bat beharrezkoa da”, gogoratu du. Halaber, uste du zerga-sistema erabili daitekeela enpresen edo herritarren joerak eraldatzeko, herriarentzat onuragarri izan daitezkeen hobari nahiz kenkariak aplikatuz.

Era berean, zergak jaitsi eta garapen ekonomikoaren lotura ideologia liberalaren mantra dela uste du Erkorekak, “oso aspalditik errotuta daukaguna”. "Ikerketa askok erakutsi dute ez dela egia, izan ere, azken finean, alde batetik irabazten duzuna, bestetik galdetzen duzu”, esan du. Dena den, zerga sistema lehiakorrago baterako doikuntzak egiteko gaitasuna dagoela gogorarazi du, bi norabideetan: batetik, hemen dagoeneko martxan dagoen enpresa ekosistema babesteko neurriak, kooperatiben erregimen fiskala, esaterako, eta, bestetik, enpresa berriak erakartzeko politikak. Hein horretan, zinema industria jarri du eredutzat, zenbait pizgarri fiskal arautu baitira sektorean azken urteetan, eta emaitza positiboak izan direla dio adituak.

IMG 0530
Donostiako Aquariumen egin da Etekinen lehen solasaldia | Argazkia: Irekia

Nazioarteko jolastokira modaltzeko garaia

Espainiako Estatua eta EAEren arteko erlazioren baitan egin du aurrera Itunak orain arte. Aitzitik, geroz eta mundu globalizatuagoa batean, beste dinamika batzuk sortzen joan dira nazioarte mailan, zeharkako zergen harmonizazioa tartean, eta Agirreren hitzetan, "leihatila bakarreko sistemak" ezartzen hasi dira: "kontsumora gerturatu nahi da BEZaren ordainketa, eta horrek talka egiten du gure Ituna eta estatuarekin dugun harremanarekin, baina baita, aldi berean, munduarekin izan nahi dugun erlazioarekin ere”.

Bi adituak bat datoz: Itunak lan asko du egiteko nazioarte esparruan. Izan ere, neurri fiskalak jada Europa edo Europaz harago erabakitzen dira egun. OCDE eta G20ko herrialdeek sustatutako Pilar 2 izeneko neurria jarri du adibidetzat, zeinak zehazten duen %15eko gutxieneko zerga-tasa orokorra bat negozio-bolumena 750 milioi eurotik gorakoa duten multinazionalentzat. Neurri berri hauek guztiak ogasunen arteko erlazioa aldatzen dutela dio Agirrek, eta une honetan gure zerga sistemak aurre egin beharreko erronka dela.

Itziar Agirre: "Kontsumora gerturatu nahi da BEZaren ordainketa, eta horrek talka egiten du gure Ituna eta estatuarekin dugun harremanarekin, baina baita aldi berean munduarekin izan nahi dugun erlazioarekin ere”

Erkorekak, halaber, gaineratu du Ekonomia Ituna juridikoki inoiz baino egonkorrago dagoela estatu mailan, baina azken bi hamarkadetan “arrisku itzela” azaldu dela mundu mailan. “Orain subiranotasuna dugu zerga zuzenen gainean, baina Espainiako Estatuak subiranotasun hau Europari ematen badio, guri ez digu aukera ematen bertan hartuko diren erabakien inguruan parte hartzeko. Interlokuzioa estatuak egiten du". Hartara, nazioarte esparrua sortzen ari diren espazio horietan “ahots propioa” izatean funtsezkoa da bere aburuz.

Kataluniak eragin du Espainiatik datorren enegarren olatua

Azken hilabeteetan jakin dugu bere zerga sisteman autonomia gehiago nahi duela Kataluniak, eta bertako komunikabideetan Kontzertu Katalanaz besterik ez da hitz egiten. Kataluniarren nahiak ezbaian jarri du berriz Ekonomia Itunaren zilegitasuna, bi adituek, ordea, ez dute kolokan ikusten. Arlo juridikotik sendo dagoela diote, eta "Espainia aldetik noizbehinka datozen olatuak surfeatzeko moduan gaudela" adierazi du Agirrek, “gure autogobernu ekonomikoaren zutabe garrantzitsuena da”.

Erkorekak argi du Kataluniako sistemak ez lukeela izango zerikusirik hemengo Itunarekin, izan ere, "gurea subiranotasun fiskal baten emaitza" dela dio.

Azkenik, Itunaren pedagogiaren inguruko hausnarketa txiki bat egin nahi izan du ikertzaileak: "Inoiz ez dut ulertu 1981etik EAEko erakunde sistemaren barruan, zergatik inork ez duen sekula benetako apustua egin pedagogia egiteko arlo akademikoan edota juridikoan... uste dut hor hausnarketa bat egin behar dugula".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK