
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa bildu da gaur Madrilen. Bertan elkartu dira Espainiako Estatuko Administrazio Orokorreko kideak eta Eusko Jaurlaritzakoak, eta zenbait neurri adostu dituzte laugarren bilera izan den horretan.
Horien artean nabarmenena hau da: EAEren zorpetze muga %15era igoko da (orain arte %13koa zena). Horrez gain, azaldu dute “eguneratu” egin dituztela printzipio orokorrak EAEren egonkortasun-konpromisoei dagokienez. Bestalde, iragarri dute orain arteko konpromiso eta helburuekin aurrera jarraituko dutela, datorren ekitaldirako defizitaren eta zor publikoaren helburuak ezartzeko Batzorde Mistoa adostasunera iritsi ezean. Azkenik, baieztatu dute foru aldundi bakoitzari dagozkion helburuak ezarriko zaizkiola, bakoitzaren egoera kontuan izanik.
Kupoari buruz eztabaidatu dute bi administrazioek. Hala, kupoa berritu behar denean “neutraltasun finantzarioa” izango dela adostu da; hau da, Espainiako Gobernuak erregimen komuneko autonomia erkidegoei zorrak barkatu arren, EAE ez da kaltetuta aterako.
Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema (SAAD) berrikusi eta osatuko dela ere baieztatu dute, baita Espainiako Estatuak %50ean finantzatuko duela ere, EAEko administrazioek SAADen kudeaketagatik IMSERSO bidez ziurtatzen dituzten gastuak badira.