Ekonomia lur idorretan barrena

Lehorteak kezka sortu du nekazari eta abeltzainen sektorean. Baina eskasiak elikagaien prezioei ere eragin dakieke

Argazkia: Lander Fernandez de Arroyabe/Foku Argazkia: Lander Fernandez de Arroyabe/Foku

Europako Banku Zentralak inflazioaren igoerari aurre egiteko interes-tasen igoera berria iragarriko du gaur, aldaketari ez bada. Izan ere, %7an kokatu da aste honetan euroguneko inflazioa, eta %4,1ean, berriz, Espainiakoa, INEk emandako datuen arabera. Gora egin du berriro, eta EBZk bilatzen duen %2tik urrun jarraitzen du. Elikagaiak izaten ari dira kontrolatzeko alderdi nagusienetakoa: aste honetan argitaratutako datuaren arabera, %10 eta %14,7 bitarte garestitu dira elikagaiak eurogunean; INEk biltzen duenez, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak dira gehien garestitu direnak, baina duela urtebete baino gutxiago.

Inflazioari aurre egiteko Lagarden politikek, baina, etsai garrantzitsu bat izan dezakete euren gudan: lehortea. Zuzeneko eragina izan dezake elikagai eta edarien prezioan. "Gainera, ez ahaztu lehorte kondizioak ez direla soilik EAEn, Nafarroan edo Espainian eragiten ari. Adibidez Afrikako iparraldean ere eragiten ari da, edo Italian. Beraz, nahiz eta merkataritza harremanak izan munduko beste toki batzuekin, prezioek gora egiten jarraituko dute, edo behintzat altu mantenduko dira. Eta horrek inflazioaren arazoa areagotu dezake", dio Anil Markandya ekonomilari, irakasle eta BC3ko ikertzaileak, baliabide ekonomian adituak. Izan ere, eskaintza urritu egin daiteke, eta eskaria berdin mantenduz gero, eskaintzaren prezioak gora egin dezake.

Egun Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko lehorteari loturiko galerak 9 bilioi euroren bueltan daude JRC etxeak eginiko ikerketa baten arabera. Etorkizunera begira jarrita, 2100 urterako 65 bilioi eurotara iritsi daitezke. "Datu horiek perspektiban jarri behar dira. EBko eta Erresuma Batuko ekoizpen guztia —BPGa—16.000 bilioi eurokoa da urtean. EBko eta Erresuma Batuko ekonomia guztiaren balioa kontuan hartzen baduzu, 65 bilioi ez da hain handia", plazaratu du Markandyak. Horrek ez du esan nahi galerak ez direnik garrantzitsuak. "Garrantzitsuak dira zenbait komunitate eta nekazari edo abeltzainei eragiten dielako (lehen sektoreari, oro har)", gehitu du.

40.000 hektarea galduta

Lehortearen kalte horiek une honetan pairatzen ari den nekazarietako bat da David Navarro Lorente, UAGN Nafarroako nekazari eta abeltzainen batasuneko kidea. Tuteran ditu hark lurrak, eta zerealak landatzen ditu, bai lehorreko lursailetan, bai ureztatzekoetan. Lehorreko zerealen uzta galdutzat ematen du.

Euskal Herriko zonaldeetatik lehorteak modu latzenean kolpatu duen eremuak dira Nafarroako Erribera eta Erdialdea. Nafarroako Lehorte Mahaiak aste honetan emandako datuen arabera, guztira Nafarroako Erriberako eta Erdialdeko 40.000 hektareako lursaila galdu da, zerealari bideraturikoa.

Anil Markandya: "Nahiz eta merkataritza harremanak izan munduko beste toki batzuekin, prezioek gora egiten jarraituko dute, edo behintzat altu mantenduko dira. Eta horrek inflazioaren arazoa areagotu dezake"

Izan ere, sei hilabeteetan sasoi berean ohikoa dena baino %40 euri gutxiago egin du. "Iaz zenbait urtegi nahiko agortuta geratu ziren. Eta ez dugu izan negu bereziki euritsua, prezipitazio garrantzitsuekin, ura gune nagusietan enbaltsatu zedin". Lehortearen Mahaiak bildutakoaren arabera, urtegiak  20 urteetako mailari baxuenean daude, eta horrek batez ere ureztatutako laboreei eragiten die. "Ur hori berreskuratu ez denez, ekar dezake bigarren kanpaina bat non, hainbeste hilabete izanda urik gabe, ureztatzeko uztetan dena zailtzen den", azaldu du Navarrok. Nafarroan ureztatzeko 120.000 lursail daude. "Nafarroako kanaleko sistemaren bitartez ureztatzen diren lurrak izan ezik —30.000 inguru—, gainontzekoek espero dute mugak izatea sistema edo urtegiaren arabera".

David Navarro: "Nafarroako Hegoaldean gertatu ohi da estatistikagatik lehorreko gunetik ezin uztarik ateratzea. Baina horrekin batera ureztatutako eremuetatik ere ezin ezer ateratzeak zaildu egiten du"

Horrek arazo ekonomikoak ekar dakizkieke. "Ekonomikoki asko eragin ahal digu, urte guztiz txarra izan ahal baita. Nafarroako Hegoaldean gertatu ohi da estatistikagatik lehorreko gunetik ezin uztarik ateratzea. Baina horrekin batera ureztatutako eremuetatik ere ezer ateratzeko ezintasunak zaildu egiten du. Baratzeko-uztetan espezializaturiko nekazariek segur aski ezingo duten plantaziorik egin, eta ondorioz, ezingo duten irabazirik izan", adierazi du.

Horrekin batera, beste zailtasun bat izan daiteke nekazaritza esplotazioen egoerak elikagaien industrian izan dezakeen eragina. "Kooperatibek edo esplotazioek halako urteko ekoizpen kantitateari loturiko zifrak izan ohi dituzte sinatuta, eta agian ezin dituzte bete edo arazoa izan, betiere lehortea mantentzen bada", gaineratu du.

Ezjakintasuna, beldurra eta kezka

Tuteratik 120 kilometro Iparraldera ditu esne-behiak Beni Irurita Loiarte abeltzainak: Lantzen, Ultzaman. "Aste honetan hasi gara belarra mozten animaliak elikatzeko, eta printzipioz aurreikusten dugun belar-uzta beste urteetan espero genezakeenaren antzekoa da. Euri gutxi egin du, baina nolabait aukeratua izango balitz bezala. Eta orain zain gaude", plazaratu du. Ezjakintasuna baino, "beldurra" da erabiltzen duen hitza egoera deskribatzeko. Euren hurrengo pausoa "artoa ereitea" da, animalien bazka prestatzeko, baina eguraldiaren portaera ikusteke dago. "Une honetan lurzoruak ez du hezetasun nahikoa". Lantzen, iazko lehen lauhilekoan baino %20 euri gutxiago izan dute. Lehortea gutxi gora behera maiatzean hasi zen. "Iaz oso uzta txarra izan genuen. Jaso behar genuenaren %20 jaso genuen. Ez dirudi aurtengoa askoz hobea izango denik".

Urte on baten, autokontsumoa "ia-ia bermatuta dutela" dio Iruritak, bazkari dagokionez. Hala ez denetan, ordea, kanpoan erosi behar izaten dute. "Iaz sekulako prezioetan erosi genuen. %70 gehiago ordaindu genuen lasai asko". Aurtengo arazoa bazka falta izan daiteke. "Denek esaten dute Tafallatik behera ez dagoela ezer, eta Espainian eta Europan egoera berdintsua da. Oraindik ez dakit esaten nola eragingo duen. Segur aski abereak murriztu egingo dira, jendeak ez baitu abereei jaten emateko ezer. Alegia, jada ez da prezioek gora edo behera egin dutela. Hori baino konplikatuagoa da".

Beni Irurita: "Jada ez da prezioek gora edo behera egin dutela. Hori baino konplikatuagoa da"

UAGA Arabako nekazari eta abeltzainen batasunean ere "kezkaz" bizi dute egoera, ekoizpenak behera egiteaz gain, erosteko gaitasun faltagatik. Euren kasuan, ur faltaz harago, izotzaldiak ez du batere lagundu ekoizpenean. "Momentuz esan digute ura izango dela, baina ez dakigu", azaldu du Gorka Barredo Gomez nekazaria eta UAGAko batzordekideak. Lehorrekoetan, "ekilorea edo babarrunak kasu", jaioko ote den edo ez da kezka. Eta ureztatutako lurrak ureztatzeko ura izango den edo ez zalantza dute oraindik. Dena den, "%40-50eko murrizketa" dutela dio, eta "zenbait kasuetan %70 ere galduta dago. Bazkan urte normal baten baino %50 edo %60 gutxiago dugu. Eta zain gaude ea ez diguten mozten ura ureztatzeko". Indarrak batzea erabaki baitute, "bazkarako artoa ereiteko, eta janaria izan dadin abereentzat".

Hala ere, egoera desberdina da Arabako zonaldearen arabera. Mendebaldean "%80 bitarteko murrizketa aurreikusi dute bazkan". Ekialdean, berriz, %40koa da belazeetan. Arazo ekonomiko nagusietako bat, baina, ponpatze sistemek ekar dezakete. "Iaz ur metro kubikoa 7-8 zentimotan izan bazitekeen, aurten 20-25 zentimo bitarteko igoera izango dugu, %300 inguruko hazkundea. Neguan izandako ur faltagatik, eta baltsak ez betetzeagatik gerta liteke hori, baita ibaitik ponpatu behar izateagatik. Azken hauetan iaz baino %70 gutxiago dago beteta; iaz data hauetan %100ean bazeuden, egun %30n daude", azpimarratu du.

Aurreikuspena eta efizientzia

"Ikuspegi sindikaletik uste dugu halakoak duela askotik aurreikusi zitezkeela. Eta bazka faltarako irtenbidea izan behar zuela jendeak hemen bazka gehiago ekoiztea, eta ez kanpotik ekarri behar izatea, orain gertatzen ari den bezala. Aurreikuspena egitearen aldeko apustua garrantzitsua iruditzen zaigu, eta errotazioa bultzatzea ureztatutako laboreetan", plazaratu du Barredok.

Antzeko ikuspegia du Navarrok, Lehortearen Mahaian eztabaidatzekoak: "adibidez lastoa ez bideratzea biomasara eta dena abereetan zentratzea, bestelako errefusa begetalak ere. PAC nekazaritzako politika amankomuna malgutu behar da, nekazari askok ezingo baitute bete deklarazio horretan adierazitako uzta ur falta dela eta. Eta bestelako laguntzak ere eman beharko lirateke". BEZa lehenbailehen itzultzea izango litzateke beste neurri bat, Iruritaren ustetan.

Anil Markandya: "Orain ura erabiltzeko dugun modua ez da beti efizientea. Beraz, egin daitekeen lehenengo gauza da uraren erabileraren efizientzia hobetzea"

Markandyak, bestalde, lehorteak sortutako arazoei aurre egiteko hainbat ekintza egiteko garrantziaz hitz egin du. "Orain ura erabiltzeko dugun modua ez da beti efizientea. Beraz, egin daitekeen lehenengo gauza da uraren erabileraren efizientzia hobetzea", plazaratu du. Horrekin batera, dioenez, beste ekintza batzuk izan daitezke ura lekualdatzea ur gehiago dagoen tokietatik ur gutxiago dagoen tokietara. Edo uztak aldatzea, lehorteari hobeto eusteko.

Navarro ez dator guztiz bat azken iritziarekin. Proba egin berri du, artoaren ordez, ekilorea landatuta. Emaitza mugatuak aurreikusi ditu, ordea: "untxiek asko jaten dute ekilorea, baita txoriek ere, eta zonalde honetan ez da ondo egokitzen produkzioari dagokionez. Uzta alternatiboak gutxi jartzen badira izaten da arazoak ekartzen dizkiolako nekazariari, eta horrek ez du konpentsatzen", adierazi du. Horrekin batera, produktuen prezioen gorakadari aurre egiteko zaurgarrienei laguntzeko neurrien garrantzia ere nabarmendu du BC3koak.

Kostuak klima-programetan

Dena den, erronka ez da soilik ekintza horiek gauzatzea, baizik eta ekintzak eta planifikazioak egiterako garaian, esaterako, kostuak kontuan hartzea. Ekonomistak azaldutakoaren arabera, egun "informazio asko dago egun aldaketa klimatikoaren kostuari buruzkoa, bai orainaldiari, bai etorkizunari dagokionez". Aldiz, mugak daude daude egokitzapen programak diseinatzerakoan kostu horiek kontuan hartzeari dagokionez. Esaterako, lur-eremuaren plangintzan. "Adibidez, nekazaritzako zenbait eremutan landatze denborak aldatzea zer suposa dezakeen, edo laborea aldatzea, uzta lantzea, uholde eta itsas-mailaren gorakadari loturiko ohartarazte-sistemak ezartzea...". Klima-aldaketaren beste zenbait esparrutan garatuago dago, garraio sisteman, esaterako.

Hala ere, ekonomilariaren hitzetan, "herrialde batek zenbat eta irisgarritasun handiagoa izan garapen, kapital, ezagutza, eta haren giza-kapitalera (eta bestelako kapitalak), are gaitasun handiagoa izango du klimara egokitzeko. Eta aldaketa klimatikoari modu eraginkorragoan erantzuteko. Lortu behar duguna da garapen-planek aurrera egitea aldaketa klimatikoa izanagatik ere. Ekonomia egokitu behar dute hazkunde berdea deritzon horretara, klimarekin bateragarria izango dena", bukatu du

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK