Ekonomiaren ikuspegi heterodoxo bat Latinoamerikatik

Ekonomia feministak, kapitalaren erreproduzkioaren ordez, bizitza bera jartzen duela erdigunean aldarrikatu dute hainbat ekonomia ikertzailek EHUk antolatutako Udako Ikastaroan

UIKen ikastaroa Bilbon | Argazkia: UIK UIKen ikastaroa Bilbon | Argazkia: UIK

Aurten ere ekonomia kritikoari tartea egin diote EHUk antolatutako Udako Ikastaroetan. Ekonomia Kritikoa Ekinean izeneko ikastaroaren bigarren edizioa egin da bi egunez Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan. Egungo eztabaida eta planteamenduetan sakonduz, ohiko pentsamendu ekonomikoaren forma kritikatu eta kapitalismoaren aurrean bestelako paradigmak eta ereduak aztertu dituzte hainbat adituk. Antolatutako hainbat mahai ingururen artean izan dira Hego Amerikako hiru emakume ekonomialari.

EHUko Miguel Virizuela irakaslea moderatzaile lanetan aritu delarik, Justina Lee, Camila Baron eta Carolina Alves ikertzaileek egungo sistema ekonomikoaren inguruko hainbat hausnarketa mahaigaineratu dituzte, hori bai, gure planetaren hegoaldeko ikuspegitik, Hego Amerikatik. Ikuspegi kritiko bat, behetik eginikoa, "antikoloniala, antirazista eta feminista", euren ahotan.

Bizitzaren jasangarritasuna

“Ekonomia feministatik datorren ideia da bizi jasangarritasunarena”, adierazi du Leek bere solasaldian. Berlingo Unibertsitate Libreko (Freie Univertsitaet) doktoratu aurrekoa ikertzailea, Argentinan jaioa, ekonomia feminista ikertzen dihardu buru-belarri: “Ekonomia feministaren ekarpen nagusietako bat genero desberdintasunen atzean dauden egitura ekonomikoak azaltzea da, eta, horrela, gizarteak bere erreprodukzio soziala nola konpontzen duten aztertzen du nagusiki”, argitu du.

Bizitza garatzeko oinarrizko jarduera nahiz prozesuak lirateke aipatutako erreprodukzio sozial hori, edota, zentzu materialistago batean, lan indarraren erreprodukzioa. “Ordainsaririk gabeko etxeko lanak edota ordainpekoak ere oinarrizko lanbidea dira gizartearen ongizatea lortu eta edozein ekonomiak funtzionatzeko”, dio Leek. Aitzitik, ekonomia ortodoxo edo neoklasikoaren kritika zera dela adierazi du; lanbide hauek ez direla ezinbestekoak, eta ez dutela balio ekonomikorik.

Bada, ekonomia feministak ematen die balio ekonomikoa jarduera hauei, euren ezinbestekotasuna azaleratuz. Hots, egungo ekoizpen moduak azaltzeko, genero harremanak aldagai garrantzitsu gisa txertatu behar direla plazaratzen du. Horrekin lotu du ikertzaile argentinarrak bizitza jasangarritasunaren ideia: “kapitalaren erreprodukzioaren ordez, bizi izatea merezi duen bizitza hori analisiaren erdigunean jartzea du helburu”.

Justina Lee: “Kapitalaren erreprodukzioaren ordez, bizi izatea merezi duen bizitza hori analisiaren erdigunean jartzea du helburu ekonomia feministak”

Baina, giza bizitzak soilik ez bestelakoak ere kontuan hartu behar direla ere aldarrikatu du. Planetaren edo animalien bizitza. “Kapitalak krisi klimatikoak eragin ditu. Europa trantsizio energetikoak planteatzen ari da gure lurraldeetan dugun aktibismo berdearen kontura, gure komunitateak beren lurretatik kanporatuz, biodibertsitateari eraginez, hondamendi klimatikoak sortuz eta litioa, hidrogeno berdea eta beste baliabide natural batzuk arazo guztien konponbidea direla promes eginez, nahiz eta benetan iparraldekoentzat irabaziak besterik ez izan”.

Hainbat greba feministen aldarria ere gogoratu du. “Gure bizitzek eta lanek ez badute balio, produzitu ezazue gu gabe”. Bere aburuz, esaldi honek ederki borobiltzen du bizi jasangarritasunaren kontzeptua. “Etxeko langilearen zeregina ikusezina eta debaluatua dela salatzen du, lan mota horrek gure bizitzak erreproduzitzeko ardura duela onartuz, eta, aldi berean, ematen zaion balio txikia salatuz”.

20240715 165050
Virizuela, Alves, Baron eta Lee Udako ikastaroaren hitzaldian | Argazkia: UIK

Argentina eta Nazioarteko Diru Funtsa: harreman amaigabea

Argentinarra izanik, herrialdeko ekonomiaren inguruko analisia ere egin du Leek. “Biztanleriaren ia erdia pobrezia mugaren azpian dago eta auzoetako komunitateak dira Mileiren motozerra eta neurri ekonomiko hilgarrien ondorioak gogorren jasaten ari direnak”. Bere hitzetan, inflazioak behera egin du herrialdean, baina gosete eta kaleratze masiboak ekarri ditu ordainetan. "Argentinaren gizarte ehuna eta milioika pertsonen lan baldintzak suntsitu ditu politika honek".

Justina Lee: “Biztanleriaren ia erdia pobrezia mugaren azpian dago eta auzoetako komunitateak dira Mileiren motozerra eta neurri ekonomiko hilgarrien ondorioak gogorren jasaten ari direnak”

Hala ere, Argentinako herria orain bizitzen ari den estualdia aurreko gobernuekin hasi zela uste du ekonomialariak. Abiapuntua 2018an Macriren gobernuak Nazioarteko Diru Funtsarekin adostutako akordioa izan zela kontatu du, eta Argentina eta NDFren arteko “erlazio amaiezinaz” mintzatu da. Izan ere, XX. mendeko bigarren erditik 21 akordio egin ditu herrialdeak nazioarteko erakundearekin. “Akordio horietan zerga sistema egonkortzeko baldintza gogorreko politikak ezarri dira. 67 urte daramatzagu erakundean, eta horietatik ia 45 urtetan NDFrekin akordiopean egon gara”. Gainera, NDF herrialdean agertu den guztietan, atzeraldi ekonomikoko hainbat ziklo ekarri ditu, Leeren arabera, baita hainbat adierazle okertu ere, hala nola langabeziarena, diru-sarrera errealena, pobreziarena eta desberdintasun sozialena.

Kapital gehiena esku gutxitan

“Kapital metaketaren une berezi batean gaude. Paradigmak erortzen ari dira eta berriak behar dira”, adierazi du Baronek, Buenos Aireseko Universidad Nacional de Lanusek ikerlariak. Lee bezala argentinarra da Baron, eta Latinoamerikako azken hamarkadetako ekonomiaren erradiografia txiki bat egin du bere hitzaldian. "70eko hamarkadatik gaur arte, neoliberalismoa erregimen politiko eta sozial gisa nagusi izan da Hego Amerikako ekonomietan", adierazi du.

Halaber, Chicago Boys mugimendua aipatu du, zeina 70. hamarkadako "lehen esperientzia neoliberala" izan zen, gerora mundu osora hedatu zena. Mugimendu honetako ekonomialariak Hego Amerikako erreforma ekonomiko eta sozialen egileak izan ziren, merkatu politika ekonomiko neoliberala sortuz, joera neoklasiko eta monetaristarekin. Era berean, ekonomiaren kontrola deszentralizatu zuten. Baronen arabera, mugimendu honek ekarri zuen egungo gizarteak bizi duen indibidualismo edo pribatizazioam besteak beste.

Sistema ekonomikoaren inguruko analisi zabala egin du Baronek, eta egun ematen ari diren lau joera aldaketa nagusi azpimarratu ditu. Lehenik eta behin Estatu Batuak eta Txinaren arteko hegemonia aldaketa aipatu du, eta “boterearen zentralitatea birformulazioa prozesu batean" dagoela dio. Bigarrenik, ekoizpenaren kontzentrazioa multinazionalean eskuetan dagoela gogoratu du. Hein horretan, inbertsio funtsen zeregina nabarmendu du: “produkzio balio kate handien planifikazio gaitasuna aldatu egin da, izan ere, orain datuak metatzeko aukera dute, big dataren bidez, eta honek kontsumoa zuzendu eta gidatzeko gaitasun handiagoa ematen die”. Hau da, kontsumoaren bideraketa bat existitzen da orain gizartean, eta horren adibide dira, besteak beste, sare sozialetako algoritmoak, Baronen arabera.

Camila Baron: “Produkzio balio kate handien planifikazio gaitasuna aldatu egin da, izan ere, orain datuak metatzeko aukera dute, big dataren bidez, eta honek kontsumoa zuzendu eta gidatzeko gaitasun handiagoa ematen die"

Hirugarrenik, mundu osoan berdintasunik eza areagotzen ari dela azpimarratu du Baronek. “Aberastasuna esku gutxietan pilatu da, eta ultra aberatsen fenomenoa sortu da 70 hamarkadatik hona”. Azkenik, lan egiteko moduen aldaketa bizkor eta esponentzialak nabarmendu ditu, “honek guztiak gure subjektibitateetan, gure gorputzetan eta kontzientzian, izan dezakeen eragin guztiarekin”.

20240715 165031
Argazkia: UIK

Ekonomia heterodoxoaren begirada

Carolina Alves brasildarra izan da solasaldiko hirugarren partaidea. Cambridge unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea da Alves. Ekonomia ortodoxo edo neoklasikoa xehatu, eta ekonomia heterodoxoa aztertu nahi izan du, azken honek munduan ematen ari diren fenomenoak aztertzeko gaitasun handiagoa duela argudiatuz.

Ekonomia heterodoxoaren barruan, Lee eta Baronen gisan, ekonomia feministaren ekarpenak nabarmendu ditu, besteak beste, emakumeek ondutako zaintza sare osoa erdigunean jartzen duela gogoratuz, "ez soilik materialari dagokionez, baita eskaintzen duen babes emozionalagatik”. 

Estatu modernoa eta merkatuaren jatorriaren inguruan ere mintzatu da. “Emakumeak izan ziren eredu hauen aurka azaldu ziren lehenak, euren komunitateetan bestelako ekoizpen esparru batzuk lehenesten baitzituzten sortu berri ziren merkatuei aurre egiteko”, aldarrikatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK