ELAk politiketan norabidea aldatzea eskatu dio Jaurlaritzari

Lakuntza "kezkatuta" agertu da Pradalesekin izandako bileraren ondoren, baina, lehendakaria akordioak aztertzeko prest dagoela adierazi du

Pradales lehendakaria, Muñoa eta Lakuntzarekin | Argazkia: ELA Pradales lehendakaria, Muñoa eta Lakuntzarekin | Argazkia: ELA

Imanol Pradales lehendakaria Euskal Herriko sindikatu nagusiekin biltzen hasi da. Gaur, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren bisita jaso du Gasteizko Ajuria Enea jauregian. Lakuntza "kezkatuta" agertu da Pradalesekin izandako bileraren ondoren, Jaurlaritzaren lehen erabakiek "egiturazko aldaketak baztertzen" dituztelako, eta politiketan norabidea aldatzea eskatu dio. Hala ere, lehendakaria akordioak aztertzeko prest dagoela adierazi du, baina ohartarazi du ez dela "geldialdirik" egongo mobilizazioaren aldeko apustuan.

Lakuntzak Pradalesekin bildu izana nabarmendu du, Iñigo Urkulluri buruz hamarkada bat baino gehiago ezer jakin gabe egon ostean. Bileran Amaia Muñoa idazkari nagusiaren ondokoa ere izan da. ELAko buruzagiek sakoneko erreforma fiskalik gabe eta diru sarrerak berreskuratu gabe, zer nolako aldaketak egingo dituen galdetu diote Pradalesi.

Lakuntzaren ustez, zerbitzu publikoek, bereziki Osakidetzaren egoerak aurrekontuak handitzeko konpromisoa exijitzen dute. Pradalesi adierazi diote norabide aldaketa behar dela sakoneko gaiei heltzeko eta eraldaketa sozial eta politikoa egiteko. Halaber, politika propioak eskatu ditu eta erkidegoan gutxieneko soldata legez ezartzeko eskubidea. 

Imanol Pradalesekin "argi" eta "zintzotasunez" hitz egin dutela azaldu ostean, sindikatuak "orain arte egin duena" egiten jarraituko duela azaldu diote, hau da, "langile klasea antolatu eta mobilizazioaren aldeko apustua egiten.

Lan gatazkari dagokionez, Confebaskek KPIren igoera eta soldata arrakalarekin amaitzeko "oinarrizko hobekuntzak" onartzeari uko egin dionez, grebek hitzarmen gehiago eta hobeak lortzea ahalbidetu dutela adierazi diote lehendakariari. Horregatik, lan gatazkak murrizteko modurik onena "patronalaren jarrera aldaketa" dela ziurtatu du Lakuntzak.

Azkenik, Osakidetzaren gaiari heldu diote ELAko arduradunek, arazoen zati handi bat inbertsio publikoarekin lotuta baitago. ELAko idazkariaren arabera, "Europako gastuaren batez bestekoarekin 2.300 milioi euroko aldea" dago. Diru horrekin gauza asko egin daitezkeela ziurtatu du, tartean,  gaur egun osasun publikoa ematen ari ez den arreta eskaintzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK