Munduko pertsonarik aberatsena da Elon Musk enpresari hegoafrikarra eta aurki boteretsuenen artean egon liteke, Donald Trumpekin duen loturak bultzatuta. Hauteskunde kanpainan hautagai errepublikarraren ondoan etengabe ikusi genuen, eta emaitzak Trumpekin jarraitu zituen, bere Floridako etxean, gutxi batzuk osatzen duten konfiantzazko lagunekin batera.
Gertutasun horrek Muskek AEBko politikan izan dezakeen eraginari buruzko zalantzak eta susmoak piztu ditu, baita bere alderdi barruan ere. Steve Bannonek berak, 2016ko Trumpen garaipenaren atzean egon zen aholkulari ultrakontserbadoreak, jomugan jarri du Tesla, X eta Space X enpresen jabea. Musk Etxe Zuritik bota nahi du Bannonek, “pertsona gaiztoa” delako, eta Hegoafrikara bidali. Trumpengana hurreratu diren kolaboratzaileen arteko zatiketa, MAGAzaleen (Make America Great Again izan da Trumpen leloa) eta Silicon Valleyko teknologikoen artekoen talka, gero eta ageriagoa da, eta ikusteko dago zein den presidente berriak hartuko duen bidea.
Trumpengana hurreratu diren kolaboratzaileen arteko zatiketa, MAGAzaleen (Make America Great Again izan da Trumpen leloa) eta Silicon Valleyko teknologikoen artekoen talka, gero eta ageriagoa da, eta ikusteko dago zein den presidente berriak hartuko duen bidea
Alderdi Errepublikarretik at ere kritika ugari jaso ditu Muskek azken asteotan. Azkena astelehenean kargua utziko duen Joe Bidenena izan da. Asteazkeneko bere agur-hitzaldian presidente demokratak “boterean infiltratu den oligarkia teknologikoaz” ohartarazi zuen, adi egoteko deia eginez.
Europan jarrera kontrajarriak
Nazioartean ere kritika ugari jaso ditu azken asteotan Teslaren jabeak, batez ere Europako agintarien artean. Hala, Erresuma Batuko, Frantziako eta Espainiako gobernuburuak Musken aurka ikusi ditugu. Emmanuel Macronek Europako herrialdeetako hauteskundeetan esku hartzea eta “nazioarteko aliantza atzerakoia” osatzea leporatu dio eta Pedro Sanchezek “nazioarteko ultraeskuineko liderra” izatea. Jokaleku geopolitiko berrian Europa ahultzeko asmoa igarri diote askok mugimendu hauekin.
Alemaniako hauteskundeen atarian, Alice Weidel AfDko hautagai ultraeskuindarrari egindako elkarrizketa edo Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin duen harremanak argi erakusten dute alderdi euroeszeptiko eta ultren aldeko hautua. Jarrera politikoaz harago Muskek baditu interes ekonomiko garrantzitsuak Bruselarekiko talkan. X sare soziala ikertzen ari da Europako Batzordea legez kanpoko edukiaren hedapenaren aurka nahikoa ez egiteagatik, eta erabilitako algoritmoak behar bezain gardenak ez izateagatik. 2023ko abenduan abiatu zuen Batzordeak espedientea Zerbitzu Digitalen Legea (DSA ingelesez) hausteagatik, eta gaur zortzi, urtarrilak 24, bilera erabakigarria egingo du aferaz hausnartzeko.
X sare soziala ikertzen ari da Europako Batzordea legez kanpoko edukiaren hedapenaren aurka nahikoa ez egiteagatik, eta erabilitako algoritmoak behar bezain gardenak ez izateagatik
Ez da gutxi Muskek jokoan duena, plataformari isun handiak ezarri diezaizkioke Bruselak, bere diru sarrera globalen %6 artekoak. Europarekiko jarrera oldarkorra espero bazen ere, hautsak harrotu ditu AEBen ohiko aliatua izan den Erresuma Batuarekiko oldarraldia. Keir Starmer lehen ministro laboristaren egokitasuna ezbaian jarri du Muskek behin baino gehiagotan, espetxean beharko lukeela iradokiz eta ultraeskuinaren aldeko hautua egin du. Starmerrek “gezurrak eta desinformazioa” zabaltzea leporatu dio Muski. Gauzak horrela, jakin-min handia dago Europako agintarien artean Trumpek emango dituen urratsen gainean. Davoseko gailurrean izango dute AEBko presidente berriaren diskurtsoaren lehen zertzeladak entzuteko aukera, kargu hartu eta lau egunetara, streaming bitartez egingo duen agerraldian.
Iruzurgile, bideojokoetan ere?
Bruselak ireki dio espedientea ez da Musken inguruan ezagutu dugun afera bakarra. Aste honetan bertan AEBko Balore Merkatuaren Batzordeak (SEC ingelesez) Musken aurkako helegitea aurkeztu du Twitter (X gaur egun) erosteko balore-merkatuaren legedia urratzeagatik. Batzordeak 2022an abiatu zuen ikerketa, baina orain arte ez du salaketa aurkeztu, Gary Gensler egungo SECeko buruak kargua uzteko astebete eskas falta denean. Trumpen sokakoa den Paul Atkins izango da SECeko buru berria eta ikusteko dago presidente errepublikarraren lagun mina den Musken aurkako helegiteari eutsiko dion.
Musk eta bere enpresen aurkako salaketen bilduma aski luzea da, AEBetan bertan zein munduan barrena. Hala, AEBetako Justizia Sailak SpaceX enpresa auzitegietara eraman zuen 2023an ustezko kontratazio diskriminatzaileengatik, eta urtebete beranduago enpresak kaleratutako zortzi ingeniarik demanda aurkeztu zuten Musken aurka lan abusuak eta “kultura sexista” sustatzeagatik. Europan, Europako Batzordearen ikerketaz aparte, badira hainbat afera abian iruzurra egiteagatik. Espainiako Estatuan, esaterako, bere taldeko konpainia nagusiek (Tesla Spain eta Twitter Spain) urratu egin dituzte enpresen informazioari buruzko arauak, Merkataritza Erregistroan kontuak ez aurkezteagatik.
Blade Runner 2049 filmeko ekoiztetxeak Teslari leporatu dio filmeko irudiak legez kanpo erabiltzea, ibilgailu elektrikoen konpainiaren “robotaxi” berriaren sustapena egiteko
Enpresen eremutik kanpo badira enpresari hegoafrikarrak jaso dituen hainbat salaketa bitxi. Blade Runner 2049 filmeko ekoiztetxeak Teslari leporatu dio filmeko irudiak legez kanpo erabiltzea, ibilgailu elektrikoen konpainiaren “robotaxi” berriaren sustapena egiteko. Baina bada azken egun hauetan ezagutu dugun salaketa are xelebreagoa, bideojokoetan tranpak egitearena. Gelditu ezinik ikusi dugu Musk azken hilabeteetan. Trumpen mitinetan parte hartzea dela, mezu transfobo eta arrazistak zabaltzen dela eta nazioarteko buruzagi eta politikarien kontra ari dela. Hori guztia gutxi balitz, gamer gisa ere ikusi dugu. Diablo IV eta Path of Exile 2 jokoetan buru-belarri aritu da oso puntuazio altuak lortuta.
AEBtako 20 gamer onenen artean kokatu zen Musk Diablo IV-n. Lortutako markak, baina, harridura baino, susmoak zabaldu ditu. Bideojokoen adituen artean “deabrukeriak” egitea leporatu diote “ez-ohiko” trikimailuak erabilita, jokalari profesionalak azpikontratatuz. Diruak dena eros dezakeen garai honetan argi dago Trumpen lagun berriak bere ondarea enpresak ez ezik, bestelako laguntzak eta mesedeak erosteko erabiltzen duela.
Trumpen aholkulari musutruk?
Zeregin berria izango du Muskek datorren astetik aurrera. Trump izango du nagusi eta ez du soldatarik kobratuko. DOGE Gobernu Eraginkortasunerako Saila gidatuko du, eta burokrazia desegin, gehiegizko erregulazioak murriztu, beharrezkoak ez diren gastuak txikitu eta agentzia federalak berregituratzea izango du helburu. Jarduera filantropiko gisa saldu nahi izan badute ere, etekin handia lortu dezake. Izenak berak, DOGE, pista bat ematen du Musk atzean duen Dogecoin kriptodibisaren izen bera duelako. Behin baino gehiagotan agertu da Musk kriptoaktiboen alde, eta Trump alde izateak hauspoa eman dio kriptoen unibertsoari.
Kriptoaktiboez aparte, Trump alboan izateak nabarmen puztu du Elon Musken ondarea. Munduko pertsonarik aberatsena bazen, are aberatsagoa da Trumpen garaipenaren ostean, bere enpresen akzioen prezioen gorakadak lagunduta. Forbes etxeak emandako datuen arabera, 400.000 milioi dolarreko langa gainditu duen lehen pertsona da. Bere aberastasuna Danimarka, Txile edo Portugal bezalako herrialdeen BPGa baino handiagoa da.
Forbes etxeak emandako datuen arabera, 400.000 milioi dolarreko langa gainditu duen lehen pertsona da Musk. Bere aberastasuna Danimarka, Txile edo Portugal bezalako herrialdeen BPGa baino handiagoa da
Urte eta erdi inguru egingo du lan Trumpen administraziorako eta dagoeneko iragarri du AEBko gobernuaren aurrekontua, 6,5 bilioi dolarrekoa, 2 bilioi dolarretan murriztu dezakeela. Eskarmentua badu Trumpek enpresen egiturak meharragoak egiten eta X horren erakusle da, lantaldea 8.000 lanpostutik 1.500era murriztuz. Argi dago irabazteko asko duela Trumpen aholkulari gisa arituz. Hasteko eta behin, SEC Merkatuen Batzordeak bere aurka abiatutako ikerketa geldiarazi dezake Trumpek.
Mugikortasun elektrikoa
Joe Bidenen administrazioak ibilgailu elektrikoak erosteko eskainitako pizgarrien aurka aritu da Trump hauteskunde kanpainan zehar. Erregai fosilen aldekoa da presidente berria. Behin baino gehiagotan entzun diogu “drill, baby, drill” (zulatu, maitea, zulatu) esaten bere mitinetan, eta Chris Wright, fracking-aren alde eta larrialdi klimatikoaren kontrako politiken aurka ozen aritu dena, Energia Idazkaria izendatu du. Muskek kontrabotere lana egin behar izango du ibilgailu elektrikoen aldeko pizgarriak matentzeko. Ikusteko dago hegoafrikarrak presidente berriak abiatu nahi duen merkataritza gudan nola eragingo duen.
Ez du ematen merkataritza gudak mesede handirik egingo dionik Elon Muski, eta horretarako Europa ahultzea komeni zaio. Italia eta Alemaniako ultraeskuinari emandako babesa testuinguru horretan ulertu beharra dago
Txinako eta Europako industriari muga-zergak ezartzeak mesede egin ahal die bertan Teslako salmentei, baina Musken konpainiak baditu lantegiak Alemanian eta Txinan. Garaipen historikoa lortu berri du Teslak 2024an, Audi etxeari aurrea hartuta ibilgailuen salmentetan. Ez du ematen merkataritza gudak mesede handirik egingo dionik, eta horretarako Europa ahultzea komeni zaio. Italia eta Alemaniako ultraeskuinari emandako babesa testuinguru horretan ulertu beharra dago. Ibilgailu elektrikoen bateriak ekoizteko beharrezkoa diren lur arraro eta mineralen afera ere mahai gainean dago. Mundu osoko bateria ekoizle nagusia da Txina gaur-gaurkoz. Menpekotasun horri aurre egin nahi dio Trumpek, eta horretarako hornidura kate alternatiboak behar ditu. Groenlandia begiz jo du. Soka luzea ekarriko duen afera bada ere, Muskek etekina ateratzen jakingo du.
TikTok ere bai?
44.000 milioi dolarretan erosi zuen Muskek Twitter (X gaur egun) 2022an. Polemikoa izan zen erosketa eta are polemikoagoa bere kudeaketa. Plantilla murriztu eta edukiak egiaztatzeko politikak bertan behera utzi zituen. Gezurretan aritzeagatik saretik bota zuten Trumpi kontua itzuli zion eta ultraeskuinaren bozgorailua bilakatu du txoritxoaren enpresa izandakoa. X sare soziala irauli eta zerbitzu plataforma bihurtu nahi du. Duela gutxi banku zerbitzuak eskaintzeko asmoa duela ezagutu dugu. Hastapenetan dagoen proiektua baino ez da, baina ez da ahaztu behar Musk PayPaleko sortzaileetako bat izan zela. Trumpek banku erregulazioa lausotzeko asmoa du, eta horrek erraztu dezake Musken estrategia.
Dena den, banku zerbitzuak ez dira Muskek bere sare sozialarentzat duen egitasmo bakarra. Aste honetan jakin dugunez, AEBko TikToken negozioa eros lezake enpresari hegoafrikarrak. Txinako gobernuarekin izan lezaken lotura argudiatuta, AEBn aritzeko debekua ezarri zion Etxe Zuriak. ByteDance konpainia txinatarrak, TikToken jabeak, auzitegietara jo du Etxe Zuriaren erabakiaren aurka, baina dagoeneko aztertzen ari da AEBko negozioa saltzea eta Musk izan liteke eroslea. Aurki ezagutuko da erabakia, baina Trump alboan izateak asko erraztu dezake salmenta.
Sateliteen gerra Space X da Elon Musken inperioaren hirugarren zutabe nagusia, eta Trumpen babesa izateak onura handiak ekarri ahal dizkio. Kontratu ugari espazio ontzien enpresak NASA eta administrazioaren antzeko agentziekin, baina talka egiten duten afera asko ere bai. Alde batetik, Muskek administrazioak jaurtiketa espazialen lizentzien ematea azkartzea nahi du, Starship kohetearen proiektuari hauspoa emateko. Beste aldetik, Ingurumena Babesteko Agentziak bere enpresan aurka duen jarrera malgutzea espero du, batez ere Starshipen jaurtiketek Texaseko Golkoan duen ingurumen eraginagatik.
Estrategikotzat jo du Bruselak sateliteen sistema propioa izatea, batez ere komunikazioen alorrean autonomia propioa izateko
Starship suzirien programa da Space X-k duen aktiborik sendoena, NASA agentziak berak garatutako Artemis egitasmoari lehia egin ahal diona, kostu baxuagoak dituelako. NASAren kontratuak eskuratzeko lehian izango du, hala ere, Silicon Valleyko beste erraldoia, Jeff Bezos. Bere Blue Origin programak aurrea hartu zion Space Xri ilargian lurra hartzeko moduloa garatzeko 3.400 milioi dolarreko kontratuan. Muskek, halere, badu Trumpentzat berebiziko garrantzia duen tresna, abiadura handiko Internet zerbitzuak eskaintzen dituen Starlink. Larrialdi egoeretan eta populazio gutxiko eremuetan Internet estaldura ematen du Starlinkek, bere 6.000 sateliteek osatzen duten sarearen bitartez. Herrialde txirotuentzat aparteko aukera da garapenaren aldetik eta Musk buru-belarri aritu da azken hilabeteotan produktua Afrikan merkaturatzen.
Europan ere merkatua eskuratu nahi du, baina Europako Batasuna garatzen ari den IRIS2 sateliteen sistema du aurrez aurre. Estrategikotzat jo du Bruselak sateliteen sistema propioa izatea, batez ere komunikazioen alorrean autonomia propioa izateko. Europako Batasuneko jarrera ahuldu nahi du Muskek, estatuen artean pitzadurak sortuz. Giorgia Melonik aurreko astean Trumpi eta Muski egindako bisita horren adibide da. Space X enpresarekin balizko akordioa lortzea leporatu diote hainbatek Meloniri, IRIS2 sistemaren kaltetan. Argigarriak dira, zalantza barik, Musken inguruan Melonik esandakoak: “Elon Musk ez da demokraziarentzat arriskua, Geroge Soros, ordea, bai”.