
Bilbao Exhibition Centre (BEC) izango da Empack eta Logistics & Automation azokaren hirugarren edizioaren agertokia, 2025eko otsailaren 26an eta 27an. Ekitaldiak enpresa, aditu eta hornitzaileak bilduko ditu packaging, logistika, automatizazio eta garraioko azken berrikuntzak aurkezteko. Aldi berean, landu egingo dira bai digitalizazioa, bai jasangarritasuna, baita hornikuntza-katearen optimizazioa ere, industriaren gaur egungo beharrak islatzeko.
Topaketak erakusketa-gunea izango du, eta bertan ikusi ahal izango dira sektoreko profesionalentzako esparru ezberdinetarako (ontziratzea, robotika, garraioa, enbalajea…) irtenbide aurreratuak. Besteak beste A-Safe, ControlPack Systems eta System Logistics Spain markek hartuko dute parte. Gainera, hitzaldi eta mahainguruen programa eskainiko da, non hainbat adituk hitz egingo duten, erronkak eta aukerak aztertzeko; zuzeneko erakustaldiekin eta networking jarduerekin “ezagutzak eta negozio-aukera berriak trukatzea” sustatu nahi da.
Easyfairs izeneko mundu mailako azoka-antolatzaileak prestatuta, ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren eta sektoreko beste bazkide instituzional batzuen (EITB, Basque Food Cluster, Bilboko Portua, Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Mugikortasun Iraunkorra eta Logistikako Euskal Erakundea…) babesa du. Izen-ematea doakoa da eta ekitaldiaren orri ofizialean egin daiteke.