Eneko Andueza: "Trantsizio energetikoa aukera bat izan daiteke gure enpresentzat"

Euskal industriak BPGaren %40 gainditu dezan, sektorearen egiturazko arazoei aurre egin beharra aldarrikatu du Anduezak. Erabilera turistikorako etxebizitzen gainean kontrol handiagoa ezartzeko turismoaren euskal lege bat sustatzea aurreikusten du

Argazkia: Utzita Argazkia: Utzita

2021eko azaroaz geroztik, PSE-EEren idazkari nagusia da Eneko Andueza (Eibar, Gipuzkoa, 1979). Datorren apirilaren 21ean egingo diren EAEko Legebiltzarreko haustekundeetako alderdiaren lehendakarigaia ere bada, eta hauteskunde kanpaina hasi aurretik, EnpresaBIDEAren galderei erantzuteko tartea hartu du. Aktualitate ekonomikoaren analisia egin eta etorkizuneko erronkak aztertu ditu, hala nola industria, etxebizitza, zerga erreforma, lehen sektorea edota trantsizio energetikoa bezalako gaiak xehatuz.

EAE industria-herria izan da orain arte. Eraldaketa hirukoitza (jasangarritasuna, energia eta teknologia) arrakastaz gauzatzeko zein ahulezia eta zein erronka zehaztu dituzue?

Amaitzera doan legegintzaldi honetan, gure apustua izan da Euskadiren industrializazio jasangarria sustatzea eta berrikuntza bultzatzea, industria lehiakorragoa izan dadin. Etorkizunera begira, berriz, baliabide guztiak jarri behar ditugu sektorearen egiturazko arazoei aurre egin diezaion eta euskal industriak BPGren %40a gainditu dezan. Horixe da gure helburua, eta eraldaketa digitalarekin, berrikuntzarekin, horniduren eta lehengaien kateak berregituratuz eta industria-proiektu handien sustraitzea eta tamaina ertaineko multinazionalen garapena ekarriko duten neurrien bidez lortu nahi dugu.

Etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko eta etxebizitza politika eraginkor bat gauzatu ahal izateko gakoak zeintzuk dira zure ustez? Zentzu horretan, alokairuen prezioari muga jartzea eraginkorra al da? Etxebizitza turistikoei ere muga ezarri behar zaiela uste duzu?

Sozialistek legeak onartutako eskubide batean bihurtu dugu etxebizitzarako eskubidea, osasunaren eta hezkuntzaren pare jarriz, alegia. Eta hori betetzea bermatzen ari gara alokairu soziala sustatuz edo gazteen emantzipazioa bultzatzeko Gaztelagun bezalako programekin. Ildo horretan, iragarri dugu dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko alokairuko etxebizitzen erdiak 35 urtetik beherako gazteentzat gordeko ditugula. Horrez gain, datorren legegintzaldian igo egingo dugu aurrekontua, alokairu sozialeko 5.000 etxebizitza berri prezio eskuragarri batean sustatzeko. Etxebizitza turistikoei dagokionez, turismoaren euskal lege bat sustatzea aurreikusten dugu, Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Araudiaren egokitzapena barne hartuko duena, erabilera turistikorako etxebizitza horien gainean kontrol zehatzagoa egiten jardun ahal izateko.

"Etxebizitza turistikoei dagokionez, turismoaren euskal lege bat sustatzea aurreikusten dugu, Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Araudiaren egokitzapena barne hartuko duena"

Jaurlaritzak etxebizitza legearen aurka egin du, PSE-EE bertan kidea izanik. Zer iritzi duzu honen inguruan?

Helegitea sailburu sozialistak aurka egonez aurkeztu da. Ez dugu ulertzen nola jarri daitezken oztopoak argiro positiboa den lege batean, aterki juridiko bat eskaintzen baitu Euskadin politika gehiago martxan jartzeko eta etxebizitzaren arazoari konponbideak jartzeko. Nire ustez, helegite hori EAJk EH Bildurekin abertzaleago nor den erakusteko duen lehiagatik jarri da. Nolanahi ere, EAJ lehen ere 2015eko Euskal Legearen aurka azaldu zen, ez gaitu harritzen.

Nekazarien aferaren inguruan, zer egin dezake Jaurlaritzak nekazariei soluzioak emateko, konpetentzia gehienak EBk dituela jakinda?

Gobernuak konpromiso irmoa du nekazaritza sektoreekin, eta ekintzekin frogatu du. 2022an eta 2023an ezohiko laguntzak bideratu izan ditu sektorearentzat, 4.000 milioi eurotik gorako balioarekin. Estatuak oraindaino sekula ez zuen horrenbeste funts publiko mobilizatu lehen sektoreari laguntzeko. Horrez gain, neurri batzuk ere hartu dira zerga arloan, PFEZaren etekin garbian beherapenak jarrita, esate baterako, eta igo egin dira mailegu hobaridunentzako aurrekontuak eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzeko gerorapenak onartu dira, beste neurri askoren artean.

Trantsizio energetikorako legea oraintsu onartu da Eusko Legebiltzarrean, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Hidrokarburoek gure ekonomian duten pisua kontuan hartuz, izan al daiteke trantsizio hau mehatxu bat? Herri-politiken helburuetako bat da trantsizioa egin bitarteko bermeak eskaintzea. Nola eta noraino bermatu daiteke diru-sarrerei eustea?

Klima aldaketak gurekin zerikusirik ez duela iritzita geldirik, beste aldera begiratuz, geratuko bagina sortuko liratekeen kostu ekonomikoak, sozialak zein kulturalak askoz handiagoak izango lirateke, gizarte bezala 2045erako klimaren neutraltasuna lortzeko egin beharrean garen ahalegina baino. Gainera, trantsizio energetikoa aukera bat izan daiteke gure enpresentzat, industria-politika berri bat bultzatzea eta indartzea ekar dezake, eta horren ondorioa kalitatezko enplegua, egonkorra eta ondo ordaindutakoa izan daiteke. Ez dugu ahaztu behar energia garbiaren sektoreak pisu handia duela euskal ekonomian eta, gaur-gaurkoz, energia berriztagarrien sektoreak bizi duen bultzada itzelari erantzuteko posizioak hartzen ari dela. Orain da garaia trantsizio horrek eragin diezaiekeen enpresa eta sektore guztiei laguntzeko.

"Trantsizio energetikoa aukera bat izan daiteke gure enpresentzat, industria-politika berri bat bultzatzea eta indartzea ekar dezake, eta horren ondorioa kalitatezko enplegua, egonkorra eta ondo ordaindutakoa izan daiteke"

Pobrezia datuak argitaratu ditu orain gutxi INEk. Pobrezia arriskuan bizi dira EAEko biztanleen %10 baino gehiago. Nola bermatu daiteke unibertsaltasuna eta zaurgarritasun-egoera latzenekiko lehentasuna? Berme-sistema indartu behar dugu?

Diru-sarrerak Bermatzeko Legea berritu izan dugu, sistemaren unibertsalizazioa ekarri duena. Horrekin, estaldurak nabarmen igo dira eta babes handiago eskaintzen zaie behar besteko estaldura ez zuten sektoreei, hala nola adingabeak kargura dituzten familiei, guraso bakarreko etxeei, desgaitasuna duten pertsonei, pentsionistei edo genero-indarkeriaren biktimei. Bide horretan aurrera egin nahi dugu datorren legegintzaldian, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera batzuk izateko eskubidea egiazki bermatuz eta inklusiorako tresnak eskainiz, pertsona guztiek izan dezaten hobetzeko eta enplegu duin bat izateko aukera. Ez dugu nahi babesteko eredurik onena, aldiz, inklusiorako eredurik onena nahi dugu.

Egungo ekonomiaren kezka handienetako bat enpresen errotzea da. Hemengo enpresa askok atzerrira alde egin dute azken urteetan eta atzerriko enpresak hona etorri dira. Nola eman diezaiokegu buelta joera honi? Eta zer da zure ustez ekonomikoki hemen errotzea? Zergak hemen ordaintzea, erabakiguneak hemen izatea?

Euskadiren garapen ekonomikoa, oparotasuna, bere industria- eta enpresa-guneak mantentzeari eta proiektu berriak erakartzeari lotuta dago. Garrantzitsua da enpresen errotzea bultzatzea. Horretarako, garai bateko aurrezki-kutxen banku-fundazioak euskal enpresetan inbertitzera bultzatu nahi ditugu, tamaina ertaineko euskal multinazionalen errotzea ziurtatzera zuzendutako ildo bat tarteko. Eta Finkatuz funtsa indartu nahi dugu eta diru-laguntzen lege berria garatu nahi dugu, enpresen deslokalizazioa saiheste aldera.

enp2
Argazkia: Utzita

Erronka demografikoa ere mahaigainean dugu eta horrekin lotuta pentsioen afera. EAEk muskulu nahikorik al du pentsio sistema propioa izateko? Eta zelan orekatu beharko litzateke pentsio sistema hori? Gainera arazo demografikoak langile falta ekarri du sektore askotan, eta ez dago esku lan nahikorik. Nola egingo diogu aurre errealitate honi?

Euskadik aurrean duen erronka demografikoa pentsioen kontuaz harago doa. Era integral batean heldu behar diogu. Populazioaren zahartzeak politika publiko guztiei eragiten dio dagoeneko: arlo soziosanitarioari, hezkuntzari, enpleguari… Pentsioen sistemari dagokionez, guk argi azaldu izan dugu, kutxa-batasuna bermatuta egon behar dela.

40 urte bete dira Euskal lan esparru propioaren aldeko aldarria egin zutela sindikatu abertzaleek eta orain Euskal lan esparru propioaren eskaera hedatzeko garai politiko aproposa dela aldarrikatzen ari dira. Zer falta da esparru propio hori izateko?

Lan esparruan, zatiketa beti kalterako izan da, nire ustez. Kontua bada geure Langileen Gutxieneko Soldata (LGS) bat izatea, geure pentsio-sistema bat izatea, langileen estatutu bereiztu bat, ez dut egingarria ikusten. Bestelako kontua da, adibidez, euskal hitzarmenek lehentasuna izatea estatukoen aldean. Abenduan ezin izan zen hori onartu, baina berriz bozkatuko dute Kongresuan. Euskal langileen baldintzen onerako bada, ongietorria izan dadila.

"Lan esparruan, zatiketa beti kalterako izan da, nire ustez. Kontua bada geure LGS bat izatea, geure pentsio-sistema bat izatea, langileen estatutu bereiztu bat, ez dut egingarria ikusten"

Erreforma fiskala dator laster. Zer osagai izan beharko luke zerga erreformak EAE enpresentzako lurralde lehiakorra izateko eta justizia soziala bermatzeko? Era berean, EAEk defizitik ez duela aldarrikatzen da askotan, baina, ona al da ekonomiarentzat defizitik ez izatea?

Guretzat, fiskalitatea aberastasuna birbanatzeko tresna bat da, elkartasunerako eta kalitateko zerbitzu publiko batzuk izateko bitarteko bat. Gure gogoetaren jomuga beti izan da zer zerbitzu publiko nahi ditugun, eta halaxe jarraituko du izaten aurrerantzean ere. Hortik aurrera, horiek mantentzeko zerga-sistema aproposa zein den zehaztuko genuke, progresibitatearen alde eginez beti, gehien duenak gehiago ordain dezan. Hausnarketa sakona egin behar genuke fiskalitateari buruz, maila guztietan, baita etxebizitza alorrean ere. Erreforma garrantzitsu bat proposatu dugu dagoeneko alor horretan, fiskalitate-laguntzak alokairura eta birgaitzera zuzen daitezen, erosketa sustatzera zuzendu ordez.

Emakumeen presentzia enpresa munduan areagotu bada ere, ardura postuetan oraindik gutxiengo nabarmena direla diote datu guztiek. Soldata-arrakala edota zaintza- sistema eraginkorrik eza aipatzen dira sarritan, eskubide kontua izanda ere, ekonomian oztopoa baita. Nola bizkortu dezakegu genero berdintasunaren prozesua ekonomia munduan?

Azken datuek diote aurrera goazela. 2016tik sozialistek zuzentzen ditugun sailetan martxan jarritako politika publikoei esker, soldata-arrakala sei puntu jaitsi da hiru urtetan. 2018an %22,6 izatetik 2021ean %16,7 izatera igaro da, azken datuen arabera. Halere, asko dago egiteko oraindik. Eta norabide horretan doaz, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzan abian jarri izan ditugun ekimenetako asko, emakumezkoen ekintzailetza eta lidergoa bultzatzeko programekin, sektore maskulinizatuetan emakumeen prestakuntza eta kontrataziorako bide berri batekin edo 50 langiletik gorako enpresentzat berdintasun-planaren derrigortasuna ezarrita.

"Hausnarketa sakona egin behar genuke fiskalitateari buruz, maila guztietan, baita etxebizitza alorrean ere. Erreforma garrantzitsu bat proposatu dugu dagoeneko alor horretan"

Euskararen presentziari dagokionez, nola ikusten duzu gure enpresa ehuna eta zer politika behar ditugu gure hizkuntzaren erabilera indartzeko? Garrantzia ematen al diete euskal enpresek gure hizkuntzaren kudeaketa on bati? Era berean, enpresen errotzean laguntzeko tresna izan behar al du euskarak?

Enpresen sektorea gizartearen isla da, eta beraz, euskarak presentzia handia du dendetan eta enpresetan. Hau orain, beharrezkoa izan daiteke sektore horretan gehiago zabaldu eta erabiltzea; hori dela eta, negoziazio kolektibotik langileek euren denbora pertsonalaren kargura izan gabe euskara ikasteko baimenak eta orduak eskaintzearen aldeko akordio guztiak bultzatzen ditugu. Enpresek eta dendek jendeari arreta euskaraz eskaini ahal izateko neurriak ere bultzatu nahi ditugu.

Gure gizarte kontsumistak bizi duen hazkunde eredu aldaketa aldarrikatu duzue. Zeintzuk dira etorkizunari begira proposatzen dituzuen tresna eta neurriak gure planetaren etorkizuna bermatzeko? Zentzu honetan, ekonomiaren deskarbonizazio prozesu hau lortzeko, euskal finantza erakundeen inplikazioa eskatu duzu.

Ekonomia jasangarri baten alde gaude. Aldaketa garaiak ari gara bizitzen, eraldaketa energetikoari nahiz ingurumenaren aldaketari aurre egin beharrean gara, gure industrian egiturazko erreformak eginez. Aztarna ekologiko bortitzeko energia-kontsumo handia du Euskadik; kontsumitzen dugun energiaren %17 besterik ez da berriztagarria. Ezin gara beste aldera begira geratu. Eta, bai, finantza-erakundeak trantsizio berdean engaiatu nahi ditugu, bere jardunbideak ekonomiaren deskarbonizazioa bultzatzera zuzentzea nahi dugu. Eta ekonomia berdearen alde egiten duten enpresa-proiektuentzat kredituetarako aukera gehiago izatea ere bultzatuko dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK