Enkarterri: langabezia altuari aurre egiteko egitasmoak bultzatuz

2008ko krisiak gogor kolpatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia tasa altuena duen eskualdea. Dena den, Enkaterriko eragile asko eskuldearen garapen ekonomikoa sustatzen ari dira azken urteotan

Gordexola herria Enkarterri eskualdean | Argazkia: iStock Gordexola herria Enkarterri eskualdean | Argazkia: iStock

EAEn langabezia tasa handiena duen zonaldea da Enkarterri. Eustaten arabera, %11,9koa izan zen iaz. Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla herriek osatuta, 35.000 biztanle baino gehiago ditu Bizkaia mendebaldeko eskualdeak. Bi gune nagusitan banatuta dago: alde batetik, Cadaguako korridorean zehar kokatutako udalerriak daude, eta bestetik, landa ingurukoak.

Enkarterri Group enpresa elkarteak eta Enkarterriko Mankomunitateak egindako 2023 urteko enpresa txostenaren arabera, guztira, 2.727 enpresa daude egun Enkarterrin. Gehienak 30 urte baino gutxiago dituzten mikroenpresak eta enpresa txikiak dira, eta jarduera sektoreak oso heterogeneoak dira, nahiz eta gehienak zerbitzu sektorean aritu. Txostenak dionez, bertako enpresek azken urtean %68 handitu dute euren fakturazioa. Aurten, ordea, enpresen erdiak soilik aurreikusten du fakturazioa areagotzea. Gainera, enpresa gehienek kostu finkoen handitzea dute arazo nagusitzat.

“Historiak, jendeak, lurrek, dinamismo ekonomikoak, erakundeen berezitasunak eta baliabide natural izugarriak direla eta, Enkarterri espazio berezia bihurtu da, mendeetan zehar mantendu den berezko nortasunarekin”, dio Martin Perez Garmendia Enkarterriko Mankomunitateko presidenteak. 2020-2030 aldirako eskualdeko plan estrategiako abian du mankomunitateak, bertako ekonomia indartu eta eskualdearen lehiakortasuna handitzeko asmoz. Hala, kolaborazio publiko-pribatua eta ehun industrialaren kooperazioa funtsezkotzat jotzen ditu Perezek. "XXI. mendean bere lekua bilatu nahi du eskualdeak, etorkizunari aurre egiteko eta erreferente izateko espazio bat izan nahi du, bai lurralde mailan, baita herrialde mailan ere".

Enpresen gotorleku

Eskualde-garapeneko estrategiaren esparruan, eta Bizkaia Orekan Sakonduz egitasmoaren baitan, Enkartur ibilbide handiena duen eragileetako bat bilakatu da eskualdean. Azken urteotan hainbat ekimen sustatu dituzte eskualdeko industria sektorearen eta hauei lotutako zerbitzuen lehiakortasuna hobetzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak ia 300.000 euro bideratu ditu agentziara, eta besteak beste, Mugikortasun Jasangarria, Enkarterri Innova, Industrialdeak Hobetuz, Elkarrekin Mundura edota Suspertze Digitala egitasmoak gauzatu dituzte.

Enkarturren enplegu eta ekonomia sustatzeko saila Behargintza deitzen da, eta bertako arduraduna da Eduardo Martinez: “Enpresei babesa ematen diegu, kudeaketa hobetzeko tresnak eskainiz, baita trantsizio digitalak, energetikoak eta ekologikoak dakartzaten erronkei aurre egiteko tresnak emanez ere”.

Trantsizio digitalari dagokionez, hainbat formazio tailer eta enpresetara bisitak antolatzen dituzte, GAIA klusterraren bitartez. “Egoera-diagnostikoak eta ekintza-planak egiten ditugu, honako hauek barne hartuta: erronka eta irtenbide teknologikoak identifikatzea, hornitzaile posibleak zehaztea (haiekin bilerak egiten dira proposamenen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzeko), eta finantzaketa-ildoak”, azaldu du Martinezek.

Eduardo Martinez: “Enpresei babesa ematen diegu, kudeaketa hobetzeko tresnak eskainiz, baita trantsizio digitalak, energetikoak eta ekologikoak dakartzaten erronkei aurre egiteko tresnak emanez ere”

Ingurugiroa sustatzeko ere halako egitasmoak gauzatzen dituzte. Kasu horretan, ordea, Aclima klusterraren laguntza jasotzen dute. Trantsizio energetikoan laguntzeko asmoz, bai enpresentzat, bai poligono industrialentzat, energia berriztagarriak (plaka fotovoltaikoak, auto elektrikoen karga puntuak) ezartzeko analisiaz arduratzen dira. “Ekimen horiek guztiak Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren eta Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren esparruan garatzen dira, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak diruz lagunduta”, argitu du.

Industria poligonoen hobekuntza ere bultzatzen du Behargintzak. Zehazki, jabe edota maizterren elkarteak sortzea sustatzen dute, baita jada martxan direnak dinamizatu ere, hori bai, jabeen erkidegoekin elkarlanean betiere. “Premiak identifikatu, neurri zuzentzaileak eta horiek gauzatzeko arduradunak barne hartzen dituzten ekintza-planak egin edota inbertsiorako dirulaguntzak izapidetzen ditugu. Azken hiru urteetan, industrialde horietan bide eta aparkalekuak handitu eta margotu dira, bideo zaintzako kamerak jarri, enpresen direktorioak ezarri eta hondakinak kudeatzeko proiektuak abiarazi dira".

iStock 683406408
Balmaseda da Enkarterriko herri populatuena | Argazkia: iStock

Enpresa sarearen bozgorailua

Alex Lopez Gordexolan kokatutako Vibacar enpresako zuzendaria eta 2022az geroztik Enkarterri Groupeko presidentea da. Orain hamar urte pasatxo sortu zen enpresa elkarte hau, 2008ko krisi ekonomikoak eskualdea erabat “astindu” ostean. “Krisiak enpresa historiko ugari ixtea ekarri zuen, eta hamar bat enpresaburuk elkartea sortzea erabaki zuten, jarduera zehatzik komunean ez bazuten ere”, plazaratu du Lopezek.

Egun 119 bazkide ditu elkarteak, horietatik ehun baino gehiago enpresak direlarik eta eskualdeko udalerrietako zenbait udal ere bazkide dira. “Eskualdeko parte izateak erakarri ditu enpresa gehienak elkartera, guztion artean eskualdea bultzatzera. Enkarterriko enpresa sarearen bozgorailu lanak egiten ditugu”, azaldu du presidenteak.

Alex Lopez: “Eskualdeko parte izateak erakarri ditu enpresa gehienak elkartera, guztion artean eskualdea bultzatzera. Enkarterriko enpresa sarearen bozgorailu lanak egiten ditugu”

Urtean hiru bat gosari antolatzen dituzte, inguruko enpresak batzeko asmoz. Bestelako jardunaldiak ere egiten dituzte, atzerriko enpresak gonbidatuz. “Inguruko enpresa garrantzitsuenetara ere bisitak egiten ditugu. Sidenorren edota Tubacexen egon gara”. Hori gutxi balitz, bigarren urtez segidan Enkarterri Bilbao topaketa egin dute aurten Bilboko BAT dorrean eta 150 eragile ekonomiko izan ziren bertan.

“Pertsona gutxiren lan handia egon da honen atzean. Elkartea ez zen oso ezaguna, eta pixkanaka izena hartzen joan da. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak kontuan hartzen gaituzte, eta eskualdeko udalerriek ere gurekin kontatzen dute”, gehitu du Lopezek.

galeria 004
Sopuertako San Viator hezkuntza zentroa | Argazkia: San Viator

San Viator, talentuaren harrobi

Munduko bazter ororen gisan, talentuaren bilaketa eta kudeaketa ere erronka da Enkarterrin, eta arazo handi horri aurre egiteko berebiziko lana egiten du Sopuertako San Viator hezkuntza zentroak. “Erakunde dinamizatzailea izateko helburua du San Viatorrek” dio Luciano Cearsolo bertako zuzendariak. “Enkarterriren garapen ekonomikoa bultzatu nahi dugu, eta eskualdeko beste erakundeekin egiten dugu lan, hala nola, Enkartur, Behargintza, Enkarterri Group, Mankomunitatea edota Enkarterrialde entitatearekin”.

Hezkuntza sistema ofizialean 975 ikasle izan ditu zentroak pasa den ikasturtean eta datorrenean 1.000ra iritsiko direla aurreikusten dute. Gainera, hezkuntza ez arautuan beste 350-400 ikasle dituzte. Haur eskola, LH, DBH eta Batxilergoko ikasketak eskaintzen dituzte, baita formakuntza profesionaleko behe, erdi eta goi mailako kurtsoak ere.

Fabrikazio mekanikoa, elektrizitatea, automozioa, garraioa eta ibilgailuen mantenua, mendekotasun egoeran dauden pertsonen artatzea, mekanizatua edota karrozeriaren inguruko zikloak egin daitezke bertan. “Barietate handia dugu tituluetan, eta laneratze tasa oso handia da. San Viatorrena baino, formakuntza profesionalaren arrakasta da hau”.

Luciano Cearsolo: “Barietate handia dugu tituluetan, eta laneratze tasa oso handia da. San Viatorrena baino, formakuntza profesionalaren arrakasta da hau”

Hezkuntza eskaintza hori guztia emateko, punta-puntako azpiegitura eta ekipamendua du San Viatorrek. “Zortea izan dugu, Enkarterriren plan estrategikoaren baitan, Jaurlaritzak eta aldundiak hainbat ardatz estrategiko ezarri baitzituzten enplegu eta formazioari dagokionez, eta gure zentroan ekipamendu berria ezartzea ahalbidetu zuten”, azaldu du Cearsolok. “Etxebizitza adimendun bat, ibilgailu hibrido eta elektrikoekin lanean aritzeko tailer bat, 3D inpresioko laborategi bat, robotikako beste bat eta mekanizazio-tailer bat ditugu zentroan”.

Orain arteko hezkuntza eskaintza egonkortzea du helburu San Viatorrek datorren urteetan, formakuntza profesionalaren mundua “oso malgua” bilakatu baita. Baina, hezkuntzaz harago, eskualdeko mailako hainbat proiektu ditu martxan zentroak. Esaterako, urtero Enkarterri Hoberantz izeneko saria ematen dute, eskualdeko enpresa baten lana aitortuz. Era berean, ekintzailetza esparruan EkinEnkaterri egitasmoa ere antolatzen dute. “Negozio ideia duten proiektuei euren negozio plana garatzen laguntzen diegu, eta zentroko hainbat espazio baliatzen dituzte proiektuaren hastapenetan”, kontatu du zuzendariak. “Ingurumenarekin, elektromugikortasunarekin edo mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretarekin lotutako negozio-ideiengatik bereizten diren enpresak saritzen ditugu, eta horretan ere ari gara, ekintzailetzaren gaian”, amaitu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK