Enplegu inklusibo baterako harrera sistema

Gipuzkoako Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko sarean dauden gazteen laneratze prozesuan laguntzeko jaio zen BATZEN orain ia hiru urte. Lurraldeko enpresen gaitasunak eta premiak gazteen ibilbide profesionalekin uztartzea du helburu sistemak

Alae Eddine Aharmym eta Achraf Majib Talleres Arrano harrera enpresan aritu dira lanean | Argazkia: BATZEN Alae Eddine Aharmym eta Achraf Majib Talleres Arrano harrera enpresan aritu dira lanean | Argazkia: BATZEN

Lana lortzea ez da erraza izaten gehienentzat. Are gutxiago, gazte migratzaile batentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko sarean 500 gazte inguru dira egun, eta horietatik asko, 16 eta 23 urte bitartekoak, laneratze prozesu bete-betean dira. Zailtasunak zailtasun, horiek arintzeko jaio zen orain ia hiru urte BATZEN, Gazteak Enpleguratzeko Harrera Sistema.

“Arlo sozioedukatiboan ahalegin handia egiten zen, baina laneratzean hutsune bat zegoela ikusi genuen”, dio Esti Beraza proiektuko koordinatzaileak. Aldundiaren sistema sarean adin tartea dela eta, sail desberdinetan banatzen dira gazteak (haurren eta nerabeen babes sareko gazteak, 16-18 urte eta inklusio sareko, 18-23 urteko gazteak), eta laneratze prozesua abiatzean “haustura potolo” bat ematen zen. Arazo horri aurre egin beharra zegoen, koordinatzailearen esanetan.

Esti Beraza: “Arlo sozioedukatiboan ahalegin handia egiten zen, baina laneratzean hutsune bat zegoela ikusi genuen”

Gazteen ibilbide soziolaborala lantzeko asmoz, Zabalduz kooperatibak kudeatzen zituen pisuetako 80 bat gazterekin hasi ziren lanean. “Metodologia bat ezarri genuen, eta harrera ona izan zuen”. Azken bi urteetan metodologia hori hobetu eta Gipuzkoa osora hedatu dute, eta Zabalduz gain, Kolore Guztiak, Gurutze Gorria, Caritas eta bestelako hainbat erakunde sartu dira proiektuan, euren gazteak BATZEN sisteman txertatuz.

Hiru konpromiso maila

“Guk alde batetik gazteekin egiten dugu lan, bestetik, hezitzaile talde edo erakundeekin eta hirugarrenik, Gipuzkoako edozein sektore eta tamainako enpresekin”, adierazi du Berazak. Emantzipazio prozesuan dauden gazteen laneratze prozesuan bere ekarpena egin nahi duten harrera enpresak dira azken horiek, eta egun 103 daude proiektuan. “Sekulako lanketa egin dugu enpresa hauekin”.

28092021 DSC00499
Enpresetara bisitak eta formakuntzak eskaintzeko aukera ematen du BATZENek | Argazkia: BATZEN

Harrera enpresek beren premiak asetzeko baliatzen dute harrera sistema. “Enpresa batzuk gizarteratze balioak defendatzen dituztelako sartzen dira proiektuan. Beste batzuk, aldiz, tailerrerako bi pertsona kontratatu behar dituztelako besterik gabe. Eta bi aukerak egokiak dira”. Hala, sektore eta enpresa bakoitza modu desberdinean gerturatu da proiektura. Sektore bakoitzaren errealitatea ez baita bera: batzuetan esku lana falta da, besteetan belaunaldi erreleboa da erronka eta beste batzuetan langileak mantentzeko zailtasunak dituzte. “Egoera aztertzen dugu, lurraldeko enpresak zer puntutan dauden ikusi, gerora gazteen laneratzea ondo egiteko”.

“Enpresa batzuk gizarteratze balioak defendatzen dituztelako sartzen dira proiektuan. Beste batzuk, aldiz, tailerrerako bi pertsona kontratatu behar dituztelako besterik gabe. Eta bi aukerak egokiak dira”

Harrera enpresek hiru konpromiso mailen artean aukera dezakete. “Konpromisoen helburua da gazteak eta enpresak hainbat espaziotan elkartzea”, Berazaren hitzetan. Lehen konpromisoan gazteen gaitasun soziolaborala eta lanerako motibazioa lantzeko ekimenak egiten dira, hala nola enpresetara bisitak edota hitzaldiak. “Gauza txikia ematen du, baina ez da hala. Hernaniko tailer bat bisitatu, eta estereotipoak eta beldurrak apurtzen dituzu. Gerente batek 18 urte dituzten 5-6 gazte migratzailerekin hitz egin dezake”.

Lehen konpromisoaren bidez, gazteei nolabaiteko entrenamendu bat eskaintzen zaie laneratzeko unea iritsi aurretik. Bigarren konpromiso mailan edo modalitatean, lan bitartekaritza eta inklusio soziolaboraleko ibilbide formatibo pertsonalizatuak eskaintzen dira, hots, “praktikaldiak eta kontratazioak”. Hirugarrenean aldiz, konpromiso maila areagotu egiten da, enpresarekin “elkarlan estrategiko bat” sortuz. “Kontratazioa gaitasun maila handiagoa duten enpresekin egiten dugu lana”, argitu du.

Ibilbide bat diseinatuz

Egun 134 gazte daude BATZENen sisteman aktibo eta plataforma baten bidez gazte bakoitzaren profila gordetzen dute. Tartean, txosten bat egiten dute, laneratze prozesuan gaztea non dagoen kokatuta ikusteko. “Balorazio bat egiten da, eta gazteak zer errealitate eta potentzial duen ikus dezakegu”, kontatu du Berazak.

Gazte bakoitzaren hurrengo urratsak emateko "koordinazio lan potente bat" egitea oso garrantzitsua da. Askotan, lau pertsonen artean hartzen dute erabakia: harrera enpresako arduraduna, hezitzailea, ikasketa zentroko ordezkaria eta BATZENeko arduraduna. “Erabakiak denon artean kontrastatuta izan behar du, eta adostutako plana egin behar dugu. Guk ez dugu gazte bakoitzaren errealitatea ezagutzen bere hezitzaileak bezala”.

“Erabakia denon artean kontrastatua izan behar du eta adostutako plana egin. Guk ez dugu gazte bakoitzaren errealitatea ezagutzen bere hezitzaileak bezala”

Besteak beste, inklusio hitzarmenak egiten dituzte enpresekin. “Demagun hemendik bi hilabetera bi langile erretiratzen direla. Bi gazte ditugu bertan lan egiteko baldintzak bete ditzaketeenak, baina gidabaimena edota orgatila erabiltzeko baimena falta zaie. Guk baldintza horiek baztertzaile bihurtu beharrean, ibilbide bat diseinatzen dugu denbora horretan gazteak formakuntza hori jaso dezan”, azaldu du. Modu honetara, laneratze unean iristen denerako gaztea trebatuta legoke lan horri aurre egiteko.

Azken hau bigarren mailako konpromisoan eman ohi da. Halaber, hirugarrenean sartzen da laneratze enpresek emandako zerbitzuen kontratazioa. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak espresuki kontratatzeko sortu diren enpresak dira hauek, Hernanin kokatua dagoen Bertatik kooperatiba, esaterako. “Harrera enpresei eskaintzen diegu Bertatiken zerbitzuak kontratatu ahal izatea. Enpresa edo erakunde jakin batzuek ez du gazte bat kontratatuko, hizkuntza edo ikasketak direla eta, baina horrek ez du esan nahi harrera enpresa izateko aukera ez dutenik. Hitzaldiak ematen izan daitezke edota laneratze enpresa baten zerbitzuak kontratatuz. Zeharka enplegu inklusibo bat sustatzen dute”, nabarmendu du Berazak.

Gaurko eta biharko profesionalak

Gaur ez bada bihar, edozein enpresak profesionalak beharko ditu, eta BATZENen dauden gaur gazteak dira, eta bihar profesionalak. Egoera zaurgarria dauden pertsona horiek kontratatuz gero, harrera enpresek BATZENen aholkukaritza ere jasotzen dute, gazte hauen bete-beteko jarraipena egiten baitute. “Laneratzea lantzeko mila formula daude, baina gure bereizgarria da modu sistemikoan egiten dugula”, dio Berazak. Lurraldeko enpresak ezagutzea giltzarri da beraz, "zer eskari dituzten eta zertarako prest dauden" jakitea. Aldi berean, heziketa zentroekin ere etengabeko lanean dihardute.

Jarduera osoa nolabaiteko ikasketa prozesu bat izan da arduradunaren ustetan. “Guk, esaterako, ez genekien arotzerian profesionalen beharra eta sekulako eskaria zegoenik. Orduan, orain ari gara gazteei zurgintza zer den azaltzen eta formakuntza eskaintzen”. Era berean, hezitzaileei informazioa helarazten diete, sektore bakoitzaren premiak azalduz. Izan ere, askotan sektore berdinetara jotzen dute hezitzaileek, ostalaritza edota mekanizazio sektorera, alegia.

DSC05052
Aqdas Malik, BATZENeko erabiltzailea; bere ibilbide soziolaborala Inklusio Hitzarmen baten bidez adostua izan da.

Eragin-esparrua handitu

Sisteman gazte baten alta jasotzean, gaztearen hezitzaileari formakuntza eskaintzen dio BATZENek. Plataformak nola funtzionatzen duen edota txostena nola osatu azaldu beharra dago. Harrera enpresak duen konpromiso mailaren arabera ere, BATZENen esku-hartzea desberdina da, nahiz eta hasiera batean aholkulari gisa soilik aritu. Metodologia horretan guztian zer hobetu badutela uste du Berazak. “BATZEN laguntza bat da, metodologia oso bat, gazteek erremintak lortzeko laneratze horretan”.

BATZENek oraingoz 16-23 urte arteko gazteak barne hartzen ditu, egoitza harreretan bizi diren gazte tutelatuak, Foru Aldundiarekin hala adostuta. Aitzitik, laguntza soziolaborala hedatzeko aukera ez du baztertzen proiektuko koordinatzaileak, adin tartea edota eragin-esparrua zabalduz. “Hori Foru Aldundiarekin adostu behar dugu, azkenean zerbitzua eurei bideratuta baitago”.

"Laguntza soziolaborala hedatzeko aukera ez dugu baztertzen, adin tartea edota eragin-esparrua zabalduz"

Harrera enpresei dagokienez, orain ehun enpresa inguru badira, etorkizun batean 300 izatea gustatuko litzaiekeela aitortu du. “Gazte gehiago sarean izatea ondo legoke, baina badakigu hazkundea beti ez dela esponentziala izango. Gazte asko lau urteetan sisteman izango dira eta modalitate batetik bestera pasa daitezke". Era berean, sektore gehiagotara ailegatu nahiko lukete, harrera enpresa anitzagoak izateko. “Oraindik ukitu ez ditugun sektore asko daude, estetikaren mundua eta ile apaindegiak adibidez. Oraindik ez dugu sare bat bertan", bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK