Enplegu publikoko 101 lanpostu aurkeztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Oposizio-lehiaketa bidezko 13 deialdi onartu ditu. Oinarrien xehetasunak urriaren 17an argitaratuko dira, eta izen ematea irekiko da hurrengo egunean

Irune Berasaluze Gipuzkoako foru bozeramailea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Irune Berasaluze Gipuzkoako foru bozeramailea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

101 lanpostu eskainiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. 13 deialdi onetsi ditu gaur Diputatuen Kontseiluak, enplegu publikoko hautaketa prozesuetarako. Irune Berasaluze foru bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak adierazi du belaunaldien arteko errelebo prozesuan daudela, baita giza baliabideak finkatzeko prozesuan ere, eta gaineratu du prozesu horiek “abiada handia hartzen ari direla” legegintzaldi berrian.

Eskainitako plazetara aurkezteko oinarriak argitaratuko dira (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean) bihar, urriaren 17an, eta ostiraletik aurrera egongo da izena emateko aukera. Hainbat profil behar dira lanpostuetarako. Oposizio-lehiaketaren bitartez esleituko dira plazak, eta kategoria guztiak hartzen dituzte (A1, A2, C1 eta C2). Ondorengo lanpostuak eskainiko dira: administrazio orokorreko teknikarien 34 plaza; ogasuneko goi mailako teknikarien 18 plaza; 9 plaza bai obra eta proiektuetako teknikari laguntzaileentzako bai suhiltzaile ofizialentzako; 8 plaza basozainentzako eta beste 8 laguntzaile balioaniztunentzako; bina plaza egongo dira prebentzio eta esku hartzeko laguntzaile teknikoentzako, ingurumeneko goi mailako teknikarientzako, eta irratiko operadoreentzako; azkenik, telekomunikazioko ingeniariaren plaza bakarra eskainiko da. 

Berasaluzek adierazi du Foru Aldundiak gaitasunak indartzeko aukera izango duela prozesu honi esker, hala nola, ogasunaren kudeaketan, gizarte arretan eta jasangarritasunean. “Administrazio publiko indartsu eta trebea izan nahi dugu, herritarrei zerbitzu bikaina eskainiko diena eta gaur egungo behar eta erronka berrietara egokitzeko gai izango dena”, gehitu du.

Deialdiak maiatzaren 1etik aurrera egingo dira. Puntuaziorako kontuan edukiko da probetan lortutako emaitza, baina balioztatuko dira administrazio publikoetako esperientzia, titulu ofizialak, baita hizkuntzak ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK