
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eskainitako datuen arabera, langabe kopuruak behera egin du EAEn 2024ko abenduan. Zehazki, 514 langabe gutxiago zenbatu dira, orotara 107.380 izanik. Hala, azaroaren aldean %0,48 beheratu da kopurua. Gainera, 2023ko abenduaren aldean, lanik ez zuten pertsonak 399 gutxiago ziren, eta, datu horrena arabera, %0,37ko beherakada izan da urtebetean.
Nafarroari dagokionez, 2024ko abenduan 30.355 pertsona langabe zenbatu dira, 2023ko abenduan baino 367 gehiago, %1,22ko gorakadarekin. Azaroaren aldean, EAEn ez bezala, %0,57an igo da langabe kopurua, 172 pertsona gehiagorekin.
Bestalde, maximo historiko berria erregistratu da Gizarte Segurantzan kotizatzen duten pertsona kopuruari dagokionez. Izan ere, 2024ko abenduan 1.024.511 afiliatu zenbatu dira EAEn, aurreko hilabetean baino %0,16 gehiago. Hain zuzen, 1.613 izan dira afiliatu berriak abenduan, eta 11.563 afiliatu berri (+%1,14) urte osoan zehar.
Nafarroan ere gora egin du afiliatu kopuruak 2023. urteko abenduaren aldean, 4.587 pertsona gehiagorekin, alegia, %1,5eko gorakadarekin. Hala, guztira 310.336 pertsona dira batez beste. Kontrara, 2024ko azaroarekin alderatuta, Gizarte Segurantzan kotizatzen duten pertsona kopurua %0,73 jaitsi da, 2.285 langile gutxiago izan baitira batez beste.
Kontratazioaren datuak erreparatuta, 2024an EAEn 57.504 kontratu berri sinatu dira, eta horietatik %20 izan dira mugagabeak. Erdiak baino gehiago emakumeenak izan dira (%51,1), baina kopuru horren gehiengoa (%46,1) lanaldi partzialeko kontratuak izan dira.
Bestalde, Nafarroako datuak erreparatuta, 2024an 284.224 kontratu sinatu dira, urtebetean %1,3ko beherakada erregistratuta. Horietatik %21,6 izan dira mugagabeak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak azaldu du lanean jarraitzen duela “lan bila dabiltzan pertsona guztiek beren helburua lor dezaten”, eta gaineratu du horretarako “enplegu-politika aktiboen aldeko apustua indartuko” duela. Oro har, EAEri dagokionez, “2024a datu onekin amaitu” dela adierazi du Jaurlaritzak.