Enpresa berriak sortzen dituzten ekintzaileentzat PFEZaren erregimen berezia onartu du Gipuzkoak

Kultura sustatzeko pizgarri fiskal berriak ere onartu dituzte, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur goizean onartu dute 2024 urterako zerga aldaketen sorta. Batzarkide-taldeek onartu dituzten berritasun nagusien artean, erregimen berezia onartu da PFEZn start-up enpresen sortzaileentzat.

Ondasun Higiezinen gaineko zergari dagokionez, 2024rako zerga-aldaketen sortan jasotako zuzenketa berriak aukera ematen die udalei, egoki iritziz gero, ondasun higiezinen gaineko zergari %99rainoko hobaria emateko, baldin eta etxebizitza alokairuan jartzen badute abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuak araututako Bizigune Etxebizitza Hutsaren Programaren bidez edo irailaren 17ko 144/2019 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Libreen Alokairu Merkatuko Bitartekaritza Programaren (ASAP) bidez.

Etxebizitza erosteko eta alokairua eskuratzeko merkatuan dauden tentsioak direla eta, neurri honen helburua da Gipuzkoaan dauden etxebizitza hutsak alokairuaren merkatuan sartzea, jabeei hobari fiskalak emanez.

Kultura sustatzeko pizgarriak

Halaber, kultura sustatzeko pizgarri fiskal berriak onartu dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Batzarkide talde guztiek aho batez onartu dute zinemarako, arte eszenikoetarako eta musikaletarako eta liburuen ediziorako kenkarien araubidea hobetzeko foru arau berria, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Hala, foru-arauan ikus-entzunezko ekoizpenetarako jasotako kenkariak %50etik %60ra bitartekoak dira, EAEn egindako gastuaren arabera. Euskarazko lanen kasuan, izaera orokorreko obretan baino %10 gehiago desgrabatuko litzateke, eta, hala, %70eko kenkaria ere izan dezakete. Edozein egoeratan aplika daitekeen gehienezko kenkaria 10 milioi eurokoa izango da film bakoitzeko, eta 3 milioi eurokoa kapitulu bakoitzeko, telesailen kasuan.

Arte eszenikoei eta musikalei dagokienez, Gipuzkoako Foru Ogasunak %30eko kenkari orokorra sartu du araudi berrian zuzeneko ikuskizunen ekoizpenetarako, eta %40koa euskarazko ekoizpenetarako. Kenkari horren oinarria zuzeneko kostu artistikoek, teknikoek eta sustapenekoek osatzen dute, eta gehieneko kenkaria milioi bat eurokoa izango da zergadun bakoitzeko. Ildo horretan, obra horien irabazien %50 gutxienez zuzeneko ikuskizun berriak berrinbertitzera bideratu beharko da, lau urteko epean.

Industria-ekoizpen seriatuaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen duten liburuak argitaratzeari dagokion kenkariak eskubidea emango du kuota likidoaren %5eko desgrabazioa egiteko bere erregimen orokorrean, eta %15ekoa euskaraz argitaratutako eta euskaratik itzulitako liburu edo aleentzat, baldin eta gutxienez editatutako guztien %50 badira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK