2024ko urrian Gizarte Segurantzan hamabost enpresa gehiago zenbatu dira EAEn, orotara 57.570 enpresa izanik. Aurreko urteko datuen aldean, %0,4 txikitu da kopurua, 207 enpresa gutxiagorekin. Datuak Confebaskek argitaratutako buletinean jasotakoak dira. Pandemia garaiaren (2020ko otsailaren) aldean are eta enpresa gutxiago daude (-%2,2), hots, 1.323 enpresa.
Sektoreka sailkatuta, eta aurreko urteko hilabete beraren aldean, datuek behera egin dute industriaren eta zerbitzuen sektorean; ez da hala izan, ordea, eraikuntzaren sektorean. Zehazki, industriaren sektorean %5,9 jaitsi da enpresa kopurua, 389 enpresa gutxiagorekin; zerbitzuenaren kasuan jaitsiera %2koa izan da, 922 enpresekin; datu positiboak eraikuntzaren sektorekoak dira, 92 enpresa gehiago baitaude, %1,8ko igoerarekin.
Gizarte Segurantzan erregistratutako autonomo kopuruari dagokionez, egun 166.722 dira EAEn, urrian 584 pertsona gehiago izan baitira. Hala eta guztiz ere, urte artean kopurua %0,3 beheratu da, eta are gehiago 2020ko otsailarekin alderatuta: 3.522 autonomo gutxiago daude, %2,1eko beherakadarekin.
Bestalde, konkurtsoek %38,3 egin dute gora, 159 enpresa gehiagorekin. Enpresa horien kasuan, lehen hiruhilekoan goranzko joera egon da sektore guztietan, 2023ko epe beraren aldean: eraikuntzaren sektorekoa izan da gorakada nabarmenena, %62,5ean igo baita kopurua, 26 enpresarekin; zerbitzuen sektorean gorakada %32,4koa izan da eta industriarenean %32koa, hurrenez hurren 98 eta 22 enpresa gehiagorekin. Bigarren hiruhilekoan konkurtsoek behera egin dute, aurreko urtearen aldean.