Enpresaren egoera balantzea: erabaki estrategikoak hartzeko funtsezko tresna

Erabaki estrategikoak hartzeko oinarri sendoa ematen du balantzeak, eta enpresei negozio modernoen ingurune konplexuan arrakastaz nabigatzeko aukera eskaintzen die

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Negozioen munduan, informazioa boterea da. Erabakiak hartzeko zuzendarien eskura dauden tresna ahaltsuenetako bat enpresaren balantze orokorra da. Finantza-dokumentu horrek, finantza-egoera ere baderitzo, une jakin bateko erakunde baten osasun ekonomikoaren argazki zehatza ematen du. Enpresaren aktiboak, pasiboak eta ondare garbia, plangintza estrategikorako eta baliabideen kudeaketa eraginkorrerako funtsezko elementuak barne hartzen dituen ikuspegia eskaintzeko ahalmenean datza.

Egoera balantzearen osagaiak

Balantze orokorrak hiru osagai nagusi ditu:

  1. Aktiboak: Enpresak kontrolatzen dituen baliabide ekonomikoak dira, iraganeko ekitaldien ondorio, eta horietatik etorkizunean onura ekonomikoak lortzea espero da. Baliabide hauek bi multzo handitan banatzen dira, lehenengo multzoan aktibo arruntak ikusiko ditugu (urtebetean eskura daudenak edo esku-diru bihur daitezkeenak) hauen barnean sartzen dira adibidez, eskudirua eta eskudiruaren baliokideak, likidezia handiko eta arrisku txikiko epe laburreko inbertsioak, epe laburreko inbertsioak (baloreetan eta epe laburrean likidatu nahi diren bestelako finantza tresnetan egindako aldi baterako inbertsioak dira) eta kobratu beharreko kontuak, hau da, bezeroek eta beste alde batzuek ohiko eragiketetan egindako salmenta edo zerbitzuengatik enpresari zor dioten dirua da. Aktiboko bigarren multzoa aktibo ez-arruntek (urtebetetik gorako epean espero diren mozkinak) osatzen dute, hauen artean, ibilgetuak aurkituko ditugu, aktibo ukigarriak dira, ondasunak eta zerbitzuak ekoiztean edo hornitzean erabiltzeko, beste batzuei alokatzeko edo helburu administratiboetarako eskuratuak, gainera ez da espero negozioaren ohiko ibilbidean saltzea. Ibilgetuen artean aktibo ukiezinak ere aurkitu ditzakegu, adibidez patenteak, marka erregistratuak, egile-eskubideak eta presentzia fisikorik ez baina enpresari balio edo eskubide onuragarria ematen dioten beste baliabide batzuk. Ibilgetuaz gain aktibo ez arruntetan Epe luzeko inbertsioak eta Inbertsio jabetzak ere ikusiko ditugu. Modu sinplean esateko Aktiboak enpresak dituen baliabide ekonomikoak errepresentatzen dituela esaten da.
  2. Pasiboak: Entitateak iraganeko gertaeretatik sortzen dituen egungo betebeharrak dira, haien likidazioa onura ekonomikoak dakartzaten baliabideen irteera baten ondorioa izatea espero baita. Aktiboak bezala, arruntetan (urtebeteko epean ordaindu beharreko zorrak) eta ez-arruntetan banatzen dira. Pasibo arrunten artean hornitzaileekiko zorrak jasotako ondasun edo zerbitzuengatik, epe laburreko finantza pasiboak, epe laburreko maileguak, bestelako finantza-zorrak, betebehar fiskalak, ordaindu beharreko soldatak eta beste pasibo korronte batzuk edukiko ditugu, hauek normalean urtebetean likidatu behar den edozein zor edo finantza konpromiso barneratzen dituzte. Pasibo ez arruntetan epe luzeko maileguak, pentsioetarako eta enplegu-osteko beste betebehar batzuetarako hornidurak eta epe luzeko beste pasibo batzuk barneratuko ditugu.
  3. Ondare garbia: Kontabilitateko kapital ere deitzen zaio, eta akziodunen edo enpresaren jabeen berezko baliabideak ordezkatzen ditu. Enpresaren aktiboen hondar-balioa da, pasibo guztiak kenduta.

Balantze orokorraren garrantzia

Egoera balantzearen garrantzia enpresa baten finantza osasunaren ikuspegi argi eta ulergarria eskaintzeko duen gaitasunean datza. Aukera ematen die interesdunei enpresak diru-sarrerak sortzeko eta beren betebeharrei aurre egiteko duen gaitasuna ebaluatzeko. Ebaluaketa hau funtsezko alderdi batzuk osatzen dute:

  • Likidezia: Enpresak epe laburreko betebeharrak betetzeko duen gaitasuna ebaluatzen du, hau da, aktiboak eskudiru bihurtzeko eta zorrak ordaintzeko duen gaitasuna.
  • Kaudimena: Enpresak epe luzera bizirik irauteko gaitasuna duen erakusten du, zorrak bere ondarearekin alderatuz.
  • Eraginkortasuna: Enpresak salmentak eta hazkundea sortzeko baliabideak nola kudeatzen dituen ebaluatzeko aukera ematen du.

Ebaluaketa hau egiteko ratio finantzarioak erabiltzen dira, finantza ratio edo indize hauek matematika erlazio bat dira funtsean. Erlazioa enpresa baten finantza egoeretatik ateratako bi partida edo partida multzoren artekoa izaten da. Ratioak enpresa baten errendimenduaren eta finantza posizioaren hainbat alderdi ebaluatzeko erabiltzen dira, lehen aipatu ditugun likidezia, kaudimena eta errentagarritasuna oinarritzat hartuz. Ratio horiek interpretatzean, finantza osasunaren eta enpresaren jardueraren ulermen sakonagoa lor daiteke.

Ratioak enpresa baten errendimenduaren eta finantza posizioaren hainbat alderdi ebaluatzeko erabiltzen dira, likidezia, kaudimena eta errentagarritasuna oinarritzat hartuz

Finantza ratioak egoera balantzean eta bestelako finantza txostenetan emandako datuetatik eratortzen dira. Adierazle horiek enpresaren informazio finantzarioa interpretatzen laguntzen dute, honela, sektoreko beste enpresa batzuekin edo aurreko garaiekin konparazioak egiteko aukera emanez. Hona hemen ratio garrantzitsuenetako batzuk:

  • Likidezia ratioa: Enpresak epe laburreko zorrak aktibo arruntekin ordaintzeko duen gaitasuna neurtzen du. Aktibo arruntak pasibo arruntekin zatituz kalkulatzen da. Proportzio hau 1 baino txikiagoa bada enpresak gaur egun eskura dituen baliabideekin ezingo die aurre egin epe laburreko zorrei, normalean egoera zail baten adierazle izaten da.
  • Kaudimen edo zorpetze ratioa: zorretik datorren enpresaren finantzaketaren proportzioa ebaluatzen du ondarearekin alderatuta. Pasibo guztiak, ondare garbia kenduta, aktibo guztiez zatituz kalkulatzen da. Honela ateratako ehunekoak esaten digu aktibo osoaren zer zati dagoen finantzatuta zorrekin eta ez gure ondarearekin. Ratio hau zenbat eta handiagoa izan enpresaren zorren kudeaketak garrantzi handiagoa izango du enpresaren finantza egoeran.
  • Ondarearekiko errentagarritasun-ratioa (ROE): Enpresaren errentagarritasuna neurtzen du akziodunen ondarearekiko. Etekin garbia ondare garbiarekin zatituz kalkulatzen da. Honek esango digu ondare garbian dugun euro bakoitzagatik zenbateko etekina lortu dugun.

Balantze orokorraren azterketak aukera ematen die zuzendariei eta finantza analistei enpresaren likidezia, kaudimena eta finantza egonkortasuna ebaluatzeko. Finantza egoera horretatik eratorritako ratio finantzarioen bidez, hala nola likidezia ratioa, zorpetze ratioa eta errentagarritasun ratioa, kontutan hartuz enpresako kudeatzaileek inbertsioei, finantzaketari eta hazkunde estrategiei buruzko erabaki informatuak har ditzakete.

Gainera, balantzeak inbertsiogile eta hartzekodunei inbertsioen arriskuari eta errentagarritasunari buruzko informazio baliotsua eskaintzen die, sektoreko beste enpresa batzuekiko ebaluazio konparatiboa erraztuz.

Ondorioz

Egoera balantzea, zalantzarik gabe, ezinbesteko tresna da enpresa arloko profesionalen artean. Oinarri sendoa ematen du erabaki estrategikoak hartzeko eta enpresei negozio modernoen ingurune konplexuan arrakastaz nabigatzeko aukera ematen die. Dokumentu hau ulertzea eta interpretatzen jakitea funtsezkoa da erakunde baten arrakastan eta jasangarritasunean nabarmen lagundu nahi duen edozein zuzendari, inbertsore edo analistarentzat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK