Gizarte Segurantzaren legeriaren arabera, arau orokorra da behin erabateko jubilazioa hartu ondoren, jubilazio-pentsioa eta pentsiodunaren lana bateraezinak izatea, pentsiodunaren lan hori inorentzat edo norberaren kontura egindakoa izanda, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrera edo Araubide Berezietakoren batera biltzeko modukoa denean.
Arean ere, inorentzako langileen zein norberaren konturako langileen kasuan, pentsioaren onuradun izateko nahitaezkoa da, legeak ezarritako adina bete ondoren, lan egiteari uztea.
Era berean, jubilazio-pentsioa jasotzea bateraezina da, bateko, 53/1984 Legeak xedatutakoaren arabera, sektore publikoko lanposturen bat gauzatzearekin, eta, besteko, 3/2015 Legeak Estatuko Administrazio Orokorrari begira aipatutako goi karguak gauzatzearekin.
Horrenbestez, behin erabateko jubilazioa hartuta, printzipioz, ezaugarri horiek ez dituzten lanak bakarrik lirateke bateragarri jubilazio-pentsioa jasotzearekin. Hori berori gertatzen da, esaterako, adiskidetasunez, borondate onez edo auzo-harreman onez egindako lanekin eta unibertsitateko irakasle emerituek egindako lanekin. Orobat, multzo horretara bildu behar dira: aurrena, norberaren kontura egindako lanak, lan horien ondorioz urtean zehar lortutako diru-sarrera osoek ez badute gainditzen lanbide arteko gutxieneko alokairuaren zenbatekoa; eta, hurrena, lanbide liberalak gauzatzen dituzten norberaren konturako langileak, baldin eta langile horiek lanbide-mutualitate baten aldeko apustua egiten badute, norberaren konturako langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren ordez.
Pentsioarekin bateraezina
Nolanahi ere, nabarmendu behar da bateraezintasunak ez dakarrela lan egiteko debekurik. Baina jubilazioa hartu duenak lan egitea erabakitzen badu, eta lan hori bateraezina bada pentsioa jasotzearekin, orduan pentsioa jasotzeko eskubidea eten beharko du. Bada, pentsiodunak lanean jarraituko balu, etete hori Gizarte Segurantzari komunikatu gabe, arau-hauste astuna egin eta bidegabe jasotako pentsioen zenbatekoa itzuli beharko luke.
Alabaina, jubilazio-pentsioa jasotzeko eskubidea eten duen lana uzten denean, pentsioa kobratuko da berriro. Kasu horretan, eskubidea eten zuen lanarengatik zein kotizazio egin eta kotizazio horiek aurretiazko pentsioa hobe ditzakete, baldin eta, kotizazio-aldi berriak aurretiaz pentsioa kalkulatzeko baliatu ziren kotizazio-aldiei gehituta, ehuneko handiagoak aplikatu behar badira. Hala ere, erregela orokor gisa, kasuan kasuko ehuneko berria hasierako pentsioaren oinarri arautzaileari aplikatuko zaio, salbu eta pentsioa jasotzeko eskubidea eteten denean norberaren kontura egindako lana gauzatzeko; izan ere, kasu horretan, lana uztean, norberaren konturako lanarengatiko kotizazioek urtebete baino gehiago iraun badute, pentsiodunak, hala nahi izanez gero, behin betiko pentsioaren oinarri arautzailea hobetu ahal izango du.
Garai batean, erretiroaz hitz egiten zenean, zahartzaroa eta lan egiteko baliaezintasuna ziren erretiroaren oinarri. Hortik bateraezintasunaren arrazoia
Baina zer dela eta, pentsioa jasotzearen eta lan egitearen arteko bateraezinasun hori? Garai batean, erretiroaz hitz egiten zenean, zahartzaroa eta lan egiteko baliaezintasuna ziren erretiroaren oinarri. Hortik bateraezintasunaren arrazoia. Erretiroaren ordez jubilazioa arautu zenean, ordea, urte luzez lan egin ondoren merezitako atsedenaldia bihurtu zen jubilazioaren oinarri. Bestela esanda, jubilazioak erretiroa ordeztu zuenean utzi zitzaion jubilazioa zahartzaroari eta baliaezintasunari lotzeari. Hori berori izan da ongizate-estatuaren iraultzarik handienetakoa.
Lan egiteko salbuespenak, gora
Dena dela, azkenaldian areagotzen ari dira jubilazio-pentsioa eta pentsiodunaren lana bateraezinak izatearen arau orokorrari egindako salbuespenak. Salbuespen horien arrazoi dira Gizarte Segurantzak dituen arazoak, finantza-jasangarritasunari dagokionez. Arazo horien atzean daude gizartea zahartzea, gazteak berandu laneratzea, enplegu prekarioak izatea, langabezia-tasa handia izatea eta kudeaketa txarra egitea.
Horregatik, Gizarte Segurantzaren jasangarritasunari eutsi ahal izateko, jubilazio-pentsioa jasotzeko baldintzak gogortzen ari dira, nahiz eta horrek eragin dezakeen pentsioak behar bestekoak ez izatea. Bada, pentsioa jasotzeko baldintzak gogortzearen ondorioz, jubilazio-pentsioak azken ordainsariei begira bete ohi duen ordezte-eginkizuna zeharo kaltetuko litzateke. Modu horretara, 2021eko Ageing Report delakoaren arabera, gaur egun, ordezte-tasa, batez beste, %80ren ingurukoa bada ere, 2070ean %41ekoa baino ez litzateke izango.
Kezkagarria da pentsatzea, urte batzuk barru, jubilazioa hartu ondoren bizimodu duina izateko pertsonak askok nahitaez pentsioa eta lana uztatu beharko dituztela
Testuinguru horretan kokatu behar da jubilazio-pentsioa eta pentsiodunaren lana bateragarri egiteko joera. Jubilazio-pentsioaren eginkizun historikoari nolabaiteko traizioa egin, eta, egiatan, Gizarte Segurantzaren kostuak gutxitzea litzateke helburua. Horretarako, bateragarritasunaren onurak helarazi nahi dizkiote gizarteari. Aitzitik, gizarteak ondo barneratua du jubilazioa urte luzez lan egin ondoren merezitako atsedenaldia dela. Adibidez, 2022ko ekaineko datuen arabera, 2022an zehar jubilazioa hartu duten pertsona guztietatik %72,6ak 66 urte baino gutxiago ditu. Hortaz, pertsona gehienek ez dute lanean jarraitu nahi.
Halaber, kezkagarria da pentsatzea, urte batzuk barru, jubilazioa hartu ondoren bizimodu duina izateko pertsonak askok nahitaez pentsioa eta lana uztatu beharko dituztela.
Ikus dezagun, indarrean dagoen arauketarekin, zein diren jubilazio-pentsioa eta pentsiodunaren lana bateragarri egiteko aukerak, erabateko jubilazio hartu ondoren.
Jubilazio malgua
1132/2022 Errege Dekretua oinarri, aukera horren arabera, behin erabateko jubilazioa hartuta, ahalbidetzen da lanaldi partzialean lan egitea. Horrela, egoera horrek iraun bitartean, jubilazio-pentsioa gutxituko da, pentsiodunak duen lanaldi murrizketaren arabera. Lanaldi-murrizketa hori egiteko kontuan hartuko da langile pentsiodunarekin konpara daitekeen lanaldi osoko langilearen lanaldia. Gainera, lanaldia eta ordainsariak murriztu beharko dira Langileen Estatutuaren 12.6 artikuluaren arabera, alegia, gutxienez, %25 eta, gehienez, %50.
Pentsio partzialaren eta lan partzialaren arteko bateragarritasun horrek eragingo du behin betiko pentsioari begira oinarri arautzailea berriro kalkulatzea eta horren emaitza aplikatzea, baldin eta aurreko pentsioaren zenbatekoa hobetzen bada soilik.
Pentsio partzialaren eta lan partzialaren arteko bateragarritasun horrek eragingo du behin betiko pentsioari begira oinarri arautzailea berriro kalkulatzea eta horren emaitza aplikatzea
Baina bateragarritasun horren alde eginez gero, ez da aplikatuko Gizarte Segurantzak aitortzen duen osagarri ekonomikoa, jubilazioa hartzeagatik legeak ezarritako jubilazio-adina baino adin handiagoan.
Edozein kasutan, jubilazio malgua ez zaie aplikatuko funtzionarioei, horiek Gizarte Segurantzak funtzionarioentzako ezarritako Araubide Bereziren batera bildu behar direnean, ezta norberaren konturako langileei ere, halakoak Autonomoen Araubide Berezira bildu behar direnean.
Negozioaren titulartasunari eutsi eta zahartze aktiboa
2530/1970 Dekretuaren 93.2 artikulua oinarri, posible da kasuan kasuko negozioaren titulartasunari eustea. Baina horren alde egiten dutenek pentsioari eusteko negozioaren titulartasunari datxezkien eginkizunak baino ez dituzte gauzatu behar, hau da, ondarea xedatzeko egintzak gauza ditzakete bakarrik eta enpresaren trafiko juridikoan parte-hartze formala izan dezakete soilik.
Zahartze aktiboari dagokionez, Gizarte Segurantzaren Legearen 214. artikulua oinarri, posible da jubilazio-pentsioa jasotzea eta lan egitea, inorentzako, lanaldi osoan edo partzialean, nahiz norberaren kontura. Horretarako baldintzak hurrengoak dira: jubilazioa hartzea legeak jubilazioa hartu ahal izateko ezarritako adina baino urtebete geroago, gutxienez; kasu horretan jubilazioa lehenago hartzea ahalbidetzen duten hobariak ez aplikatzea; eta pentsioaren zenbatekoa zehazteko oinarri arautzaileari aplikatu beharreko ehunekoa %100 izatea.
Posible da kasuan kasuko negozioaren titulartasunari eustea. Baina horren alde egiten dutenek pentsioari eusteko negozioaren titulartasunari datxezkien eginkizunak baino ez dituzte gauzatu behar
Kasu horretan, printzipioz, pentsioa %50 murriztuko da, kasuan kasuko errebalorizazioak egin ostean. Baina norberaren kontura lan egin eta egiaztatzen bada, gutxienez, lan horretarako alokairuko langile bat kontratu izana, orduan pentsioa lanarekin bateragarri izango da %100ean.
Arte-kreazioko jarduera 302/2019 Errege Dekretua oinarri, arte-kreazioaren jarduera bateragarri da jubilazio-pentsioa %100ean jasotzearekin.