EAEko eraikuntza industriak 10.700 milioi fakturatu zituen iaz

BPGaren %13 barne hartzen du sektoreak, eta 2022an inoizko esportazio handienak izan dituen, 1.831 milioi eurokoak

Build Inn eraikuntza klusterrak sektoreari buruzko txostena aukerztu du gaur | Argazkia: Build Inn Build Inn eraikuntza klusterrak sektoreari buruzko txostena aukerztu du gaur | Argazkia: Build Inn

EAEko eraikuntza sektoreak 10.700 milioi fakturatu zituen iaz, lurraldeko BPGaren %13. Hala dio Build Inn eraikuntza klusterrak PwC Consulting etxearekin lankidetzan ondutako sektoreari buruzko txostenak. Gaur egin dute azterlanaren aurkezpena Getxon, eta bertan izan dira Miguel de los Toyos Nazabal Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordea, Ricardo Barkala Bilboko Portu Agintaritzako presidentea eta Alberto Marín Build Inn klusterreko zuzendaria.

Eraikuntzak EAEko BPGari egindako ekarpena %41 handitu da azken lau urteetan, txostenaren arabera. Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko 122.031 lanpostu barne hartzen ditu, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langile guztien %12,4, %6ko igoera izan duelarik 2019tik.

Eraikuntza jarduerak 2.237 milioi euroko ekarpena egin zuen zerga-sarreretan, 2019an baino %54 gehiago. Ekarpen hori EAEk urte horretan bertan izandako zerga-sarrera guztien %11,8 da. Halaber, industriak duen “eragin biderkatzaile esanguratsua” ere kontuan hartu beharra dago, “zuzenean sortutako BPGaren euro bakoitzeko 2,5 euro gehiago sortzen baitu ekonomian”.

Sektoreko eragileek azpimarratu dute kanpo merkataritzari egindako ekarpena ere handia izan dela. Izan ere, eraikuntza industriak inoiz baino gehiago esportatu zuen 2022an, 1.831 milioi euro, hain zuzen.

Marinek adierazi du eraikuntza sektorea eraldaketa-prozesu "bete-betean" dagoela. “Zenbait faktore egiturazko aldaketa bultzatzen ari dira, ekonomia, ingurumen eta gizarte erronkei erantzuteko gai izango den eredu industrializatu baterantz.

Jon Ansoleaga Build Inn klusterreko zuzendari nagusiak, bestalde, zera azpimarratu txostenaren aurkezpenaren harira: “eraikuntza industrializatuaren eredua industriaren paradigma aldaketaren zutabeetako bat da, izan ere, ekarpen nabarmena egiten dio deskarbonizazioari eta etxebizitza eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio, besteak beste”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK