Eranginkortasuna gora, kontsumoa gora: Jevonsen paradoxaren itzulera

XIX. mendean jaiotako teoriak badu aplikazioa egun bizitzen ari garen trantsizio ekologiko eta energetikoaren testuinguruan

Jevons | Argazkia: Wikipedia Jevons | Argazkia: Wikipedia

Gure gaurko protagonista William Stanley Jevons (1835-1882) izango da. XIX. mendeko ekonomialari eraginkorrenetako bat izan zen, teoria marjinalistari egindako ekarpenengatik eta ekonomiaren historiako paradoxa korapilatsuenetako bat formulatzeagatik ezaguna. Liverpoolen jaioa, Jevons baliabide naturalen erabilerari buruzko analisi sakon eta kritikoengatik nabarmendu zen Industria Iraultzan. Bera bizi izan zen garaia markatu zuten aurrerapen teknologiko bizkorrek eta ikatza energia iturri gisa gero eta gehiago erabiltzeak.

The Coal Question (1865) izeneko liburua izan zen bere lanetan eragin handiena eduki zuena. Bertan, Jevonsek ikatz kontsumoak Britainia Handiko ekonomian zuen eragina aztertzea izan zuen xede. Une horretarako, ikatza zen Ingalaterrako produkzio industrialaren eta hazkunde ekonomikoaren oinarria. Hori dela eta, Jevons beldur zen erreserbak uste baino azkarrago agortuko ote ziren, herrialdearen garapen ekonomikoa arriskuan jarriz. Hala ere, eginiko analisian harrigarriena izan zen intuizioaren kontrako behaketa izan zen: teknologiak ikatza erabiltzeko eraginkortasuna hobetzen zuen heinean, haren kontsumoa ez zen murrizten, espero zitekeen bezala, baizik eta handitu egiten zen.

Ikatzari loturiko teoria sorreran

Jevonsen paradoxak, garai hartako pentsamendu ekonomiko konbentzionalari desafio egiten zion. Eta nahiz eta denbora pasa, paradoxaren azterketa gaur egun ere garrantzitsua da.

Paradoxak funtsezko galdera bat planteatzen du: Zergatik baliabide baten efizientziaren hobekuntzek ez dute beti bere kontsumoa murrizten? Sakonduz, zergatik gertatzen da batzuetan kontrakoa, hau da, eraginkortasunak kontsumo handiagora eramaten duela? Paradoxa hori funtsezkoa izan zen XIX. mendean ikatzari buruz egin ziren eztabaidetan, baina, horrez gain, funtsezkoa izaten jarraitzen du klima aldaketari, energia eraginkortasunari eta iraunkortasunari buruzko egungo eztabaidetan.

Paradoxa hori funtsezkoa izan zen XIX. mendean ikatzari buruz egin ziren eztabaidetan, baina, horrez gain, funtsezkoa izaten jarraitzen du klima aldaketari, energia eraginkortasunari eta iraunkortasunari buruzko egungo eztabaidetan

Lehen aipatu dugun moduan, Jevonsen lanak ikatzaren erabilera du ardatz. Industria Iraultzan, ikatza zen trenak eta itsasontziak elikatzen zituen erregai nagusia. Bere liburuan argudiatzen zuenez, lan bera egiteko ikatz gutxiago erabiltzen zuten makina eraginkorragoak asmatzen ziren heinean, ikatza erabiltzearen kostua jaitsi egiten zen. Merkatze horren ondorioz, ikatzaren erabilera erakargarriagoa zen, eta eskaria handitu.

Ekonomiari dagokionez, Jevonsen arrazoibidea argia da. Zerbait merkeago bihurtzen denean, jendeak hori baino gehiago erabiltzeko joera du. Izan ere, eraginkortasun handiagoak ekoizpen unitate bakoitzaren kostua murrizten du eta horrek baliabidearen irisgarritasuna handitzen du. Ikatzaren kasuan, dinamika horrek kontsumoa areagotzea ekarri zuen, makina bakoitzak ikatz gutxiago behar zuen arren.

Jevons ohartu zen ikatzaren erabileran eraginkortasun handiagoak zuen ondorioa herrialdeko erreserben agortze abiadura handitzea zela, eta ez ikatza aurreztea

Garai batean paradoxikoa zirudien fenomeno horrek ondorio sakonak ditu ekonomian. Baliabide baten erabileraren eraginkortasuna hobetzeak ez du zertan haren kontsumo osoa murriztu, batez ere eskaria elastikoa bada; eskaria elastikoa izateak esan nahi du eskariaren zenbatekoa asko mugitzen denik prezio aldaketekin. Jevons ohartu zen ikatzaren erabileran eraginkortasun handiagoak zuen ondorioa herrialdeko erreserben agortze abiadura handitzea zela, eta ez ikatza aurreztea.

Autoak eta bonbillak: paradoxa XXI. mendean

Paradoxa honen zergatia aztertzerakoan kontutan eduki behar dugu Jevonsen paradoxa eskaintzaren eta eskariaren funtsezko printzipioetan oinarritzen dela. Hau da, baliabide baten erabileraren eraginkortasuna handitzen denean, baliabide horrekin lotutako ondasunak eta zerbitzuak ekoiztearen kostua murriztu egiten da. Kostuen murrizketa horrek prezio baxuagoak dakartza, ondasunaren edo zerbitzuaren eskaria suspertuz. Eskaria behar bezain elastikoa bada, eskariaren igoerak eraginkortasunaren irabaziak gaindi ditzake eta horrek baliabidearen kontsumo osoa handitzea eragiten du.
Adibidez, demagun autoen energia eraginkortasuna hobetzen duen teknologia batek aukera ematen diela gidariei kilometro gehiago egiteko erregai kantitate berarekin. Auto bakoitzak gasolina gutxiago erabiltzen duen arren, litekeena da jendea gehiago gidatzen hastea, joan-etorrien kostu baxuagoak direla. Horrek erregaiaren guztizko eskaera handitu lezake.

Jevonsen paradoxa beti dago presente eskari elastikoa duten merkatuetan, non prezio murrizketa batek kontsumoaren igoera neurrigabea eragiten duen

Kontzeptu hori funtsezkoa da ulertzeko zergatik hobekuntza teknologikoek, teorian baliabideak kontserbatzen lagundu beharko luketenek, maiz, kontrako eragina duten. Jevonsen paradoxa beti dago presente eskari elastikoa duten merkatuetan, non prezio murrizketa batek kontsumoaren igoera neurrigabea eragiten duen. Hori bereziki garrantzitsua da energiaren sektorean; izan ere, aurrerapen teknologikoek ez dute beti eragiten baliabide ez-berriztagarrien erabilera benetan murriztea.

Jevonsen paradoxa XIX. mendeko ikatzaren erabileraren testuinguruan formulatu bazen ere, bere garrantzia denboran mantendu da eta esanahi berria hartu du XXI. mendean. Batez ere, energía eraginkortasunaren eta klima aldaketari aurre egiteko ahalegin globalen testuinguruan.

Adibidetzat gaur egungo automobil elektrikoak hartu ditzakegu. Ibilgailu horiek barne errekuntzako automobilak baino eraginkorragoak diren arren eta gasolina beharra nabarmen murrizten duten arren, haien ospeak elektrizitate-eskaera handitzea ekarri du. Elektrizitate eskaera handitzeak, elektrizitatearen ekoizpena oraindik ere neurri handi batean erregai fosilen mende dagoen herrialdeetan, ibilgailu elektrikoen sortzen duten ingurumen onura zati bat deusezta dezake. Gainera, automobil elektrikoen eraginkortasun handiagoak ibilgailu pertsonalen erabilera handiagoa sustatu dezake, honek energia-kontsumo osoa handitzea ere eraginda.

LED bonbillak asmatzeak nabarmen murriztu du argi-unitateko energia-kontsumoa. Hala ere, argi horien kostu operatibo txikia dela eta, jendeak gehiago eta denbora gehiagoz erabiltzen ditu eta horrek energia kontsumo orokorra handitu dezake, murriztu beharrean

Gauza bera gertatzen da argiztapen eraginkorrarekin. LED bonbillak asmatzeak nabarmen murriztu du argi-unitateko energia-kontsumoa. Hala ere, argi horien kostu operatibo txikia dela eta, jendeak gehiago eta denbora gehiagoz erabiltzen ditu eta horrek energia kontsumo orokorra handitu dezake, murriztu beharrean.

Eraginkortasuna ez da nahikoa

Dinamika horien ondorioz, Jevonsen paradoxa kontzeptu erabakigarria da iraunkortasun politikak diseinatzeko. Gobernuek energia-eraginkortasuna berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko bitarteko gisa sustatu nahi duten heinean, paradoxak ohartarazten du, erregulazio osagarririk gabe, eraginkortasunak berak bakarrik ez duela bermatuko energia kontsumo osoaren murrizketa.

Jevonsen paradoxa eta politika publikoak loturik ditugu hein batean. Politikak formulatzeaz arduratzen direnentzat, Jevonsen paradoxak azpimarratzen du politika integralak behar direla, eraginkortasun teknologikoan soilik zentratuko ez direnak. Eraginkortasunaren hobekuntzek kostuak murriztu eta baliabideen erabilera areagotu dezakete, baina kontrol gehigarririk gabe, hobekuntza horiek kontsumo totala areagotu dezakete. Errebote efektu hori saihesteko, beharrezkoa da aurrerapen teknologikoak kontsumoa mugatuko duten neurriekin osatuko dituzten politikak ezartzea.

Irtenbide posibleak

Jevonsen paradoxari aurre egiteko proposatu diren irtenbideen artean hiru ikus ditzakegu. Lehena, karbono-zergak. Erregai fosilen erabileraren kostua handitzean, gobernuek kontsumoa moteldu dezakete, baita eraginkortasuna hobetzen denean ere. Zerga mota horren ondorioz, eraginkortasun handiagoagatik kostuak aurrezteak ez du energia-eskari handiagorik eragiten.

Bigarrena, efizientziaren erregulazioak eta kontsumo mugak dira. Energiaren edo funtsezko baliabideen kontsumo osoa mugatzen duten arauak ezartzeak ziurta dezake efizientziako irabaziek ez dutela erabileran igoera garbirik eragingo.

Energiaren edo funtsezko baliabideen kontsumo osoa mugatzen duten arauak ezartzeak ziurta dezake efizientziako irabaziek ez dutela erabileran igoera garbirik eragingo

Azkena, berriz, hezkuntza eta portaera-aldaketa sustatzea. Kontsumo ohiturak aldatu eta eskaria murrizteko lagungarria izan daiteke energia aurreztea hezkuntza-kanpainen bidez sustatzea. Hori funtsezkoa da Jevonsek deskribatzen duen errebote efektua saihesteko.

Dena ez da perfektua eta, noski, Jevonsen paradoxak ere jasan ditu kritikak eta ñabardurak. Ekonomialari batzuen arabera, eraginkortasuna hobetu ondoren ez da beti kontsumoaren igoera gertatzen, merkatuaren baldintzen eta eskariaren elastikotasunaren araberakoa baita. Eskaria erlatiboki elastikoa ez den sektoreetan, eraginkortasuna hobetzeak kontsumoa benetan murriztea eragin dezake. Hala ere, eskariaren elastikotasuna nabarmen aldatzen da sektorearen eta testuinguruaren arabera.

Eskaria erlatiboki elastikoa ez den sektoreetan, eraginkortasuna hobetzeak kontsumoa benetan murriztea eragin dezake. Hala ere, eskariaren elastikotasuna nabarmen aldatzen da sektorearen eta testuinguruaren arabera

Ondorioz Jevonsen paradoxa efizientziaren hobekuntzan soilik oinarritutako politiken mugei buruzko ohartarazpen indartsua da. Teknologia baliabideen erabilera murrizteko funtsezko tresna den arren, paradoxak gogorarazten digu eraginkortasunak berak bakarrik ez duela bermatzen kontsumo osoaren murrizketa. Beharrezkoa da berrikuntza teknologikoei aurrezpena sustatu eta kontsumoa mugatuko duten politika publikoekin laguntzea, horrela eraginkortasunean egindako aurrerapenek benetan iraunkortasuna lortzen eta ingurumen inpaktua murrizten lagunduko baitute.

Informazio gehiago
Pello Aspuru: "Berriztagarriak asko merkatu dira azken 20 urteetan, inork pentsa baino gehiago"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK