Erantzun zabala izan du 58. Durangoko Azokak

Azoka gaztea izan dela nabarmendu du antolakuntzak. 265 ekitaldi egin dira abenduaren 6tik 10era bitartean, eta postua jarri duten parte hartzaileek balantze positiboa egin dute

Argazkia: Durangoko Azoka Argazkia: Durangoko Azoka

Arrakastatsua izan da Durangoko Azokaren 58. ekitaldia antolatzaileen arabera. Jendetsua, bizia, irudimenez jantzia, anitza eta parte-hartzailea. 265 ekitaldi egin dira, eta jendez lepo izan dira gune guztiak bost egunez. Antolakuntza pozik azaldu da emaitza orokorrarekin, eta aurreikusi bezala, azoka gaztea izan da, deialdiari erantzun zabala eman baitiote kulturazale gazteek. Euskal kulturaren erakusleiho “izugarria”, eta sortzaileen eta zaleen arteko zubia eraikitzea ahalbidetu du beste urtebetez.

Salmentak “onak” izan dira, eta beren postua ezarri duten askotariko parte hartzaileek balantze positiboa egin dute. Halaber, bertaratutakoen jakinmina azpimarratu nahi izan du antolakuntzak. Batzuk produktu zehatz baten bila joan dira, baina beste askok eskaintzaren artean arakatzeko probestu dute. Gizarte gaiak eta emozioen lanketari buruzko liburuak erosi dituzte gazte askok, eta musika taldeek jende asko erakarri dute. Musika sektorean, CDak baino biniloek arrakasta gehiago izan dutela nabarmendu dute.

Durangoko Azokako webgune digitalak 60.000 bisita izan ditu lau egunetan, eta erabiltzaileen 10etik 4k egitaraua kontsultatzeko aprobetxatu dute. Aparkalekuetatik Landakoraino martxan jarritako doako autobus zerbitzua 5.000 lagunek erabili dute.

Edizio oparoa izanda ere, atzo iluntzean azokan gizon batek emakume bat jazarri zuela jakinarazi dute antolatzaileek. Jazarpena “irmoki” gaitzesi eta babesa eta elkartasuna azaldu nahi izan diote emakumeari eta haren ingurukoei. Etorkizunera begira, azoka espazioa segurua izateko lanean jarraituko dutela ere azaldu du antolakuntzak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK