
Zerga erreforma onartu dute Bizkaian eta Araban. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek adostu dute ituna. Bizkaian printzipioz erreforma aurrera atera bazitekeen ere, azken orduan Elkarrekin Podemosen babesa eskuratu dute EAJk eta PSE-EEk, eta, hala, 51 batzarkideetatik 40k bozkatu dute erreformaren alde. Araban gutxiagok onartu dute itun berria, 51 batzarkideetatik 26k; izan ere, EH Bilduk, PPk eta Voxek ezezkoa bozkatu dute.
Aldaketak ekarriko dituzte erreforma fiskalek. Bizkaian 20.000 eurora igoko dira errenta aitorpena aurkeztu behar izateko irabazi minimoak, eta 65 urtetik gorako emakume alargunek 200 euroko kenkaria edukiko dute 20.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko errenta izanez gero. Zerga tasa handitu egingo da, %25etik %28ra, aurrezki-errenta handienen kasuan; sozietateen gaineko zergaren gutxieneko tasa %15etik %19koa izatera igaroko da; gainera, enpresen aparteko mozkinen zerga ordainketa ere handitu egingo da, %24tik %28ra.
Arabaren kasuan, Elkarrekin Podemosek eskatutako 22 neurri aldaketekin, 20.000 eurora igoko da errenta aitorpena aurkeztetik salbuetsita egoteko muga, Bizkaian bezala. Errenta baxuenak dituztenen kasuan, %35eko kenkariak onartu dira alokairuari dagokionez, eta oinarri likidagarriaren muga 68.000 eurotan finkatu da (etxebizitza alokatu edo erosi dutenentzako kenkariak aplikatu ahal izateko muga).
Gipuzkoa
Gipuzkoan oraindik ez da erreforma onartu, EH Bilduk aurkeztutako berrikuspen fiskalaren osoko zuzenketa baztertu egin baitu Batzar Nagusiak, EAJ eta PSEren aurkako botoekin eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin. Itziar Agirrek Gipuzkoako Ogasuneko foru diputatuak adierazi du EH Bilduren "kontraproposamena" errealitatetik urrun dagoela, eta "arriskuan jartzen duela foru diru kutxen finantza nahikotasuna".
Diputatuak erreforma fiskalaren foru arauaren aurreproiektua babestu du, zeina maiatzean bozkatuko den, osoko bilkuran.