Errege Eguneko kutixia

Urtarrilaren 6an turroi eta polboroiei errege opila gailentzen zaie. Esnegain, krema edota txokolatezkoa, gozotegi bakoitzak bere errezeta berezia du errege opila egiteko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Errege opila etxe bat baino gehiagotako mahaian izango da biharko egunez, Errege Egunez. Gabonetako opil tradizional honek, zeramikazko erregea eta baba baino zerbait gehiago ezkutatzen du bere barnean, historia luzea baitago atzean.

Jatorriari buruzko zenbait istorio zabaldu badira ere, badirudi egiaz ez duela zerikusirik Errege Magoak Belenera Jesus gurtzeko iritsi izanarekin. Erromatarrei lotutako tradizioan omen du jatorria, esklabuen festa bezala ezaguna den Saturnoren jaietan. Abenduko jaia izaten zen, nekazarien lan gogorrari amaiera eman eta argi aldi berri bat zetorrela ospatzeko. Garai hartan hasi ziren opil biribilak egiten, pikuak, datilak eta eztia barne, eta langile guztien artean banatzen zen, ongi egindako lanarengatik opari gisa.

Erromatarrei lotutako tradizioan omen du jatorria, esklabuen festa bezala ezaguna den Saturnoren jaietan

Geroago, III. mendean, lehortutako baba bat opilean ezkutatzeko ohitura zabaldu zen. Oparotasunaren sinboloa zen, eta baba aurkitzen zuen zorionekoa ‘erregeen errege’ izendatzen zuten denbora batez. Sari hori esklaboentzat soilik izaten zen eta libre geratzen ziren Saturnoren jaiak iraun bitartean.

IV. mendean Elizak jaiak kristau ospakizun bilakatu zituen eta errege opilaren ordura arteko ohitura ahaztu egin zen. Frantzian izan ezik, han Le Roi de Fave (babaren erregea) ospatzen hasi baitziren. Haurrak izaten ziren protagonistak, eta opilaren barnean baba aurkitzen zuenak opari ugari jasotzen zituen. Luis XV.ak opilaren tradizioa zertxobait aldatu zuen, txanpon bat barruan ezkutatuz eta gortearen artean arrakasta handituz. Felipe V.a izan zen tradizioa Espainian zabaldu zuena eta egungo esanahia eman ziona, opila Errege Magoen egunarekin lotuz eta Gabonei amaiera emateko mokadu bihurtuz. Egun, errege opilak indar gehien duen herrialdeetako bat da Espainia, Frantzia, Portugal eta Mexikorekin batera.

Tradizioaren arabera, opilean baba tokatzen zaionak opila bera ordaindu behar izaten du. Panpina tokatzen zaionak, berriz, zorte ona izango du

Baba eta errege figura

Esan liteke, opilaren barnean baba eta figura bat jartzea galtzen hasia dela. Batzuk lege dekretu bidez kendu nahi dute, batez ere, haurren artean oharkabean irensteko arriskuaren aurrean istripurik gerta ez dadin. Badira, halaber, ‘berri txarrik gabeko opila’ nahiago dutenak, hau da, lekarik ez duena eta, beraz, ohiturari jarraituz, opila ordaintzera behartuko ez duena. Figurak izatea ohitura zahartzat duenik ere bada, haren ordez garai berriko beste zerbaitekin ezustekoa ematea nahiago duena. Baina, aliatu indartsuak ere baditu, eta gozotegi gehienetan tradizioari eusten diote, opilaren barnean figura edo panpin txiki bat eta baba bat sartuz.

Tradizioaren arabera, opilean baba tokatzen zaionak opila bera ordaindu behar izaten du. Panpina tokatzen zaionak, berriz, zorte ona izango du, txanponek Luis XV.aren garaian zuten esanahiari jarraituz.

Errezeta tradizionala

Asko dira opil hau egiteko moduak, eta bakoitzak bere errezeta eta sekretuak ditu. Oinarrizko errezetak irina, legamia, esnea, azukrea, gurina eta gatza ditu. Zaporea emateko, limoi edo laranja arraspak ere erabil daitezke, eta oso hedatuta dago, halaber, laranja-lore ura gehitzeko ohitura ere, opilari usain bereizgarria emateko.

Oinarrizko errezetak irina, legamia, esnea, azukrea, gurina eta gatza ditu. Zaporea emateko, limoi edo laranja arraspak ere erabil daitezke

Egun, hiru dira errege opil mota tradizionalak: kremaz betea, esnegainez betea edo hutsa, bete gabea. Apaintzeko, berriz, fruta azukreztatuak eta glas azukrea jartzen zaizkie, nahiz eta zenbaitek beste aukera batzuen aldeko apustua egiten duen, hala nola, gainean almendra txigortuak jartzearen aldekoa. Hala ere, errege opilaren zenbait elementuk zalantza eta eztabaida sortzen dituzte urtero. Opila betetzeko esnegaina da horietako bat, tradizionala pastel-kremaz betea dela uste denik badelako, eta fruta azukreztatuak ere eztabaida sortzen du, inoren gustukoak ez direla argudiatuta, alferrikakoak direla uste duenik ere badelako.

Euskal errege opilen selekzioa

Tradizioa tradizio eta gustuak gustu, gure Twitter kontuan Euskal Herriko errege opilik onenaren inguruan galdera luzatu genizuen, eta erantzunekin zerrenda osatu dugu:

La Suiza gozotegia, Bilbo

Bizkaiko hiriburuko errege opil arrakastatsuenen artean dago La Suiza gozotegikoa, pentsa, urtero ilara luzeak sortzen dira gozotegiaren atarian. Bertako arduradunaren arabera, gatza, azukrea, gurina, suractiv hobetzailea, arrautzak, laranja-lore ura, limoi arraspa, rona, esnea, irina eta almendra azukrea ditu beraien opilak, “kalitatezko osagaietan baitago arrakastaren sekretua”.

Aguirre gozotegia, Irun

Aguirre gozotegian diotenez, Bidasoaren eskualdean, urtarrilaren hasieratik martxoaren 19ra arte, Aitaren Egunera arte, jaten dute errege opila. Hala ere, urteak daramatzate abendu erdialdetik opilak egiten, Irundik kanpora bizi diren asko Errege Egunean ez direlako bertan izaten eta aurretik opila jan nahi izaten dutelako, “tradizionala eta etxekoa den errege opila”.  

Esnal gozotegia, Hernani

1959tik martxan dagoen gozotegian, hirugarren belaunaldikoa da Borja Esnal, gozotegiko arduraduna. Beraien opila desberdina dela dio, bigunagoa delako eta krema eta esnegainarekin egindako nahasketa bereziarekin dagoelako beteta. Formula 2000. urtean sortu zuen Borjaren aitak, eta orduz geroztik errezeta horixe erabiltzen dute beren errege opiletan.

Aux Délices d’Amatxi, Sokoa

Iparraldean, beste osagai batzuekin egiten dute opila, Galette des rois izenekoa. Hostorezko opila izaten da, almendra kremaz betea eta Epifania ospatzeko jaten den gozoa izaten da Frantzian. Baba izaten du barnean opil honek ere, baina, alderantzizko esanahia du, aurkitzen duena errege-erregina izango baita eta opilarekin etorritako koroa jantzi beharko du. Urtarrileko lehen egunetan jaten den opila izan ohi da, Frantzian bakarrik ez, Belgikan ere bai. Hala ere, Aux Délices d’Amatxiko opila azaroaz geroztik jan liteke.

Iparraldean, beste osagai batzuekin egiten dute opila, Galette des rois izenekoa. Hostorezko opila izaten da, almendra kremaz betea

Irin okindegia, Errenteria

Errenteriako Irin okindegian dute Euskal Herriko beste errege opil onenetarikoa. Errezeta tradizionalari jarraituz, krema eta esnegainez betetako opilak eskaintzen dituzte, tamaina ezberdinetakoak. Ogia eta errege opila dira beraien espezialitatea.

Izar gozotegia, Donostia

Twitterren bi aldiz aipatua, Donostiako Izar Gozotegiak du euskal errege opilik onenetarikoa. Arduradunek diotenez, gurinak, arrautzek, esneak, azukreak, laranja arraspak eta laranja-lore urak ematen diote opilari zapore berezia. “Lehen mailako osagaiak eta kalitate handikoak” dituztela diote, belaunaldiz belaunaldi erabili izan dituztenak. Opil indibidualetatik hasi eta hamabi pertsonara arteko opilak egiten dituzte, tamaina ezberdinetakoak. Denda fisikoan ez ezik, beren webgunean ere saltzen dituzte opilak. Hori bai, abisua ezarri berri dute web atarian, duten eskari handiaren ondorioz, urtarrilaren 8ra arte ez dutela opil eskaririk egingo azalduz.

Iza okindegia, Orozko

Aida Fuentes Iza okindegiko arduradunak dioenez, irina, ama ore apur bat, arrautzak, oliba olioa, gurina, gantza, laranja eta limoi arraspak, ron pixka bat eta laranja-lore ura erabiltzen dituzte beren opila egiteko. Fruta azukreztatuak ere beraiek egiten dituztela azaldu du, herriko kiwiekin eta laranjekin. Opilak betetzeko, berriz, esnegaina, krema eta trufa erabiltzen dituzte. Berrikuntza moduan, opil gaziekin ere ausartu dira, gazta, ahuakatea, izokin ketua, kalabaza eta arraspatutako tomatea gehitzen dizkiote oreari.  

Gozotegi batetik bestera aldea badago ere, 3,50 eurotik 58 eurorainoko prezioa dute euskal errege opilek, tamainaren arabera

Prezioei dagokienean, gozotegi batetik bestera aldea badago ere, 3,50 eurotik 58 eurorainoko prezioa dute euskal errege opilek, tamainaren arabera. 58 eurokoak hamabi pertsonentzako opilak izaten dira.

Gozogileek, bestalde, kezka azaldu dute supermerkatuetan saldu ohi diren errege opilen aurrean, kalitate baxuko osagaiak izanagatik ere, asko saltzen direlako, prezioak ere merkeagoak direla ikusita. Izan ere, supermerkatuetako errege opilak, 10 euro inguruko prezioa izan ohi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK