Heldu da udaberria, eta berarekin batera hemen dugu errenta aitorpena egiteko garaia. Errenta aitorpena zergadun guztiek aurkeztu behar duten agiria da, urte fiskaleko diru-sarrera eta gastuen berri emateko eta honen arabera ordaindu ala kobratzeko. Hego Euskal Herrian foro aldundi bakoitzak eta Nafarroak legedi ezberdina dutela jakin beharra dago, bakoitzak bere bereizitasunak dituelarik.
Errenta aitorpena zerga zuzena da, hau da, erabat lotuta dago bakoitzaren diru-sarrerei. Aitorpen honen bidez, onura eta betebehar fiskalak zergadun bakoitzaren ingurune pertsonaletara egokitu daitezke, hala nola, egoera zibila, seme-alaba kopurua edo gastu bereziak. Horrek bermatzen du politika fiskalak banakako beharretara egokituko direla eta justizia sozial handiagoa sustatuko dutela.
Errentaren gaineko zerga progresiboa da, horrek esan nahi du, zergadunaren diru-sarrerak handitu ahala, sarrera horiei aplikatutako zergaren ehunekoa ere handitzen dela. Sistema honek ekitatea bilatzen du, gaitasun ekonomiko handiena dutenek zerbitzu publikoak finantzatzeko proportzioan gehiago laguntzen dutela ziurtatuz.
Errentaren gaineko zerga progresiboa da, horrek esan nahi du, zergadunaren diru-sarrerak handitu ahala, sarrera horiei aplikatutako zergaren ehunekoa ere handitzen dela
Errenta aitorpenaren helburuen artean nabarmenduenak hauek lirateke:
- Gardentasuna: Errenta aitorpenaren arabera, herritar bakoitzak bere ahalmen ekonomikoaren arabera ordainduko du zerga. Diru-sarrera guztiak aitortu eta kenkari onartuak aplikatzean, zerga karga modu bidezkoagoan banatu nahi da. Horrek gizalegezko erantzukizunaren zentzua sustatzen du eta zerga sisteman zuzentasunari eusten laguntzen du.
- Zerbitzu publikoen finantzaketa: Errentaren aitorpenaren bidez bildutako zergak funtsezkoak dira funtsezko zerbitzu publikoak finantzatzeko, hala nola hezkuntza, osasun publikoa, segurtasuna eta gizarte ongizatea.
- Kontrol eta kudeaketa fiskala: Aukera ematen die agintari fiskalei zergadunek emandako datuen zehaztasuna egiaztatzeko, iruzur fiskalak identifikatzeko eta zerga legeak behar bezala aplikatzen direla ziurtatzeko. Kontrol hori ezinbestekoa da sistema fiskalaren osasunerako.
Errenta Aitorpenaren osagaiak
Diru-sarrerak: pertsona batek urtean zehar jaso dituen diru-sarrera mota guztiak, soldatak, langabeziagatiko etekinak, bankuko interesak, akzioen dibidenduak, jabetza-errentak eta gehiago barne. Garrantzitsua da diru-sarrera guztiak adieraztea, izan daitezkeen zigorrak saihesteko.
Kenkariak: Ordaindu beharreko zerga kalkulatu baino lehen, gastu batzuk kentzea posible izaten da. Kenkari horiek zergadunen karga fiskala arintzeko diseinatuta daude, kontuan hartuz, besteak beste, etxebizitza erosketa, seme-alabak edukitzea, adina…
Murrizketak: Murrizketak zuzenean aplikatzen dira zerga oinarriaren gainean, behar den zerga kalkulatu aurretik. Horrek esan nahi du errentaren gaineko zergaren tarteak aplikatzeko kontuan hartzen den diru-sarrera kopurua murrizten dutela. Hauek, BGAE-etan dirua sartzeagatik, aitorpena batera egiteagatik eta bikote bananduetan ematen diren pentsio konpentsagarriak eta urteko mantenuak egiteagatik izan daitezke.
Zergaren kalkulua: Diru-sarreren berri eman eta kenkariak kendu ondoren, emaitza da ordaindu beharreko zerga kalkulatzeko oinarri ezargarria. Oinarri honi tarifa finkoa edo progresiboa aplikatuz zehazten da zerga, herrialdeko sistema fiskalaren arabera.
Garrantzitsua da aitorpenaren eskema argi edukitzea. Errenta aitorpenean bi helburu nagusi ditugu, lehenengoa zerga oinarria ondo xehatzea eta kalkulatzea eta bigarren helburua zerga oinarri honi zein zerga tasa aplikatu behar diogun kalkulatzea.
Zerga oinarria osatzen duten bi diru-sarrera mota nagusi ditugu, zerga oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga oinarria. Biak modu ezberdinean kalkulatzen dira eta zerga tasa ezberdinei lotuta daude.
Zerga oinarria osatzen duten bi diru-sarrera mota nagusi ditugu, zerga oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga oinarria
Zerga oinarri orokorrean zergadunak jasotzen dituen diru-sarrera gehienak sartzen dira, laneko diru-sarrerak: soldatak, pentsioak eta antzekoak, Jarduera ekonomikoen sarrerak: negozioen eta lanbideen etekinak, Kapital higiezinaren diru-sarrerak: ondasun higiezinen alokairuak eta bestelako etekinak eta azkenik Ondare irabazi eta galerak: aurrezkiarekin zerikusirik ez duten aktiboen salmentaren ondoriozkoak.
Zerga oinarri honek murrizpen batzuk jasan ditzake, murrizpen hauek aldatu daitezke errenta aitorpena non aurkezten den kontutan izanik.
Aurrezkiko zerga oinarria aurrezkitik eta inbertsiotik datozen diru-sarrerek osatzen dute, adibidez Higigarrien kapitalaren etekinak: banku-kontuen interesak, akzioen dibidenduak, etab. Ondare irabaziak: ondare elementuak saltzeagatik lortutakoak, hala nola akzioak edo bonuak.
Diru-sarrera horiek zerga ehuneko berezi bati lotuta daude, eta zerga portzentaia ia-ia finkoa izaten da, oro har, zerga oinarri orokorrari aplikatutakoa baino txikiagoa izaten delarik. Aurrezkiaren oinarri likidagarria zehazteko ez da murrizketa edo kenkari berariazkorik aplikatzen, dagozkion diru-sarrerak bakarrik batzen dira.
Zerga oinarri orokorretik ateratzen den kuota eta aurrezkiaren zerga oinarritik ateratako kuota batu egiten dira kenkariak aplikatu baino lehen. Hori izango litzateke pertsona bakoitzak bere irabaziengatik ordaindu beharko lukeena.
Kuota honi kenkariak aplikatuko dizkiogu, gurean, zerga ekitatea bermatzeko aplikatzen dira kenkariak, ezagunenak etxebizitza erosteagatik, seme-alabak edukitzeagatik, adinagatik eta dohaintzak egiteagatik aplikatzen direnak dira. Kenkari hauen zenbatekoa aldakorra izan daiteke zergaren aplikazio eremuaren arabera, beraz, legedi bakoitza aztertu beharko litzateke.
Zerga oinarri orokorretik ateratzen den kuota eta aurrezkiaren zerga oinarritik ateratako kuota batu egiten dira kenkariak aplikatu baino lehen. Hori izango litzateke pertsona bakoitzak bere irabaziengatik ordaindu beharko lukeena
Kenkari hauek aplikatuta edukiko dugun zerga kuota da bakoitzak, urte fiskalean sortutako diruagatik zor duena. Hau horrela izanda, zergatik batzutan kobratzera ateratzen da aitorpena? Galdera normala izaten da jendearen artean. Gauza da urtean zehar atxikipen batzuk ordaintzen joan garela, atxikipen hauek zerga honen aurrerapenak dira eta errenta aitorpena egiten dugunean guk aurreratutako diru hau aitorpenean ateratzen den kuotari kendu behar zaio.
Beraz, argi eduki behar ditugu bi gauza, bata da errentan kobratzea tokatzen bazaigu ez dela oparitzen diguten zerbait. Urtean zehar gehiegi ordaindu dugunaren seinale izaten da eta ogasunak diru hau itzultzeko betebeharra du gehiegi ordaindu baitugu. Eta bigarrena zera da, ogasunak ez digula inoiz aurreratu ditugun ordainketak baino gehiago itzuliko.