Errenta-kanpainaren berrikuntzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

2022ko kanpainan likidazio-oinarria % 5,5 deflatatzen da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 200 euroko aparteko kenkaria berriz aplikatzen da 30.000 eurotik beherako errentetarako

Errenta aitorpena online egiteko aukera | Argazkia: EnpresaBIDEA Errenta aitorpena online egiteko aukera | Argazkia: EnpresaBIDEA

Apirilaren 3an hasi zen errenta-kanpaina Araban eta Gipuzkoan, eta joan den astean ekin zion bideari Bizkaian. Beste berrikuntza batzuen artean, aurtengo errenta kanpainarako 2022an nabarmentzekoak dira inflazioaren ondorioei aurre egiteko hartutako neurriak, krisi energetikoaren aurrean hartutako neurriak eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko neurriak.

Inflazioaren aurrean hiru lurraldeetan hartutako neurrien artean, azpimarratzekoa da 2022ko ekitaldirako likidazio-oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifaren % 5,5eko deflatazioa, eta ehuneko berean handitzen dira baterako tributazioagatiko murrizketa, kuota-murrizketa eta kenkari pertsonalak. Hona hemen berrikuntza nagusiak.

Kuota-gutxiagotzea

Hiru lurraldeetan, aparteko kuotaren gutxitzea luzatzen da, 2022ko zergaldiko prezioen gorakadaren ondorioak arintzeko. PFEZaren zergadunek 2022ko zergaldiari dagokion aitorpenean 200 euroko kuota-gutxiagotzea aplikatuko dute aitorpen bakoitzeko, baldin eta haien zerga-oinarri orokorra 30.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada. Kenkari hori pixkanaka murrizten da, 35.000 euroraino.

Energia-gastuak konpentsatzeko forfaita

Energia-krisiaren aurrean hartutako neurrien artean, gastuak konpentsatzeko forfait % 10etik % 15era igo da hiru lurraldeetan 2022rako, hainbat kontzeptutan: amortizazioan, narriaduragatiko galeran, errentamendu-gastuan, lagapenean edo balio-galeran eta justifikatzen zailak diren gastuen kontzeptuan. Ehuneko hori % 70eraino igotzen da nekazaritzarako eta abeltzaintzarako, eta salgaiak errepidez garraiatzeko jardueretarako.

Salbuespenak ondare-irabazietan

Araban eta Bizkaian, % 50eko salbuespena aplikatzen da sortu berri diren, berritzaileak diren eta zilar-ekonomiari lotuta dauden erakundeen akzioak edo partaidetzak eskualdatzetik eratorritako ondare-irabaziari dagokionez. Salbuespen hori % 100ekoa da lortutako irabazia mota horretako akzioetan edo partaidetzetan berrinbertitzen bada. Bizkaian, gainera, desinbertsioaren unean aplikatu beharreko tributazio-arauak ezartzen dira, eta, horrez gain, galerak konpentsatzeko eskema espezifiko bat arautzen da, inbertsioek porrot egiten badute aplikatuko dena.

Kualifikazio altuko pertsonak erakartzeko neurriak

Hiru lurraldeetan, lekualdatutako pertsonen araubidea hobetu da, kualifikazio handiko profesionalak erakartzeko asmoz. Araubide berezia aplikatzeko epea luzatu egin da 5 urtetik 10 urtera lekualdatutako langileentzat, eta lan-harremanaren etekinetatik salbuesteko ehunekoak % 15etik % 30era luzatu dira.

Gainera, lekualdatutako pertsonak egindako lan bereziki kualifikatuak erlazionatzeko jardueren katalogoa zabaldu da; besteak beste, Bizkaian eta Gipuzkoan, antolaketa, kudeaketa eta kontrol ekonomiko-finantzariokoak; eta Bizkaian eta Araban, merkataritzakoak. Gipuzkoan, lekualdatutako pertsonen araubide berezia zabaldu egiten da, eremu subjektiboa atzerritik Gipuzkoara desplazatutako pertsonetara zabaltzen baita, bi arrazoi berrirengatik: batetik, sortu berriak diren erakunde berritzaileak eratzeko edo horietan inbertsioa egiteko, eta, bestetik, arrisku-kapitaleko funtsak edo sozietateak eratzeko.

Kenkariak ETEetan inbertitzeagatik

Suspertze ekonomikoa bultzatzeko neurri gisa, Bizkaian eta Araban %10etik %25era igo da mikroenpresetan, enpresa txikietan edo enpresa txiki eta ertain sortu berrietan inbertitzeagatiko kenkaria, eta %20tik %35era mikroenpresetan, enpresa txiki edo enpresa txiki eta ertain berritzaileetan edo zilar-ekonomiari lotutakoetan inbertitzeagatikoa.

Enpresen partaidezak Gipuzkoan

Bestalde, Gipuzkoan, entitate enplegatzailean langileek duten partaidetzagatiko kenkaria % 15ekoa izango da gizonak badira, eta % 20koa, emakumeak badira, akzioak edo partaidetzak eskuratzeko edo harpidetzeko zergaldian eskudirutan ordaindutako zenbatekoetatik. Berrikuntza da murriztu egiten dela kenkaria lortzeko eskatzen den lan egindako gutxieneko aldia, hiru urtetik bi urtera pasatzen baita, eta zabaldu egiten da langile bakoitzaren banakako parte-hartzeari buruzko betekizuna.

Eguzki-energiari loturiko kenkaria

Araban eta Gipuzkoan, ohiko etxebizitzako eguzki-energia elektrikoaren hornidurarako egindako inbertsioen % 15eko kenkaria aplikatzen da, 3.000 euroko mugarekin. Aukera ematen da etxebizitzak jabetzan bakarrik izan behar ez izateko, eta errentamenduan, azpierrentamenduan edo usufruktuan izan daiteke.

Aitortzeko betebeharra

Amaitzeko, aitortzeko betebeharrari dagokionez, 2022ko zergaldirako luzatzen da lan-etekin gordinak lortzeko ezarritako muga, eta hortik behera ez dago aitortzeko betebeharrik: 14.000 euro. Diru-sarrerak 14.000-20.000 euro artekoak badira, ez dago aitorpena aurkeztu beharrik bigarren ordaintzaileak eta gainerakoek emandako diru-sarreren guztirako zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa ez bada.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK