Erretiroaren legea moldatzeko nahia ez da berria. 2017 hauteskunde presidentzialetako Emmanuel Macronen kanpainako aldarri edo zutabe nagusietako bat izan zen. Agintaldi erdian, 2020an, hain zuzen, berau garatzeko saiakera egin zuen, baina izurriteagatik, lehenik atzeratu, eta gero, bertan behera utzi behar izan zuen presidenteak. Bigarren agintaldia hasi berritan, berriz ere gaia mahaigaineratu du Errepublikako presidenteak Borne lehen ministroaren gobernuaren eskutik, eta lege berria udararako indarrean nahi luke.
Pentsioen erreformaren arrazoia edo argudioa sistema orekatzea da. Izan ere, COR Erretiroen Kontseilu Orokorren arabera, sistema egoera defizitarioan izan daiteke 2023an eta, gutxienez, 2030 erdira arte. Dena den, jada egin diren egokitzapenei esker, 2070ra arte BPGrekiko gastua orekatua eta egonkorra izango dela aurreikusten du. Hala ere, kontu orokorren defizita orekatu eta langile aktiboen portzentajea igotzea ere badago erreforma honen atzean.
Erreformaz dakiguna: adina
Gaur egun erretiro adina 62 urtekoa da Hexagonoan. Erreformaren zutabe eta arantzetako bat berau 65 urtera atzeratzea izango da. Elkarrizketa sozialean azken puntuetako bat bada ere, Macron presidenteak urriaren 26an France 2 telebista kate publikoan emandako elkarrizketan aurreratu du zein izango den bere abiapuntua: egungo adina modu progresiboan, urtero lau hilabete, atzeratu nahi du 2031an erretiro adina 65 urtean finkatu arte. Horrela, 2025ean 63 urtera atzeratuko da, 2028an 64ra eta, azkenik, aipatutako 65 urteetara hamarkada berria hasten dugunean.
Erreformaren zutabe eta arantzetako bat berau 65 urtera atzeratzea izango da [...] [Horretarako Macronek] egungo adina modu progresiboan, urtero lau hilabete, atzeratu nahi du 2031an erretiro adina 65 urtean finkatu arte
Hala eta guztiz ere, telebista publikoan emandako elkarrizketa horretan bertan aurreratu zuen adina ez dela totem bat, eta langileak kotizazioa igotzeko prest badaude, erretiro adina 64 urtean mugatzeko prest dagoela. Edonola ere, horrek erosahalmena murriztea ekarriko lukeela ohartarazi zuen eta krisi betean ez da berak lehenesten duen formula.
Edozein kasutan ere, automatikoki pentsio osoa jasotzeko adin-muga, 67 urte, ez duela atzeratuko baieztatu du presidenteak.
Kotizazio epeak
Gaur egun, erretiro adina baino lehen erretiratuta pentsio osoa jaso nahi duenak 41 urte eta 6 hilabete kotizatu behar ditu. 2020etik indarrean den Touraine legearen arabera, kotizazio epe hori handitu edo zabaldu egingo da sistemaren oreka lortze aldera. Hala, pentsioa osoa jasotzeko eskubidea lortzeko, hiruhileko gehiago lan egitea ebazten du eta hiru urtean behin, hiru hilabete gehitzen zaizkio zaku horri. Horren ondorioz, 1973 ostean jaiotako langileek 43 urte kotizatu beharko dituzte eskubide hori izateko.
Hala ere, Olivier Dussopt lan ministroak kotizazio hauek luzatzea ez dela aski izango adierazi du sistema orekatzeko, nahiz eta bere gogoeta ez datorren bat arestian aipatutako CORren azterketarekin.
Erregimen bereziak
Adinarekin batera, erregimen berezien moldaketa izango da, segur aski, lege proposamenaren bigarren zutabe eta guduzelai nagusia. Estatu mailan hiru erregimen mota nagusi badaude ere, orokorra, landa eremukoa eta autonomoena, azpi erregimen bereziak aintzat hartuz gero, orotara, 42 estatus berezi daude.
Emmanuel Macron presidenteak bere lehen legealdian puntu bidezko erregimen bakarreko sistema proposatu zuen, baina kalean eta hainbat sektoretan oldarraldi nabarmenak eragin zituen
Emmanuel Macron presidenteak bere lehen legealdian puntu bidezko erregimen bakarreko sistema proposatu zuen, baina kalean eta hainbat sektoretan oldarraldi nabarmenak eragin zituen (besteak beste, SNCFeko —trenbide konpainia publikoa— eta RATPeko —Paris eta inguruko garraio publikoa— langileena). Bere bigarren saiakeran, berau “sinpletzea” izango du jomuga. Telebista publikoan aurreratu zuenaren arabera, hiru erregimen nagusitan banatuko da soldatapeko langile, autonomo eta funtzionarioentzat, oraindik xehetasunak jakitera eman ez baditu ere.
Bestalde, lehen saiakerako oldarraldia gogoan, Dusspot ministroak beste elkarrizketa batean moldaketa honek soilik kontratu berriei eragingo diela aditzera eman du.
Batazbesteko pentsioak
Pentsioaren zenbatekoa, gaur egun, lanean emandako 25 urterik hoberenekin kalkulatzen da. Urte horietako guztietako urteko soldataren batez bestekoaren %50 hartzen da pentsioaren oinarria ateratzeko, nahiz eta puntu bidez eta hainbat hobari bidez oinarri hori handitu daitekeen.
2020ko datuen arabera, estatu mailan erretiroan diren 16,9 milioi pentsiodunek batez beste 1.509 euro gordin jasotzen dituzte hilean, 1.400 euro garbi. Lanaldi osoa izan duten langileentzat gutxienekoa, aldiz, 652 eurokoa da.
2020ko datuen arabera, estatu mailan erretiroan diren 16,9 milioi pentsiodunek batez beste 1.509 euro gordin jasotzen dituzte hilean, 1.400 euro garbi. Lanaldi osoa izan duten langileentzat gutxienekoa, aldiz, 652 eurokoa da
Erreforma berriaren helburua lan bizitza luzatzea bada ere, gaur egun estatu mailan 54 eta 64 urt artean soilik % 53,8 ari da lanean, eta 60 eta 64 artekoetan erreparatzen badugu, portzentajea % 33,1era murrizten da. Gauzak horrela, erreforma berriak funtsean pentsioak jaisteko soilik balio dezakeela salatzen dute askok. Kontuak kontu, ikusi beharko da Macron presidenteak babesak lortzen dituen erreforma gauzatzeko parlamentu guztiz zatitu eta sindikatu mesfidati batzuen aintzinean.