Errotzeaz, bizirauteaz eta lehiakortasunaz

Uvescoren balizko salmentak euskal enpresen mehatxu nagusia mahai gainean jarri du

Uvescoren egoitza korporatiboa, Irunen (Gipuzkoa) | Argazkia: Wikipedia Uvescoren egoitza korporatiboa, Irunen (Gipuzkoa) | Argazkia: Wikipedia

Ez da lehen aldia euskal enpresen errotzearen arriskua kezka iturri dela. Luzea da oso azken hamarkadan saldu diren konpainia ezagunen zerrenda: Kaiku, Transportes Pesa, Ibermática, Bilbomática, Gamesa, ITP, Euskaltel, Panasa-Berlys… Kasu askotan enpresek Euskal Herrian egoitza mantendu badute ere, erabakitze-guneak milaka kilometrotara daude, bai alor bereko multinazional batek erosi duelako, bai inbertsio funts batek enpresaren kapitalaren zati handi bat (gehiengoa, kasu askotan) eskuratu duelako.

Bankuak izan dira enpresen handitzea eta hedapena burutzeko eta, bide batez, erabakiguneak bertan mantentzeko eragile historikoak. Hala, Hego Euskal Herrian aurrezki-kutxen partaidetza industrialen pisua oso handia izan da historikoki. Azken urteotan, baina, kutxen oinordekoa den Kutxabankek desinbertsio nabariak egin izan ditu Europako araudiak bultzatuta. Ibermática edo Euskaltel horren adibide dira. Hala ere, Petronor, Iberdrola eta Ingeteam bezalako enpresetan pisu nabaria du gaur egun euskal finantza erakundeak. BBV bankua, Argentariarekin elkartu aurretik, beste eragile garrantzitsu bat izan zen, Iberduerorekin batera eratutako IBV korporazioaren bitartez.

Hego Euskal Herrian aurrezki-kutxen partaidetza industrialen pisua oso handia izan da historikoki. Azken urteotan, baina, kutxen oinordekoa den Kutxabankek desinbertsio nabariak egin izan ditu Europako araudiak bultzatuta

Egoera erabat aldatu da gaur egun: bazkide eta babesle indartsuren faltan daude euskal enpresak, eta hausnarketa horrek bultzatuta ekimen interesgarriak ikusi ditugu azken urteotan, hala nola Artizarra Fundazioak kudeatzen duen Stellum Capital kapital pribatuko funtsa, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren tresnak edo BasqueFIK euskal finantza eta inbertsio kluster berria.

Tamainaren garrantzia

Euskal enpresen ekosistemaren egitura bera, enpresa txiki eta ertainez osatua nagusiki, bereziki erakargarri egiten du nazioarteko inbertsio funtsetarako eta horrelako eragiketak asko ugaldu dira azken urteotan. Tamainaz gain, euskal enpresa askok familia jatorria izateak salmenta prozesuak erraztu ditu, inbertitzaileen interesa piztuz. Enpresaren sortzaileen oinordekoek, batez ere hirugarren belaunalditik aurrera, ez dutelako negozioarekin jarraitu nahi eta erosketa eskaintza interesgarri baten aurrean saltzea erabakitzen dute.

Private equity deritzo jarduera horri, arrisku-kapitala inbertsio-tresnen bidez burutzen dena. Inbertitzaile batzuek, pentsio-funtsetatik hasi eta inbertitzaile pribatuetaraino, dirua uzten diete kudeaketa-talde batzuei funts horiek enpresen kapitalean inbertitzeko. Inbertsioen epeak ez dira luzeak izaten, eta urte batzuk eta gero desinbertsioa burutzen dute errentagarritasuna sortzeko.

Euskal enpresa asko familia jatorria izateak salmenta prozesuak erraztu ditu, inbertitzaileen interesa piztuz. Enpresaren sortzaileen oinordekoek, batez ere hirugarren belaunalditik aurrera, ez dutelako negozioarekin jarraitu nahi

Azken hamarkada honetako interes-tasa baxuen inguruneak, gainera, erosketetarako gosea zabaldu du. Ohiko merkatuetan errentagarritasuna lortzeko zailtasunak private equity merkatuan arrantzan aritzeko interesa piztu du, inbertsioa burutu eta urte gutxitara partaidetzak prezio altuagoan salduta. Euskal Herrian ere merkatu hori nabarmen hazi da, eta M&A (Mergers and acquisitions) eragiketetan aholkulari aritzen diren enpresak asko ugaldu dira azken urteotan.

Uvesco: erosi, gero saltzeko

Uda partean, El Economista agerkari digitalak plazaratu zuen PAI Partners talde frantziarrak Uvesco enpresan duen parte-hartzea —kapitalaren %70 du— saltzeko asmoa zuela, eta Carrefour taldea balizko eroslea izan zitekeela. Pai Partnersen ohiko jokabidea da.150 herrialdetan baino gehiagotan inbertitzen du talde frantziarrak, parte-hartutako enpresen bitartez 140.000 langile baino gehiagori lana emanez. Batez beste sei urte egoten da inbertitutako enpresetan. Uvescoren kasuan bide laburragoa egingo du, 2021ean sartu zelako. Hiru urte hauetan, baina, ibilbide oparoa egin du, espainiar estatuan bere negozioa modu bizi batean hedatuz eta bere balioa bikoiztuz.

Ikusteko dago Carrefour taldeak ustez erosiko duen bazkide minoritarioak euskal errotzea mantenduko lukeen, bidaide alternatiboen bila ari direlako. Stellum Capital, partaidetza txikia duen bazkidea, gako izan daiteke saiakera horretan, eta Kutxa Fundazioa eta Eusko Jaurlaritza ere sar litezke.

Euskal Herriko beste adibide batzuk

Uvesco ez da Pai Partners taldeak Euskal Herrian duen inbertsio bakarra; Gipuzkoan bertan, Angulas Aguinagaren %50,1 erosi zuen 2020an.

Hala ere, ez da erraza nazioarteko inbertsio tresnek parte hartutako euskal enpresak identifikatzea, batez ere enpresa txiki eta ertainen kasuan. Badira, ordea, kasuak. Urte honetan bertan, martxoan, Erresuna Batuko CVC funtsak jatorria eta egoitza Nafarroan duen Monbake enpresa erosi zuen 1.000 milioi inguru ordainduta. Nafarroako okinen enpresa historikoa da: Panaderías Navarras SA jatorriz, egun Bertiz, Tahona, Berlys edo Orio marka ezagunak kudeatzen ditu. CVC arrisku kapital funtsak, bestade, 86 bilioi euro kudeatzen du parte hartutako enpresen bitartez. Espainiako Futbol Liga, Tendam (Cortefiel) edo Naturgy dira taldeak kudeatzen dituen enpresa ezagunak, besteak beste.

Trilantic Capital Partners private equity talde estatu batuarra da Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun beste eragile bat: azken hilabeteotan sarri hizpide izan ditugun Euskaltel, Talgo edo ITP konpainien kapitalean parte hartzen du.

Trilantic Capital Partners private equity talde estatu batuarra da Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun beste eragile bat: azken hilabeteotan sarri hizpide izan ditugun Euskaltel, Talgo edo ITP konpainien kapitalean parte hartzen du

Araban lantegia duen Talgo konpainia da, Uvescorekin batera, bolo-bolo dabilen beste adibidea. Hungariako Magyar Vagonek bere erosketa proposamena erretiratu eta gero, Espainiako Gobernuaren kontrako jarrerak bultzatuta, bazkide berrien bila dabil Trilantic taldea. Uvescon ez bezala, baina, Talgok finantza bazkideez gain, bazkide industrialak behar ditu eta horretan datza gakoa. Ekoizpen arazoa du Talgok, zorroan dituen eskariei aurre egiteko. Skoda talde txekiarraren aukera jorratu du gobernuak uda honetan, baina saiakerak ez du emaitzarik eman. CAF enpresa gipuzkoarrak ere aspaldi baztertu zuen eragiketan sartzea eta, hortaz, Talgoren etorkizuna konplikatu daiteke bazkide industrialik topatu ezean. Atzo bertan, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak mahaigaineratu zuen bazkide industriala bilatzeko "modu koordinatuan" lanean ari direla aldundia eta Jaurlaritza. Finantza alorretik, aldiz, bideak errazagoa ematen du. Eusko Jaurlaritza bera prest agertu da inbertsiogile gisa sartzeko, eta La Caixaren Criteria inbertsio tresnak ere parte hartu lezake.

Euskal Private Equity

Gurean ere Private Equity industriak urratsak eman ditu, atzerriko neurriekin alderatuta apalak badira ere. Hego Euskal Herriko hainbat enpresarik eratutako Artizarra Fundazioak, esaterako, Stellum Growth eta Easo Ventures funtsen bidez hainbat enpresen kapitalean hartzen du parte.

Informazio gehiago Pío Aguirre: "Egoitza nagusiak galtzea talentua garatzeko gaitasuna galtzea da"

Beste eragile historiko bat Talde da, 1976an eratutakoa eta estatu mailan aitzindarietako bat izan dena. Hainbat sektoretako konpainien kapitalean parte hartzen du Taldek, Nafarroa, Araba eta Bizkaiko enpresetan besteak beste.

Bilboko ABE Capital Partners edo Acurio Ventures (lehenago All Iron Ventures) taldeek ere inbertsio garrantzitsuak burutu dituzte azken urteotan. Azkenik, Jose Antonio Jainaga Sinedorreko presidenteak sortutako Mirai korporazioa ere aipatu beharra dago. Aste honetan bertan bere bosgarren inbertsioa burutu du, Madrilgo Alcoelectro erosita.

Ekimen pribatuaz aparte, nabaria izan da azken urteotan administrazio publikoek burututako lana enpresen sorrera eta errotzea sendotze aldera. Horren adibide dira Nafarroako Gobernuak sustatutako Navarra Tech Transfer funts publiko-pribatua, Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Kutxabanken Ekarpen funtsa, Jaurlaritzaren Finkatuz funtsa edo BasqueFIK klusterra.

Inbertsio funtsak IBEX35n nagusi

Nazioarteko inbertsio funtsen eragina oso nabarmena da kotizatutako merkatuetan. Espainiako enpresarik handienak biltzen dituen IBEX35 horren adibide garbia da. Bertan nabaria da atzerriko funtsen pisua. Hala, BlackRock, Vanguard, Capital Group eta Fidelity funtsek 90.000 milioi euro kontrolatzen dute gaur egun, tartean BBVA edo Iberdrola enpresetan parte hartuz. Lau funts erraldoi horietaz aparte bada bestelako inbertsiogile garrantzitsu mota bat: estatuek kontrolatutako funts subiranoak. Azken datuen arabera atzerriko funtsek Espainiako burtsaren % 45 kontrolatzen zuten, 342.897 milioi euro inguru.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK