Espainiako Gobernuak higiezinen agentzien aurkako ikerketa ireki du

Neurriz kanpoko praktikak burutzeagatik zigorrak 100.000 euroraino irits daitezke

Ustez erabiltzailearen eskubideen aurka egiten dute agentziek | Argazkia: iStock Ustez erabiltzailearen eskubideen aurka egiten dute agentziek | Argazkia: iStock

Espainiako Gobernuak ikerketa bat ireki du hainbat higiezinen agentzien aurka, ustez alokairuen kudeaketan neurriz kanpoko praktikak burutzeagatik. Kontsumitzaileen elkarteek aurkeztutako salaketen ondorioz jarri da martxan ikerketa. Izan ere, agentziek sarri maizterrei kobratzen dizkiete alokairu kontratua formalizatzean sortzen diren gastuak, eta gastu horiek, legez, etxeen jabeek ordaindu beharrekoak dira. Hala zehazten du Espainiako Etxebizitzaren Lege berriak, eta bete ezean, erabiltzailearen eskubideen aurka egiten da.

Kontsumo Ministerioak ohartarazi du praktika hauen ondorioz isunak jaso ditzaketela agentzia horiek. Zigor ekonomikoak 10.000 eurotik 100.000 eurora arte iritsi daitezke. Kasu larrietan, iruzurraren bitartez lortutako etekinak baino sei eta zortzi aldiz handiagoak izan daitezke zigorrak. Ministerioak gogorarazi du ezin zaiela maizterrei behartu klausula gehigarriak ordaintzera, alegia, fidantza gehigarriak edota aldez aurretiko hilabeteko ordainketak egitera.

Kontrara, higiezinen sektorea kezkatuta azaldu da, eta adierazi dute sektorea “desagerrarazteko” estrategia baten parte izan daitekeela ikerketa. Alquiler Seguro, Agencia Negociadora del Alquiler eta Renta Garantizada konpainiak dira, besteak beste, higiezinen merkatuan jarduten duten agentzia batzuk, eta gatazkaren iturri gisa “legearen interpretazio desberdina” aipatu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK