Etxebiden izena eman duten pertsonen kopurua %46 hazi da urtebete eta erdian

Etxebizitza publikoa eskatzen dutenek haien diru-sarreren %45 bideratzen dute, batez beste, alokairura

Alokairu publikoko etxebizitzak | Argazkia: Irekia Alokairu publikoko etxebizitzak | Argazkia: Irekia

Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena eman dute 26.000 pertsonak urtebete eta erdiko epean. Horrek esan nahi du alokairu publikoko etxebizitza eskuratu nahi duten pertsonen kopurua %46 hazi dela, eta Jaurlaritzatik gaineratu dutenez, kopuru horrek “pixkanaka handitzen” jarraituko du. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratu berri duen txostenean azaldu ditu datu horiek guztiak.

Azterlanaren arabera, eskatzaileen %85 emantzipatuta dago, baina zailtasunak dituzte alokairu libreko errenta ordaindu ahal izateko. Izan ere, batez beste diru-sarreren %45 bideratzen dute alokairura. Horrez gain, eskatzaileen %53ak ez du inolako dirulaguntza publikorik jasotzen. Informazio falta omen da horren arrazoi nagusia.

Miguel de los Toyos Eusko Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuordearen ustetan, txostenak Jaurlaritzak zituen aurreikuspenak berresten ditu, eta “baliagarria da, bai egoeraren erradiografia gisa, bai Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren politika publikoak optimizatzeko eta zabaltzeko gida gisa”. Izan ere, “ezohikoa” hitzarekin definitu du Toyosek urtebete eta erdian gertatu den hazkundea. Dirulaguntzen gaineko informazioa indartzea ere beharrezkoa ikusten duela gehitu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK