Etxebizitza babestuen eskaintza %40 handitzeko asmoa iragarri du Jaurlaritzak

Alokairu babestuko 7.000 etxebizitza berri eraikiko dituztela jakinarazi du Denis Itxasok. 36 urte beherako gazteentzat izango dira eraikitako etxebizitzen erdiak

Denis Itxaso gaur legebiltzarrean egindako agerraldian | Argazkia: Irekia Denis Itxaso gaur legebiltzarrean egindako agerraldian | Argazkia: Irekia

Eusko Legebiltzarrean lehen agerraldia egin du gaur Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, eta EAEn etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoari konponbidea emateko konpromisoa berretsi du. Sailburuaren arabera, etxebizitzen eskasiaren eta prezio altuen arazoa "erakundeen arteko, batez ere udalekin lortutako, akordioen bidez eta baliabide gehiago bideratuz" konpon daiteke. Hori dela eta, Jaurlaritzaren plana aurreko legealdiarekin alderatuta etxebizitza babestuen eskaintza %40 handitzea dela nabarmendu du.

Lurzoru publiko nahiz pribatuak mobilizatuz, alokairu babestuko 7.000 etxebizitza berri eraikitzeko asmoa du Jaurlaritzak, eta horien erdiak 36 urte azpiko pertsonentzat bideratuko dira. Azken helburua da 2035ean alokairu sozialeko etxebizitzen parkea bikoiztea, 50.000 etxebizitza izateraino.

Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak 960 etxebizitza babestu eraikitzea aurreikusi du Salburua auzoan, eta hiriko hainbat eremutan 62 etxebizitza birgaitzea. Bilbon, egoera "bereziki larria" dela dio Jaurlaritzak, "lurzoru gutxi dagoelako eta alokairuaren prezioak etengabe ari direlako igotzen". Hartara, Jaurlaritzak aurreikusten du 1.500 etxebizitza babestu baino gehiago garatzea Bizkaiko hiriburuan.

Donostian ere etxebizitza parkea handitu nahi du Jaurlaritzak. Riberas eta Morlans auzoetan 260 etxebizitza eraiki nahi dira, nahiz eta egun "lurraren lagapenarekin" zenbait arazo administratibo izan. Itxasok lankidetza handiagoa eskatu dio Donostiako Udalari, "lurzoruak desblokeatzeko eta hirian eskuragarri dagoen eskaintzan benetako eragina izan dezaketen etxebizitza babestuen sustapen berriak egiteko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK