Bilboko Udaleko Etxebizitza sailak bederatzi milioi euro baino gehiago bideratuko ditu 2025ean, hutsik dauden pisuak mobilizatzeko inbertsioetara, besteak beste. Hala azaldu du gaur Yolanda Diez udaleko etxebizitza zinegotziak.
Astelehen honetan, datorren urterako aurreikusitako bere arloko finantzazio lerro eta proiekturik nabarmenenak aletu ditu, gainerako udal taldeen aurrean, eta azaldu du guztira, 3.782.000 euroko aurrekontua izango du bere sailak.
Halaber, Diezek azaldu du Vivienda Municipales tokiko erakunde autonomoak, 22.877.930 euroko aurrekontua du datorren ekitaldirako. Ssarreren %65 finken errentamendu-errentetatik datoz, eta %35 udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren kapital-transferentzietatik. Inbertsioak gastuaren %40 dira, 9.077.215 eurokoak hain zuzen.
Adierazi duenez, "kopuru horren zati handi bat" etxebizitza sustatzeko erabiliko da. Ildo horretan, aurreratu du Bilboko udalerri osoan tentsionatutako eremuen izendapenarekin jarraituko dutela. "Bilboko herritarren bizitzan eragin positiboa izango duten proiektu garrantzitsuak biltzen ditu aurrekontuak” gehitu du.
Santutxun, Parroco Unceta auzoan, Iralan eta Urizar Dorrean burutuko dituzten birgaitze proiektuak aipatu ditu. Bertan, auzo horien birgaitzearekin jarraituko dute hurrengo ekitaldian, "irisgarritasuna hobetzeko igogailuak jarriz, fatxadak birgaituz, inguratzaile termikoa hobetuz eta plaka fotovoltaikoak instalatuz", Diezen arabera, baita "berdegune txikiak sortuz eta azpiegiturak eguneratuz".