• EKONOMIA
  • Euroguneko inflazioa %5,5en kokatu da ekainean

Euroguneko inflazioa %5,5en kokatu da ekainean

Azpiko inflazioa, aldiz, hazi egin da, % 5,4ean kokatzeraino

Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
2023eko ekainaren 30a
Eg. 2023eko ekainaren 30a

Euroguneko inflazioak beheranzko bideari eutsi dio zortzigarren hilabetez. Urrian %10,6an —bere altuenean— kokatu ostean, %5,5ekoa izan da ekainean, Eurostatek aurreraturiko behin-behineko datuaren arabera. Are gehiago, 2022ko otsailean Ukrainako gerra hasi zenean baino zifra baxuagoa eman du ekainean, %5,9an baitzegoen orduan. Maiatzean %6,1ekoa izan zen. Beste behin, elikagaiak, edariak eta alkohola izan dira prezioetan garestitze handiena izan dutenak —%11,7koa—, nahiz eta aurreko hilabetekoa baino baxuagoa izan. Energia % -5,6an kokatu da, beheranzko salto nabarmena eman ostean.

 

Azpiko inflazioari erreparatuta, ordea, hamarren bat egin du gora maiatzetik, %5,4eraino. Hain zuzen, hegazkortasun handiena duten produktuak alde batera uzten ditu inflazio horrek, elikagaiak eta energia barne. Azpiko inflazioa %5etik %2ra jaistea zailagoa dela gogorarazi zuen atzo Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa departamentuko arduradunak euskal ekonomiaren txostenaren aurkezpenean. Are gehiago, AEBen urtebetean %6aren bueltan izan dela nabarmendu zuen. "Aldagai horrek erakusten du inflazioa nolabait zure gorputzean sartu dela". Datu hori izan ohi da Europako Banku Zentralak erreferentziatzat hartzen duena politika monetarioan erabakiak hartzeko, eta inflazioaren itzalak oraindik luzerako joko duela dirudi.