Europak Shein, Aliexpress eta Temu katemotzean nahi ditu

Orain arte 150 euro azpiko produktuei ez zitzaien aduana-zergen zuzenbidea aplikatzen. Salbuespen horrekin bukatu nahi du Bruselak

Aliexpressen denda bat Bartzelonan | Argazkia: iStock Aliexpressen denda bat Bartzelonan | Argazkia: iStock

Europako merkatu bakarrarekin batera ezarri zen aduana-zergen zuzenbidea, duela 55 urte inguru. Estatu bakoitzak aduanen politikak Europaren esku utzi zituen, eratu berria zen Europako Ekonomia Erkidegoak (EEE) bere eremutik kanpo jatorria zuten merkantzien gaineko eskumena hartu zuelarik. Aduana-zergen zuzenbide EEEren aurrekontuaren zutabea nagusietako bat bilakatu zen. Gaur egun, esaterako, aurrekontuaren %14 suposatzen dute.

Zerga mugen politika ezartzeko orduan, 150 euroko muga ezarri zen, aduanetako lanaren zama arintzeko. Nazioarteko merkataritza ohiko transakzioen bitartez burutzen zen garai horretan, inportatzaile handiek kudeatuta. Merkataritza elektronikoaren agerpenak, baina, joku-zelaia erabat aldatu zuen, eta gaur egun, esaterako, B2C (Business to cosumer) eredua nagusitzen ari da, bitartekariaren (ohiko saltzaileak) zeregina murriztuz. Amazon izan zen hornitzailea eta bezeroa harremanetan jartzeko Market Place eredua nagusitu zuen lehen plataforma eta gerora Asiatik etorritako Aliexpress, Temu edo Shein bezalako aplikazioen loraldia etorri zen. Kontsumo azkarreko produktuak eskaintzen dituzte eta batez besteko erosketak aduana-zergen mugaren azpitik egoten dira kasu gehienetan.

Iruzurraren mehatxua

Datuek merkataritza-elektronikaren gorakada argi azaltzen dute. 2022ko Espainiar estatuko datuei erreparatuta, herritarrek 11,4 erosketa egin zuten batez beste, 70,4 euroko erosketa burutuz, aurreko urtean baino %10 gehiago. Europa osoko datuei dagokienez, 150 eurotik beherako 2.300 milioi produktu inportatu ziren 2023an, eta joerak gora egiten jarraitzen du. Merkatu honetan bada garaile nabarmena den herrialdea, Txina. Bertatik heltzen baitira 150 euroko langara heltzen ez diren produktuen %20. Moda izan da merkataritza elektronikoak nabarmen bereganatu duen sektorea. Espainian, esaterako, Shein marka txinarrak on-line merkatuaren %11ko kuota du, Zararena ia bikoiztuz (%6).

Merkatu honetan bada garaile nabarmena den herrialdea, Txina. Bertatik heltzen baitira 150 euroko langara heltzen ez diren produktuen %20

Zerga-aduanen zuzenbidea ezartzeko salbuespenak abantaila konpetitibo nabariak ematen dizkie Europatik kanpoko produktuei. Alde batetik, zerga mugak eta aduanen tramiteekin lotutako gastuak ekiditzea eta, bestetik, entrega epeak laburtzeko aukera. Onura horiei etekina ateratzeko asmo, saltzaile askok iruzurra egiten dute aduanan merkantziaren balioa aitortzeko orduan. Hala, Europara sartzen diren paketeen %65 azpibaloratuta daudela estimatzen da, aduanen eskubideak ekiditeko. Iruzurrak kalte ekonomiko nabariak eragiten dizkio Europako Batasuneko aurrekontuari, behar diren zerga-mugak ez biltzeagatik.

Brusela produktuen segurtasunagatik kezkatuta

Iruzurraren ondorioak, baina, ez dira soilik ekonomikoak. Aduanen zeregina, zerga biltzeaz gain, inportatutako produktuek Europako araudia betetzen dutela ikuskatzea delako. Europako jostailu enpresen patronalak, esaterako, Temu plataformako jostailuek Europako segurtasun araudia betetzen ez dutela salatu du. Toy Industries of Europe (TIE) elkarteak aurreko urtean plataforman haurrentzako 19 jostailu erosi zituen, eta kasu batean izan ezik, Europako Batasunean saldu ahal izateko aruadia ez zuten betetzen, umeentzako arrisku erreala eraginez.

Hego Koreak ere zaintzapean jarri ditu Shein edo Aliexpress bezalako enpresen produktuak. Seulgo gobernuak azaldu duenez, moda edo kosmetitako hainbat produktutan osagai toxikoen maila onartutakoa baino altuagoa da. Hala Medikamentuen eta Elikagaien Segurtasun Ministeriori eskatuko dio horrelako produktuen merkaturatzea debekatzeko.

Iruzurraren ondorioak, baina, ez dira soilik ekonomikoak. Aduanen zeregina, zerga biltzeaz gain, inportatutako produktuek Europako araudia betetzen dutela ikuskatzea delako

Bruselak 2023ko maiatzean ekin zion aduana-zergen zuzenbidearen erreforma aztertzeari, eta Financial Times egunkariak aurreratu bezala, litekeena da aurki muga berriak ezartzea, 150 euroko langa kenduta.

Low Cost plataforma hauekiko kezka ez da berria, eta Hego Korearen kasuan bezala, Europan badira Fast Fashion ereduari heldu nahi dioten gobernuak. Frantziako Asanblada Nazionalak, esaterako, joan den apirilean aho batez onartu zuen eredu honen kontrako lege proposamena.

Brexitaren aurrekaria

Arauaren erreformak Europatik kanpoko hornitzaileei eragingo lieke. Amazoni ez lieke eragingo  Europako hornitzaileekin egiten du lan kasu askotan baina Temu, Shein edo Aliexpressi bai. Esan bezala, bi ondorio nagusi izango lituzke erreformak, produktuen prezioen garestitzea, zerga-mugak eta tramiteen kudeketa gastuak ordaindu beharko dituztelako, eta, batez ere, entrega epeak luzatzea. Egun, oso egun gutxitan jasotzen dituzte bezeroek erosketak, aduanetan tramiterik ez dutelako betetzen.

Erreformak nola eragingo duen ikusteko bada Brexitaren aurrekaria. Erresuma Batuak eta Europako Batasunak adostutako akordioak ez zien zerga-mugen politikei eragin, bertatik inportatutako produktuak salbuetsita egonda. Aduanetako tramiteak, ordea, ez zituen salbuetsi akordioak. Hala, Erresuma Batutik erosketak burutzen zituzten bezeroek prezioen gehikuntza pairatu zuten, aduanetako tramiteen kudeaketa gastuengatik, eta entrega epeak nabarmen atzeratu ziren.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK