Europako Inbertsio Bankuak eta Adifek 430 milioi euroko mailegua sinatu dute

Abiadura handiko treneko Euskal Y-a zatia finantzatzen jarraitzeko balioko du

Argazkia: Adif Argazkia: Adif

2017az geroztik Hego Euskal Herrian abiadura handiko trena martxan jartzeko etengabeko laguntza eskaini du Europako Inbertsio Bankuak (EIB). Urte horretan sinatu zuten finantzaketa akordioa Adifek eta EIBek, eta hasiera batean 1.030 milioi euroko zenbatekoa onartu arren, 2021ean 1.430 milioi euroraino handitu zen. Orain, bi erakundeek lankidetza akordio horren azken mailegua onartu dute, 430 milioi eurokoa, abiadura handiko treneko Euskal Y-a bultzatzen jarraitzeko. 

EIBren mailegu horri esker, Euskal Y-a, Burgos-Gasteiz linearen arteko lotura, Gasteizko eta Bilborako sarbide berriak eta EAEko hirietako geltoki berriak finantzatuko dira, besteak beste. Euskal Y-a tren bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko diseinatuta dago, abiadura handiko bide bikoitz baten bidez, eta trenbidearen zabalera estandarra izango du.

Gaur egun eraikuntza fasean dagoen lineak 182 kilometroko luzera izango du guztira, eta Gasteiz-Bilbo eta Bergara-Donostia adarrak hartuko ditu, baita bien arteko lotura ere, 16 kilometroko  "Bergarako korapiloa" izenekoa. Astigarraga-Donostia-Irun tartea, Bilboko eta Gasteizko sarbideak eta Burgos-Gasteiz lotura ere proiektuaren parte dira. Obrak aurrera doaz eta dagoeneko hamahiru zati daude eginda, eta beste sei daude egiteke. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK