Europar Batasunak inbertsioak behar dituela baieztatu du Draghik

Inbertsio handia egitea funtsezkoa dela adierazi du EBZko presidente ohiak Txinarekiko eta Estatu Batuekiko konpetentzia mantentzeko

Draghi, gaur goizeko agerraldian | Argazkia: Europako Batzordea Draghi, gaur goizeko agerraldian | Argazkia: Europako Batzordea

Italiar lehen ministro ohiak esan du Europar Batasunak inbertsio masiboak beharko dituela, ekonomikoki Txina eta Estatu Batuen pare egoteko. Ursula von der Leyenek eskatutako Europar Batasunaren lehiakortasunari buruzko txostenean, Draghik azaldu du EBk 750-800 milioi euroko inbertsioak behar dituela, Txina eta Estatu Batuen ekonomiarekin lehiatzeko gaitasuna izateko.

Lehen ministro ohiaren esanetan, “emankorrak izateko bide bakarra Europa guztiz birmoldatzea da”. Hazkunde ekonomikoaren garrantzia azpimarratu du Draghik, baita Europa teknologia berriak sortzeko tokia izatearen garrantzia ere. Txostenaren arabera, azken urteetan Europaren hazkunde ekonomikoa makala izan da, eta Txina eta Estatu Batuekiko aldea gero eta handiagoa da.

Txostenean azaldutako inbertsio horien funtzionamendua nolakoa izango zatekeen argitzeko simulakroak egin dituzte. Simulakro horien arabera, ezinbestekoa izango da inbertsio horiekin ekonomiak ez sufritzeko finantzaketa pribatua, betiere, finantzaketa publikoa areagotzea ere beharrezkoa izango dela ahaztu gabe.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK